Pablo Azurza: "Apunteak hartzeko idatzi baino, marrazten dut"

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 4a, 13:00

Galtzakomik lehiaketako maila nagusian hiruko enpatea ematea erabaki du aurten epaimahaiak, eta hortaz, hiru saridun izango dira 16 urtetik gorakoen artean. Tartean eskualdeko ordezkari bat ere bada. Hain zuzen ere, Pablo Azurza izan da saritu horietako bat Haragia lanagatik. Altzon bizi den tolosarrak zaletasuna du marrazkiak egitea, eta «pozik» jaso du saria, nahiz eta ez zuen espero.

Nola jaso duzu sariaren albistea?
Ez nuen inondik espero sari bat jasotzea komiki horrekin. Oso azkar egindako lana izan zen, eta ezusteko handia izan zen.

'Haragia' lanagatik eman dizute saria. Zertan inspiratu zara lan hori sortzeko?
Eguneroko albisteetan. Ez dut telebista ikusten eta albisteetan ez nago oso eguneratuta. Beti kostatzen zait historia bat aurrera ateratzea komikietan. Buruan OME-k haragi gorriaren inguruan emandako albistea nuen, egia esan ez daukat oso argi zer gertatu zen ere baino gai horri lotutako zerbiat egitea erabaki nuen, jendeak entzuna zuelako.

Zer da komikiak azaltzen duena?
Komikian hasiera batean mutil bat ikusten da jaten, gero beste pertsona bat eta azkenerako jende mordoa ikusten da haragia jaten, eta bat-batean denak munstro bihurtzen dira. Hortik aurrera norberak nahi duena imajina dezake.

Nola definituko zure lana?
Nahiko azkar egin nuen, zirriborro mailan utzi nuen. Hala ere, oraindik sinpleagoa izatea nahi nuen, baina hori egitea kosta egiten zait. Nire ustez landuegi dago eta ez da hori nahi nuena. Orokorrean, berriz, ez daukat estilo finkatu bat. Baina, inoiz ez zait hasiera batean nire buruari proposatutakoa ateratzen. Honekin ere gauza bera gertatu zitzaidan. Ez diot denbora asko eskaini, azkeneko egunean egin bainuen.

Zergatik erabaki zenuen komiki lehiaketan parte hartzea?
Historiak garrantzia duen arren, gehienbat marrazkia delako nagusi komiki lehiaketa batean. Marraztea gustatzen zait eta beti marraztu izan dut. Ez du suposatzen lan fisiko handi bat lau orri marrazteak. Lehiaketa izanda saiatu nintzen zerbait dezentea aurkezten. Beste urte batzuetan ere parte hartu izan dut, eta batzuetan zortea izan dut eta beste batzuetan ez.

Komiki lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik ba al duzu?
Ez, normalean ez. Galtzakomiken maila baxuago batean delako eta lau orriko lanak direlako parte hartzen dut, errazagoa egiten zait.

Eta Galtzakomiken eskuratu izan duzu saririk?
Bai, beste bitan. 16 urte azpiko saria behin eta beste behin bigarren saria hamaseitik gora.

Komikizalea zara edo marraztea da zure afizioa...
Komikizalea naiz, baina bereziki marrazkilaria naiz; gustatzen zait eta marrazkiak ikusteko erosi izan ditut beti komikiak. Ez ditut ia inoiz irakurri. Klasean ere apunteak hartzeko lehenago marrazten dut, idatzi baino.

Nondik datorkizu zaletasun hori?
Etxean beti babestu izan naute zentzu horretan. Aitak plastika ematen zuen bere garaian Eskolapioetan. Hala ere, nire gauza izan da gehienbat. Beti izan dut interesa eta beti lagundu didate hortik jarraitzeko. Arte Ederrak ere ikasi nuen tarte batean. Baina, ez daukat formazio gehiago, marrazkia nire gauza izan da.

Komikiren bat edo marrazkilariren bat jarraitzen al duzu?
Ez naiz jendea jarraitzekoa. Ez naiz beste komikiei begira egoten. Burbuila batean bizi naiz eta ez naiz asko enteratzen zer komiki dauden pil-pilean.

Inspirazioa beti hartzen da bazter guztietatik. Komikiak txikitan irakurtzen nituen gehiago: Tintin edo Mortadelo eta Filemon, super heroiak...

Zer iruditzen zaizu Galtzakomik bezalako ekimenak martxan jartzea?
Laguntza bat dira. Hasiera bat izateko aukera bat. Espainia mailan lehiaketa gehiago badaude, baina maila altuagoetan daude eta profesionalak barnean daude. Benetan irabazi nahi baduzu edo hortik dirua ateratzea helburu baduzu oso-oso zaila da. Gauza txikiagoak eta tartekoak egon behar dute, jende guztiak parte hartzeko. Bestela, ikaratu egin dezake.

Zaletasun hutsa da zuretzat edo aurrera begira pauso bat gehiago ematea gustatuko litzaizuke?
Oraindik ikasten ari naiz, eta gustatuko litzaidake honetaz bizitzea, baina oso zaila da honetaz bizitzea; komikiaz behintzat ez, eta marrazteaz ere ez dut uste, baina agian, inguruko zerbaitetan bai. Hala ere, marrazten ikusten dut nire burua beti.

Adierazteko modu bezala hartzen duzu.
Niretzako hori da. Nik ez dut marrazten, marrazki polit bat egiteko baizik eta marrazten dut niretzako marrazki bat egitea errazagoa delako, lagungarria zaidalako. Ideia bat irudikatzen saiatzen zara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!