Estreinako Azoka Eguna, igandean

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 8a, 09:30
Altzoko I. Argazki Rallyan parte hartu zutenetako batzuk. ANTTON IZTUETA

Olentzerotan Jakinminez ekimenaren bigarren ekitaldia izango da azoka; argazki rallyan 25 parte hartzaile izan dira.

Bi berritasun ditu aurten 20. edizioa betetzen duen Olentzerotan Jakinminez kultur egitasmoak. Horietako bat aurreko igandean egin zen, argazki rallya, eta bigarrena igande honetan, abenduak 11, egingo da: Azoka Eguna. Antton Iztueta Kultura Batzordeko kideak azaldu duenez, «25 postu inguru izango dira. Dozena erdi bat herrikoak izango dira, eta gero gonbidatuek ere parte hartuko dute».

Azoka plazan egingo da, eguraldiak lagunduz gero, bestela frontoian egingo da. Barazkiez gain, hainbat produktu ikusteko, erosteko, eta dastatzeko izango dira. «Herrian ere artisauak baditugu eta horiek ere jarriko dituzte beraien lanak ikusgai», esan du Iztuetak.

Olentzerotan Jakinminez ekimeneko beste ekitaldiak datorren astean izango dira. Batetik, sagardoari buruzko solasaldia eta dastatzea izango da. Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea den Unai Agirre izango da Elordi elkartean. Altzoko zenbait etxe eta baserrietan egiten den sagardoa dastatzeko aukera izango da. Sagardoa dastatzen laguntzeko mokadutxoak ere egongo dira.

Bestetik, ohiko musika emanaldia izango da Loatzo musika eskolako ikasleen eskutik. Horrez gain, Interneti buruz hitzaldia emango du Mikel Etxarri Jakintza Ikastolako irakasleak. Gazteei zuzendutako solasaldia da, baina gurasoentzat ere interesgarria izango da.

Abenduaren 17an izango da azken eguna, eta bertan haurrei zuzendutako emanaldi bat izango da, Olentzero eta bere lagunak izenekoa, eta mitologiaren inguruan ariko dira. Eta ekimena ohiko beste ekitaldi batekin bukatuko da, talo jatearekin. Jende asko elkartzen da egun horretan Elordi elkartean. Izena emateko txartelak udaletxean edota Elordi elkartean erosi daitezke, eta azken eguna hilaren 15a izango da.

BALANTZE ONA

Aurreko igandean egin zen argazki rallya «nahiko ondo» joan zela azaldu du Iztuetak. 25 parte hartzaile izan ziren bi mailak kontuan hartuta. «Zerbait berria egin nahi genuen, eta argazki rallya egitea pentsatu genuen», esan du Iztuetak. «Lehenengo aldia izan da eta horrelakoetan ez dakizu zenbat jende azalduko den. 25 lagun elkartu ziren, ia denak herrikoak, eta alde horretatik gustura gaude». Honakoak izan ziren rallyaren gaiak: bideak, langak, Amalurraren koloreak eta emozioak. Maila bakoitzeko bi sari izango dira. Oraindik ez da zehaztu noiz izango den sari banaketa, hori bai, aurkeztu diren lanekin erakusketaren bat egitea aurreikusten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!