«Dekoratuei bizitza eman ezean, dekoratu huts dira»

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 11a, 21:06

Film zerrenda luzea sinaturik du Lierni Izagirrek. Urte luzeko lana du kameren atzean, dekorazio sailean, 'Accion Mutante'-rekin hasi eta 'Amama' bitartekoa.

Bizitzaren erdia baino gehiago darama filmaketetan barneratuta azken urte luzeetan Altzon bizi den Lierni Izagirrek (Tolosa, 1969). Azken urteetako euskal film gehienetan parte hartu du. Baina, bere aurpegia ez zaigu ezaguna egiten, atzean dagoen lantalde handian aritzen baita lanean. Dekorazioko departamentuan egiten du lan, eta bere esperientzia luzeari eta filmen atzean dagoen lanari buruz hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin.

Zuri buruz irakurri dut, atrezzoko arduraduna, arte zuzendaria, argazki zuzendaria, zuzendari artistikoa, casting-eko arduraduna, etab. izan zarela. Norbaitek zure lanbideari buruz galdetzen dizunean, zer zarela esaten duzu?
Nik beti esaten dut zineman, dekorazio sailean aritzen naizela. Batzuetan gauza batean eta besteetan bestean. Osatzen dugun taldearen arabera, batek gauza bat egiten du, besteak bestea... Denetatik egiten dut azkenean.

Nolatan iritsi zinen horretan lan egitera?
Nik Andoaingo Soinu eta Irudi eskolan ikasi nuen. Han ez nuen dekorazioari lotutako ezertxo ere egin, baina hortik talde nahiko handia atera zen. Niri betidanik gustatu izan zitzaidan dekorazioa, baina duela hogeita bost urte inguru ez zegoenez aukera handirik han sartu nintzen. Nire lehenengo pelikula Alex de la Iglesiaren Acción Mutante izan zen, Madrilen. Han jada dekoratuarekin hasi nintzen lanean. Niretzat esperientzia oso ona izan zen. Asko ikasi nuen pelikula horretan, efektu eta dekoratu pila bat zituen. Jarraian, La Ardilla Roja egin nuen. Amaitu, eta gure lanean ohikoa den moduan ez dakizu noiz deituko dizuten berriro. Horregatik, bi urtez zurgintza ikasi nuen. Ordutik pixkanaka lanean aritu naiz, orain arte.

Eta lehen aukera hura nondik sortu zitzaizun? Nola parte hartu zenuen horrelako film batean lehen aldiz?
Nire senarra Andoainen ikasketak egiten ari ginela ezagutu nuen, eta berak Bilbon pelikula bat egin zuen. Bertan filmeko zuzendariak ezagutzeaz gain, Alex de la Iglesia ezagutzeko aukera izan zuen. Bere filma egitera joan behar zuen Madrilera, eta berarekin joatea proposatu zidan, lan egin nahi nuela bertan adierazteko. Adin horretan ez nuen zalantzarik izan, eta berarekin Madrilera joan nintzen. Kobratu gabe ere, bertan lan egiteko prest nengoela esan nien, mundu horretan sartzeko besterik ez bada. Gelditzeko esan zidaten, eta oso esperientzia ona izan zen. Giro oso ona zegoen, lan asko egin nuen eta horrela hasi nintzen.

Hortik aurrera pelikulak bata bestearen atzetik egin dituzu, ezta?
Bai, pila bat egin ditut. Madrilen lan asko egin nuen denboraldi bat izan nuen. Gero haurrak izan nituen, eta bata eta besteagatik hemengo filmak egiten hasi nintzen. Eta hemen ere gustura.

Zer da zure lanetik azpimarratuko zenukeena?
Ikusi duzun bezala, nik denetatik egin dut, baina adibidez niretzat ofizio gustukoena filmaketako atrezzolariarena da. Momentuan egin beharreko lana da, filmaketako eszenak osatzen dituzu, aktoreekin asko egoten zara, pelikula egiten ari den momentu horietan hor egoten zara eta zerbait gertatzen bada momentuan konpondu behar duzu. Horregatik, beharrezkoa da baliabideak izatea eta hori da niri gehien gustatzen zaidana. Erregiduria ere egiten dut. Polita da, baina denbora guztian kotxearekin ibili behar izaten duzu, ezinezkoak diren gauzak lortzen... Etxera joan eta ez dut lorik egiten ez dakidalako guk nahi duguna etorriko ote den... Baina, esan bezala niri atrezzoarekin lanean aritzea gustatzen zait gehien, eta horretarako denetatik jakin behar da.

Pelikularen arabera, asko aldatzen al da zure lana?
Pelikula bakoitza desberdina da, ez dute zerikusirik. Gauza batzuk badaude denetan errepikatzen direnak, baina lekua edo eszena beti da desberdina, eta baita egin beharrekoa ere. Pelikula grabatzen den lekuak ere asko esan nahi du. Batzuetan etxe batean izaten da, eta beste batean egunero leku desberdinean grabatu behar dugu. Bestalde, gure lanetik asko gustatzen zaidan beste gauza bat da, beste inor sartzen ez den lekuetan sartzen garela, jauregietan, etab.

