Pago motzak, euskaldunon ondare

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 28a, 10:06

Altzoko Imazen pagoa ondare honen ordezkari gisara aurkeztu da 2017ko Europago Zuhaitza sarira; aitortza hau lortzeak espezie honen zaintza eta bizitza ahalbidetzeko baliabide gehiago izatea ekar dezake. Hala azaldu zuten atzo ilunabarrean, Altzoko udaletxean eskaini zuten hitzaldian, Valentin Mugarza adituak.

Aretoa bete-bete egin zen Valentin Mugarza eta Pilar Zubiarrainen azalpen eta argibideak entzuteko. Zubiarrain herritar eta pagoa dagoen lursailaren jabeak, zuhaitz honek Imaz bertsolariarekin eta bere sendiarekin duen harremana azaldu zuen hitz gutxi batzuetan. Gero, Mugarzak, Altzoko honen antzera babes bereziko zenbat zuhaitz dauden Autonomia Erkidegoan (eskualdean, Altzoko Imazen pagoaz gain, Albizturren bada beste bat: Bidausoro mendian dagoen douglas izeia), ze ezaugarri dituzten eta non dauden kokatuta azaldu zuen. Ondoren, pago kimatu (lepatu, mugarratu) hauen ezaugarri, funtzio eta garrantziaz jardun zuen luze.

Mugarzaren hitzetan, zuhaitz lepatu ondare aberatsa dago Euskal Herrian, Europan erreferentziatzat hartzeko modukoa, batik bat, kopurua eta kontserbatzen duten kalitateagatik. Egur, ikatz eta ganaduen janari iturri ezinbestekoa izan ziren gure artean aurreko mendeko 60. hamarkadara arte erakutsi zuen bideo-dokumentalean azaltzen zen bezala; gaur ez dute funtzio hori betetzen eta, orduan bezala kimatzen ez direnez, hondatzeko eta galtzeko arrisku handia dute. Gainera, badute beste ezaugarri garrantzitsu bat: oso bereziak diren, eta zuhaitz hauetan bakarrik bizi diren, zomorro (intsektu) kabi dira; ekosistema oso aberatsa osatzen dute beren baitan. Altzoko Imazen pagoa, duen historia eta pertsonekiko lotura sentimentala alde batera, euskaldunok egituratutako zuhaitz hauen sinbolo edo ordezkari bezala aurkeztu da Europako Zuhaitz Sarira. Aitortza hau lortuko balu, zuhaitz lepatu edo mugarratu mota honen kontserbazio eta zaintzarako baliabide gehiago lortzeko bidea izan litekeela esan zuen. Nahikoa motibo botoa emateko www.arboleuropeo.es helbidean. Hala eskatu zieten han bildu ziren guztiei, bakoitzari beren ingurukoei konbite hau egin diezaien eskatuz: animatu eta eman zure botoa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!