«Helegiteen gaian ez da askorik aldatu 25 urte hauetan»

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 26a, 11:49

Orain 25 urte Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatu zenean, lehenengo lehendakaria Antton Iztueta izan zen, orduan Altzoko Udalean zinegotzia. Uemara herri gehiago erakartzea eta herritarren euskara erabilera igotzea dira Iztuetarentzat aurrera begirako erronkak.

Nola izan zen zure izendapena Uemako lehendakari moduan?
Euskal Herrian Euskarazek mozio batzuk banatu zituen udaletan, euskararen inguruan arau batzuk onartzeko. Eta zenbait udaletan onartuak izan ziren. Gero ikusi genuen horri forma legal bat eman behar zitzaiola. Orduan animatu ziren lehen 19 herrietatik gehienetan alkatetza Herri Batasunak zuen, eta niri proposatu zidaten lehendakari izatea, eta onartu egin nuen.

Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Guk euskara erabiltzen genuen naturalki, egun erabiltzen den moduan, gaur arnasguneak deitzen diren herri hauetan. Baina administrazioan erdaraz funtzionatzen zen. Horri itzuli bat eman behar zitzaiola ikusten zen, eta hori egiteko tresna egokia iruditu zitzaigun mankomunitate bat osatzea, eta babes legal bat izateko bai zinegotziek, eta baita udal langileek ere, batez ere idazkariek. Lehenengo lana idazkariak-eta konbentzitzea izan zen euskaraz ere lan egin zitekeela. Uema osatu zenean, laster hasi ziren trabak. Estatuko abokatuak helegitea jarri zien erabakiei, eta horrek urduritasuna sortzen zuen idazkariengan. Eta nik uste dut egoera horrek gaur eguneraino iraun duela, helegiteak astero izan dira eta. Bestalde, denbora dezente pasa genuen bisitak egiten beste herrietara, gonbita eginez mankomunitatean sartzeko.

Urte hauetan zer aldatu da?
Helegiteek gaur egun arte jarraitu dute. Zentzu horretan ez da askorik aldatu nire iritzian. Bestalde, Uema hazten joan da. Gu 19 herrirekin hasi ginen, baina gaur egun 70tik gora dira. Izugarrizko jauzia da alde horretatik. Gainera EAJ eta EH Bildu ados jarri dira udal lege berri bat egiteko. Proiektu horrek jasotzen ditu euskararen aldeko oinarri sendoak eta horrek babes gehiago emango die udaleko langileei beraien lanean.

Aurrera begira zein dira erronkak?
Atal ezberdinak daudela uste dut. Batetik, Ueman sartu daitezkeen herriak: orain daudenak baino gehiago dira kanpoan daudenak. Horiek erakarri behar ditugu. Bestalde, Uemak zerbitzuak ematen ditu herrian, udaleko langileei, eta baita komertzioei, elkarteei... ere. Baina aldi berean ikusten dugu herritarren atalean euskararen erabilera pitin bat behera doala. Hori da beste erronka bat.

UDALERRI EUSKALDUNEN EGUNA, LEITZAN

Leitzan ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna larunbat honetan, maiatzaren 28an. Goizean Uemaren batzar nagusia egingo dute, eta eguerdian, berriz, ekitaldi instituzionala. Maiatzaren 5ean ekitaldi instituzionala egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Aizarnazabalen, eta larunbat honetan «modu herrikoiagoan eta jai giroan» ospatuko dute urteurrena Leitzan. «Festa eta aldarrikapena» uztartzeko eguna izango dela jakinarazi dute Uematik.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako. Goizeko batzar nagusian Ueman sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dituzte: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Horren ostean arnasguneen tailerra egingo dute, Uemak eta udalek antolatua. Normalizazioan erabakigarri diren elementuak identifikatu, eta topatzen diren hutsuneak gainditzeko herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartuko dute gerturatutakoek. Horrez gain, Uemaren batzar nagusia, ekitaldi instituzionala eta flash moba egingo dituzte goizean. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egongo da, eta bazkalostean kantu zaharren kantaldia egingo dute, Angel Mariezkurrena abeslariarekin. Arratsaldean, DJ Porru haurrentzako ikuskizuna eta elektrotxaranga ibiliko dira herrian zehar, eta eguna amaitzeko, kontzertuak Atekabeltz gaztetxean.

Tolosaldeko 15 herri daude egun Ueman: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!