«Interneten arriskuen aurrean buruarekin jokatu eta prestakuntza eman behar da»

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 15a, 17:00

Olentzerotan Jakinminez kultur egitasmoaren barruan, bihar, abenduak 16, hitzaldia emango du Mikel Etxarri irakasleak, Internet eta bere erabileraren inguruan. Solasaldia udaletxeko batzar eta ekintza aretoan izango da, 19:30ean.

Zertaz ariko zara solasaldian?

Gaur egun Internetek gure eguneroko bizitzan jokatzen duen rolak hartu duen posizio pribilegiatuaren inguruan, eta horrek gure bizitzan nolako eraginak dituen. Gure eguneroko bizitzan konektatuta egoteak zer suposatzen duen, zer arrisku dituen, zer ondorio izan ditzakeen.

Gazteei zuzenduta izango da?

Gehienbat gazteei begira izango da, baina edozeinek joateko aukera du, beraz mezu orokorrak emango ditugu.

Ia edozein tokitatik eta ia edozein sartu daiteke egun Interneten, baina benetan prestatuta gaude?

Hori da arazo nagusienetako bat. Aukerak erraztu dira, gailuak nonahi ditugu, eta horren ondorioz haurrak txikitatik ohitu egin dira erabiltzen, baina batere prestakuntza jaso gabe, eta inongo irizpiderik gabe. Beti adibide bat jartzen dut: ume batek oinez ikasten duelako ez dugula kalera bakarrik irteten uzten. Gailuarekin ondo moldatzen delako, horregatik pentsatu behar dugu gure seme-alaba trebatuta dagoela horren erabileran? Gure gidaritza beharko lukete esparru horretan; gainera euren bizitzan sekulako garrantzia izango duen esparru bat izanik are gehiago. Ez genuke utzi behar bakarrik deskubritu dezatela mundu hori. Arriskutsu samarra izan daitekeelako, erabilera okerrak izateko aukera ikaragarriekin.

Zein dira arrisku nabarmenenak?

Oso hedatuta dagoen bat, gazteen artean eta heldu dezenteren artean ere bai, gehiegizko erabilera da. Beste bat ziberbullyingarena da, gero eta indar gehiago hartzen ari den jazarpen mota; sexuarekin lotutako erasoak, groominga deritzona; jokoarekin lotutako webguneak ere sekulako arrisku bihurtu dira; arriskuen zerrenda amaigabea izango litzateke, baina debekatzea ere ez da soluzioa. Nire ustez egin beharko genukeena da buruarekin jokatu eta prestakuntza eman jendeak bitartekoak izan ditzan arrisku horiei aurre egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!