[Herriz herri] Altzo: Eginkizun faltarik ez

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 11a, 09:07

Udal agenda egitasmoz beterik du Altzok. Martxan jarri direnei eutsi nahi die udalak, eta beste batzuk bideratzen ari da. Horien artean bi nabarmendu daitezke: kaolin meategiei irtenbidea ematea eta ur ustiapenaren inguruan erabakiak hartzea.

Mahai gainean hainbat egitasmo ditu Altzoko Udalak, bai martxan jarritakoak, eta baita aurki abian jartzekoak ere. Euskararen arnasguneetako bat da Altzo, eta bide horretan jarraitzeko, euskara ikasteko helduen talde bat jarri dute martxan ikasturte honetan. Horrekin batera, mintzalaguna egitasmoa ere abian jarri dute, hainbat herritarren konpromisoarekin. “Aurrera begira hori finkatu eta indartzen joan nahi dugu”, esan du Joseba Elduaien alkateak.

Hondakinen gaiari dagokionez, bide onetik doazela dio alkateak. “Etxez etxeko erronda bat egin da, azaltzeko berriro nola sailkatu behar ziren hondakinak, zalantzak argitu, eta kezkak elkarbanatzeko. Egun, gaikako bilketaren portzentaia oso altua dugu. Organikoa herrian bertan kudeatzen dugu dena. Horregatik, birziklatzen dugunaren datu erreala jakitea zaila da, organikoa ez baita jasotzen. Konpostari dagokionez, hobeto nola txikitu dezakegun aztertzen ari gara”.

Zenbait obra bideratu dituzte herrian legealdi honetan, tartean udaletxe azpiko lokala berritzea. “Eguraldi txarra egiten duenean eta asteburuetan asko erabiltzen da. Zaharkituta zegoen, eta hori berritu dugu”. Hamabi urte inguru arteko haur eta gaztetxoek erabiltzen dute lokala. Beste bi lokal ere badaude gazteek erabiltzen dituztenak. Eskola azpian dagoen lokal bat 12 eta 16 urte bitartekoek erabiltzen dute: “Beraiek kudeatzen dute, laguntza pixka batekin”. Eta 16 urtetik gorakoek orain gutxi gaztetxea sortu dute, udalak utzitako beste lokal batean.

Otsabiope gaztetxea hango kideek autogestionatzen dute. “Lokala uzterakoan eskatu zitzaien bakarra izan zen urtero ekitaldi batzuk antolatzeko konpromisoa hartzea”. Elduaienek azaldu duenez, oso positiboa da gaztetxe bat sortu izana: “Badakigu etorkizuna herri batentzako gazteak direla. Eta ikusten da giro ona dutela. Oso pozik gaude martxan jarri delako”.

Egindako beste egitasmo batek udaletxe azpian jarritako desfibriladorearekin zerikusia du. Lehen sorospenen inguruko bi ikastaro egin dituzte, eta 35 herritarrek parte hartu dute. Udalaren asmoa da urtero ikastaroak errepikatzea.

Aurrera begira

Mahai gainean ere baditu udalak aurki martxan jarriko diren egitasmoak. Horietako batek kaolin meategiekin zerikusia du. Papergintzarako ateratzen zuten bertatik kaolina, eta orain dela hamarkada batzuk itxi ziren. “Azalera handia hartzen dute meategi horiek. Hasieran behe aldera hasi ziren zuloa egiten, baina gero pixkana lur azalera joan ziren, eta horrek arriskua sortu zuen”. Alkatearen arabera, zuloak egiterakoan zutabeak jartzen zituzten, ez hondoratzeko, baina urak pixkana zutabeak higatu ditu, eta hondoratzeak izan dira. “Bere garaian bi baserri jan zituen. Zulo handi bat dago eta horri irtenbidea eman nahi diogu”.

Zuloa dagoen lursailak pribatuak dira, eta horrek esku hartzea zailtzen du. “Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin ditugu gaiari heltzeko, eta irtenbidea modu ordenatuan emateko akordio batera iritsi gara”, zehaztu du alkateak. “Zuloa sortu zen lursaileko jabeekin akordioa lotzen ari gara, eta udalak hektarea bat erosiko du. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, hektarea horren berreskuratzea lantzeko. Aurreneko pausoa ematen ari gara meategien arazoari irtenbidea emateko”.

Bestalde, Batzarremuño eraikinean zenbait berrikuntza egiteko asmoa du udalak. Hain justu, han dagoen erabilera anitzeko gela handi bat hornitu nahi dute: proiektorea, bozgorailuak, taulatua… Beste berrikuntza batzuk Elordi elkartearen ondoan dagoen zelaian egin nahi dituzte. “Iturri bat jarri, mahai eta eserleku batzuk, argiteria indartu…”.

Ur ustiapena hizpide

Aurki landuko duten beste gai garrantzitsu bat ur ustiapenarena da. Egun herriak Ur Partzuergoarekin zerbitzu integrala kontratatuta du. “Orain hamar urte sinatu zen hitzarmena, eta aurten bukatzen da. Gure asmoa da gai honen inguruan informatzea. Ur Partzuergoko zuzendaria etorriko da Altzora azalpenak ematera. Horretarako batzarrak antolatuko ditugu, gai honen inguruko eztabaida egiteko eta denon artean erabakitzeko aurrera begira zer egingo dugun”.

Beste gai bat garraio publikoarena da. Tolosaldean herri txikientzat eskaripeko zerbitzua jarri zuten iaz, eta Altzo da zerbitzua gehien erabiltzen duen herria. “Ikusten dugu sistema horri oraindik eta etekin handiago atera diezaiokegula. Harremanetan gaude aldundiarekin ordutegian zenbait aldaketa egiteko, eta geltokiak izango direnetan egokitzapen batzuk egiteko”. Elduaienek esan duenez, helburua da ahalik eta auto gutxien erabiltzea. Gaiarekin lotuta, eskolarekin batera kontzientziazio kanpaina bat egingo dute udaberrian. Bestalde, bidegorri bat margotuko dute plazatik eskolaraino.

Uda aurretik martxan jarri nahi dute Altzoko Erraldoiari buruzko egitasmo bat. “Laguntza eskaera egin genuen turismoa bultzatzeko. Ezezkoa eman digute, baina gutxieneko bat egin behar dela uste dugu”, dio alkateak. Erraldoiari buruz informazio panelak jartzea aurreikusten dute plazan, frontoian eta Altzo Azpin.

Era berean, herriko webgunea berritzen ari dira, eta berrikuntzen artean Elduaienek bat nabarmendu du: “Nekazarien txokoa jarri nahi dugu. Helburua da herrian norbaitek zerbait eskaintzeko badu, horren berri ematea. Horretarako Arrima elkartearekin jarri gara harremanetan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!