'Altzoko Haundia' txotxongilo-opera igandean estreinatuko dute Donostian

Ataria 2016ko martxoaren 16a

Irailean bi aurrestreinaldi egin zituzten; bata TOPIC Zentroan, eta bestea Charleville-Mezieres hiriko (Frantzia) nazioarteko txotxongilo jaialdian. Igandean bi saio izango dira Donostian.

Migel Joakin Elizegi Altzoko Handia-ren bizitzan oinarritutako haurrentzako txotxongilo-operaren lehen emanaldiak eskainiko dituzte igande honetan Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Bi saio izango dira: 12:00etan eta 18:00etan.

Donostia 2016k eta Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak sortu dute ikuskizuna, Emmanuel Marquezen zuzendaritzapean. David Azurza altzotarra izan da musikaren sortzailea eta Koldo Izagirrek idatzi du liburuxka. Txotxongiloak berriz, Nestor Basterretxearenak dira.

Antzezle lanetan La Enananaranja antzerki konpainia arituko da, eta horiez gain, Orfeoi Txikiko 30 haur inguru arituko dira kantuan. Ikuskizuna "kalitate handikoa" dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta nazioartean ere interesa piztu duela argitu dute, Errusiatik, Hegoafrikatik edo Espainiako zenbait hiritatik eskaintzak jaso baitituzte dagoeneko.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 6, 9 eta 12 euroko salneurrietan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!