Zeri ematen diozue garrantzia dekoratu bat sortzerakoan?
Batzuetan dekorazio batean dena egin behar da, hormak eta guzti. Pelikularen gaiaren arabera ere asko aldatzen da, baina niretzat esaterako giroa sortzea oso garrantzitsua da. Gauzek bizitza izatea, zeren dekoratu batzuei bizitza ez badiezu ematen dekoratu hutsa izaten dira eta mahai bat edo pareta bat jartzen baduzu bizitza errealean nola gastatuta dagoen ikusten duzu, nola dauden denbora pasa eta gero. Eta pertsonaiekin ere berdin. Pertsonaia batek boligrafo bat badauka, hori ere ondo pentsatuta dago nolakoa izango den: kolorea, zer motatakoa den... Beharrezkoa da pertsonaia ondo ezagutzea eta berari buruzko galderak egitea. Edo adibidez, Arriya filma egin genuenean erregidora izan nintzen, eta idi proba guztietara joaten nintzen; batekin eta bestearekin ikasten egon nintzen. Ni 70. edo 80. hamarkadako dekoratuak egiten zoratu egiten naiz, gauza desberdinak egitea gustatzen zait.

Zaila izango da gauza txikiena ere lotuta izatea, ezta?
Bai, zaila baina polita. Gainera, batzuetan zuzendariak oso zorrotzak izaten dira, eta eskatu dizuten gauza zehatza sortzea edo lortzea oso zaila bada ere, egin, egin behar duzu. Gauza horiek asko kontatzen dute pelikulan, informazioa ematen dizu.

Madrilen eta Euskal Herrian lan egin izan duzunez, nabaritzen al da aldaketa lan egiterako orduan?
Bai, asko! Lana norekin egiten duzunaren arabera aldatu daiteke baita, baina desberdina da. Nire ustez Madrilen teknikoak profesionalagoak dira, ez denak. Azpiegitura desberdina da. Batzuetan positiboa da eta beste batzuetan ez hain ona, gauza guztietan bezala. Hemen gutxi gora-behera betikoak izaten gara, eta batzuetan aldatzea ere ona izaten da, baina gure artean oso-oso ondo ematen gara. Gainera, elkarri asko laguntzen diogu. Ni dekorazioko sailean nago, baina jantziteriakoei edo argiztatzekoei ere laguntzen diegu. Azkenean, produktua berdina da, eta denok bat egin behar dugu produktua ondo ateratzeko.

Egun telesail baterako lanean zabiltza. Zer edo zer aurreratzerik izango al zenuke?
Asko ezin dut kontatu, baina ETB1en eskainiko den Eskamak kentzen telesailean parte hartzen ari naiz. Dekoratu guztiak ETBn ditugu, baina Mutrikun kokatuta dago, eskabetxe lantegi batean. Istorioaren abiapuntuan, Il Tre Veliere kontserba lantegiak hondoa jo du. Jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, aldiz, lantegia erosi eta kooperatiba bat sortuko dute, eta hor saltsa.

Bertan zein da zure lana?
Atrezzoan nabil, baina bi pertsona bakarrik gaude eta denetatik egitea tokatzen zaigu.

'Loreak' filman ere parte hartu zenuen. Orain izugarrizko arrakasta izaten ari da eta Oscarretara ere badoa. Zuk parte hartu duzun pelikula batek horrelako arrakasta izatea nola bizi duzu?
Filmaketako atrezzolari lanetan aritu nintzen, eta niretzat luxua izan zen bertan parte hartzea, Jon Garaño eta Joxe Mari Goenagarekin lan egitea luxua da. Denok oso pozik gaude arrakastagatik, eta hemengo pelikula bat izatea oso positiboa da denontzako, baita Euskal Herriko zinemagintzarako ere.

Arrakasta hori sarri zuzendariek edota aktoreek jasotzen dute, baina atzetik lanean aritzen zaretenen lanak ez du horrelako oihartzunik izaten. Nola bizi duzu hori?
Oso ondo. Gu oso pozik gaude proiektu horiek egiten, eta parte hartze hutsa guretzako oso positiboa da. Gure lana ere errekonozitzen dute, eta pelikulak arrakasta izan badu, produktua ona izan dela esan nahi du, arlo guztietan egindako lana izan da ona.

'Loreak' filman irudiak eta estetikak garrantzi berezia zuen. Oso ongi neurtua zegoen, ezta?
Bai. Beti egiten da lan asko, jendeak askotan ez daki irudi baten atzean zer nolako lana dagoen.

Zine zuzendari askorekin lan egiteko aukera izan duzu: Alex de la Iglesia, Josu Bilbao, Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa, Borja Cobeaga, Jon Garaño...
Zuzendari desberdinak dira, eta lan egiteko modu oso desberdinak izaten dituzte. Oso zorrotzak izaten dira, zeren badakite zer nahi duten eta gero emaitzan ere nabari da hori.

