«Niri poza ematen dit dantzari onak, eta txarrak, pena»

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 3a, 12:48

Resu Balerdik 72 urte ditu, baina gazte baten sasoia du dantza egitean. Bedaion jaio zen, Usurbilen eta Alegian bizi izan da, eta egun Altzon du bizilekua. Familiatik datorkio dantza zaletasuna, eta txikitatik erakutsitako trebezia mantentzen du egun.

Azken Muga kultur taldeak Garoa saria eman zion aurreko larunbatean. Aralar mendilerroko bi aldeak nolabait elkartu eta euskal kultura bizi duten pertsonak saritzea du xede, eta lehenengo edizioan Resu Balerdiri eman diote.

Nola hasi zinen dantzan?

8-10 urte inguru nituela. Oraintxe bezala egiten nuen dantzan, hori gogoratzen dut. Jendea begira harrituta geratzen zen, ikusita nola egiten nuen dantzan adin horrekin. Afizioa familiatik ekarri nuen. Aita zena dantzari oso ona genuen, eta ondorengoak ere dantzan aritzen ginen: hiru anaiak eta hiru arrebak. Inork esplikaziorik eman gabe ikasi nuen.

Noiz aritzen zineten dantzan?

Herriko festetan. Pazkotan ere jartzen zuten soinua Bedaion, eta Eguberrietan ere bai. Dantzan leku askotan egin dut. Senideekin, herrian; herriko festetan elkarrekin dantza egiten genuen. Bestela ere ibiltzen ginen. Ezpainetako soinua jotzen nuen nik, mutil gaztea nintzela, eta anai-arrebak dantzan ibiltzen ziren; baita ingurukoak ere. Garai hartan, soinu hotsa entzunez gero, dantzan hasten ginen.

Asko aldatu da erromeria giroa?

Orduan adinako afizioa ez dago egun dantzarako. Orduan soinu hotsa entzunez gero, dantza egin gabeko egunik ez zegoen. Orain, berriz, soinua ari dela jendea ez da ateratzen hainbeste dantzara. Ez dakit atentzioa emateko edo nekatzeko beldurra den, baina ez dago garai bateko afiziorik. Lehen, dantzan hasten ginenean, ez zekiena lotsatuta egoten zen, ateratzeko beldurrez. Eta, iluntzen zuenean, faborez eta faborez eskatzen zuten dantzan egiteko beraiekin.

Eta egun guztia irauten zuen erromeriak?

Orokorrean arratsaldez izaten zen. Dantza saioa izaten zen lekuetan, eguerdia bitarte izaten zen hori. Bedaion, esaterako, bi taberna zeuden, eta horien atarietara joaten ginen dantza egitera. Gero, arratsaldean hasten zen soinu jotzailea plazan, eta, iluntzera arte, hautsa aterata dantzan. Gaur egun ez bezala, hormigoiarekin eginiko frontoirik ez zegoen orduan. Jende asko egoten zen begira, kanpotik joandakoa ere bai. Orain ere Bedaion adina dantza egiten den tokirik ez dakit egongo ote den. Aurtengo festetan ere jende asko ibili da dantzan.

Soinu jotzaileentzat garrantzitsua izango da jendea dantzan aritzea, ezta?

Animoa ematen die horrek. Inor ez badabil dantzan, ez dakite ondo edo gaizki ari diren; oso desilusionatuta geratzen dira.

Dantza egiteko modua ere aldatu da?

Horrek, niretzat behintzat, igualtsu jarraitzen du. Batzuek esaten dute buelta emateko garaian zenbait soinu jotzailek geldixeago jotzen dutela egun. Zaharrei entzun izan diet esaten ezin dutela asmatu buelta emateko garaian, batzuek geldi samar ematen dutela-eta.

Musikak agintzen du noiz eman behar duzun buelta, eta gainontzekoak ere bai. Batzuk ez dira jabetzen; haiei berdin die soinu jotzaileak azkarrago jo edo mantsoago. Dantzaria dena segituan jabetzen da nola ibili behar duen.