Norbaiten lana azpimarratuko zenuke?
Euskal Herriko zuzendari guztiak aipatuko nituzke: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Altuna, Telmo Esnal, Borja Cobeaga... Txapela kentzeko moduko lana egiten dute eta gainera, lagunak gara. Nahiz eta, lanean zorrotzak diren. Adibidez, arrakasta handia izan duen Amama filmean ere parte hartu nuen, eta oso ondo egina dago. Asier Altuna zen zuzendari, eta niretzat luxua izan da bertan parte hartzea. Edozein lekutan gertatu dira horrelako gauzak, eta horregatik mundu guztiari ailegatzen zaizkiola iruditzen zait.

Eta pelikula bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke? Zergatik?
Lehenengo egin nuen Acción Mutante bai behintzat , eta beste asko ere bai. Batzuetan pelikula oso onak izan direlako, eta beste batzuetan hain onak izan ez arren, elkarrekin izan dugun harremanagatik gogoratzen ditudalako, oso ondo pasa dugulako, betirako lagunak egin ditudalako... Batzuetan filmak irauten duen bitartean familia ia ez duzu ikusi ere egiten, eta horretara egoten zarenean bestelako gauza horiek eragin handia dute.

Beraz, filmaketak irauten duen denbora horretan, beste ezertarako denborarik gabe ibiltzen zarete.
Gaur egun aurrekontu txikiagoak izaten direnez zazpi edo bost aste irauten dute filmaketek, eta egun horiek oso biziak izaten dira. Egunero hamar orduko filmaketa egiten dugu, gehi bazkaria eta horrez gain, gauzak biltzen behar dugun denbora eta etxera joan-etorrian behar duguna, etxera 15-16 ordu pasata iristen gara. Lo egin, eta hurrengo egunean buelta. Lo izan ezik beste guztia batera egiten dugu, eta beraz, oso ondo ezagutzen dugu elkar.

Beti esaten dute zine munduko lana ez dela ziurra izaten. Nola bizi duzu zuk ziurtasun falta hori?
Oso ondo. Nire senarrak ere mundu honetan lan egiten du, makinista. Txandaka egin izan dugu lan eta moldatu gara. Batzuetan filma berdina egin izan badugu elkarrekin, beti ere eskola garaian eta lagunen bat etorri izan zaigu Altzora laguntzera. Baina, hori gertatzen da zinemagintzan orokorrean.

Zuk nola ikusten duzu euskal zinemagintzaren egoera?
Oso ondo. Hemen proiektu asko daude, eta Loreak filma adibidez momentu honetan Oscarretara joateak, ate asko irekitzen dizkigu guztioi. Euskal Herriko zinemarentzat ona da. Ateak irekitzeak dirua ekartzen du, eta horrek euskal zinemarekiko apustua areagotu dezake.

Zuk urte hauetan guztietan zinemagintzak izan duen bilakaera ere ikusiko zenuen.
Bai, aldaketa handia izan da. Esaterako orain digitala da dena, lehen bobinaren metroen arabera grabatzen zen, eta sekuentzia bat errepikatzeak asko suposatzen zuen. Batzuetan sekuentzia batzuk ontzat eman behar izaten ziren. Gaur egun behar bezainbeste errepikatzen da, digitalarekin ez baitago arazo hori. Argiak ere asko eboluzionatu dute. Baina, esaterako, dekoratuetan ez da hainbesteko eboluzioa ikusi. Grafismoan eta aurreratu da, baina beste gauza batzuetan berdin gabiltza. Gaur egun planoetan ordenagailu gehiago sartzen da, eta pantailak eta kontutan hartu behar izaten dira, baita mugikorrak ere. Ni hasi nintzenean ez genituen mugikorrak, eta edozein gauza lortzeko gaur egun segituan mugikorrera jotzen badugu ere, lehen orrialde horietara jo behar izaten genuen.

Aurrera begira, zer proiektu duzu?
Proiektuak egongo direla uste dut. Denboraldi baxuagoak ere izaten dira, baina adi egon eta zerbait mugitzen hasten denean jakiten da. Hurrengo proiektua, Altzoko erraldoia da, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduta, Loreak filmeko zuzendariak. Espero dut proiektu horretan parte hartu ahal izatea, baina behin ere ez duzu ziur jakiten.

Azkeneko momentura arte ez dizuete ziurtatzen bertan parte hartuko duzuen?
Batzuetan ez dakigu parte hartuko dugun, filma hasi baino bi hilabete lehenagora arte. Sinatzen duzun arte, ez da ziur jakiten. Baina, ikasi egin dugu horrela bizitzen, nik jada ez dakit beste modu batera bizitzen. Denak bezala gureak alde onak eta txarrak ditu, baina momentuz nahiago dut gurean jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!