Dantzarien jardunak eragiten al die soinu jotzaileei?

Dantzari onari begira soinu jotzaileak errazago jotzen omen du. Gu eraman gintuzten Lasturrera grabaketa batera, ni eta lagun bat, soinu jotzailea grabatzen ari zela-eta guk dantzan egiteko. Guri begira jarri eta beste erraztasun batekin aritu zen jotzen. Dantzari txarra baldin badu, ezin dio hari begiratu, bestela galdu egingo litzateke.

Erromeriek badute etorkizunik?

Niri iruditzen zait baietz, gero ere izango direla dantza egitea gustatzen zaienak. Oraindik badaude dezente dantzatzea gustuko dutenak, baina lehengo irrikaz ez ditut ikusten gazteak. Lehen, soinu jotzailea hasi eta bukatu arte ibiltzen ginen. Nik, behintzat, nahiko nuke jendeak jarraitzea. Soinu jotzaile onarekin eta lagun dantzari onarekin, jaten baino gusturago ibiltzen naiz ni orain ere, 72 urterekin. Bi-hiru orduz dantzan aritzeko arazorik ez dut.

Erromeria kuttunik baduzu?

Bedaio, Ugarte, Zelatun, Zumarragako Santa Isabel, Altzo, Lazkaomendi, Azkarate sanferminetan… Altzagaratera urtero joaten naiz; han jatekoa eta edatekoa debalde ematen zidaten dantza egiteagatik. Ezkiora eta Itsasora ere bai, urtero deitzen zidaten bertatik. Festa giroa jartzeko leku askotatik deitu izan didate; egun ere bai. Hori bai, lagunekin hobeto izaten da. Lagun txarrekin baino, dantzan bakarrik hobeto aritzen da.

Erakutsi izan duzu?

Orain badut dantzan ikasteko ilusio ikaragarria dun mutil gazte bat. Esandakoak hartzen ditu, eta oso ondo aritzen da. Bera gustura, eta ni ere bai. Niri poza ematen dit dantzari onak, eta txarrak, pena. Dantzari onarekin ez naiz inoiz ikaratu; txarrarekin bai.

Txapelketetan aritu zara?

Ez naiz izan, ez. Esan bai, mutil gaztea nintzela, 16-17 urte inguru nituela, txapelketara joan behar nuela. Orduan ez zen orain bezalako aukerarik gauza horiez jabetzeko. Egiten zirela txapelketak bai, baina bertara joatea beste kontu bat zen. Zerainen ere parte hartzeko komentatu zidaten, 50 urtetik gorakoentzako txapelketan, baina nirekin bikote aritzen zena Benidormen ze-goen, eta ezin izan genuen parte hartu.

Dantzan ibili zaren leku bereziren bat?

Azken Muga proiektuan erabili duten aulki erraldoi horretan aritu naiz, Altzon eta Zaraten. Zorabiatuko ote nintzen esaten zidaten, alturarengatik, baina ez, gustura aritu nintzen. Banku baten gainean ere egin izan dut dantzan, tabernaren batean.

Zure ofizioetako bat artzainarena izan da.

Txikitatik ezagutu ditut ardiak etxean. Beti gustatu izan zaizkit, eta soldaduska bitartean artzain ibili nintzen. Soldaduska egin eta gero Lasarteko Michelin fabrikan aritu nintzen lanean. Fabrikatik kanpo, berriz, anaiarekin basoan ibiltzen ginen. Ezkondu eta gero, Alegian bizitzerakoan, Altzoko baserrian ardiak jarri nituen, eta fabrikan eta ardiekin aritu nintzen, bi lanak eginez. Orain ere ardiak baditut.

Hemendik aurrera ere dantzan jarraitzeko asmorik baduzu?

Gauza naizen arte jarraituko dut dantzan; niri osasuna ematen dit. Etorriko da egun bat segitzerik ez dagoena, eta orduan utziko diot. Bien bitartean jarraituko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!