Euskararen Eguna 2015

Arnasguneari haize berria

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 2a, 11:35
Liburutegian elkartzen da taldea euskara ikasteko.

Lehenengo aldiz, euskara ikasteko taldea sortu da Altzon.

Euskara ikasteko taldea sortu da lehenengo aldiz Altzon. Lurdes Murua zinegotziak azaldu duenez, «aurretik saiakerak egin izan dira, baina ez da lortu. Aurten lortu dugu taldea sortzea, zazpi lagunekoa, eta oso pozik gaude». Altzo Gipuzkoako arnasguneetako bat dela gaineratu du Muruak: «Altzon, beste herri txiki askotan bezala, kanpotik etorritako jendea dago, euskaraz hitz egiteko maila ez duena, edo zerbait izan arren, ez direnak guztiz ausartzen hitz egitera». Udaletik ikusi zuten pertsona horiei euskara ikasteko aukera eman behar zitzaiela. Zuzenean pertsona batzuengana jo zuten eta «oso emaitza onak» izan dituzte, azkenean taldea sortu delako.

Uemaren bidez antolatu dute ikastaroa eta AEKren Andoaingo euskaltegitik etortzen da Kristina Bernal irakaslea. «Kontuan izan behar da Altzon sortu dela taldea, herri txikia dela, eta, beraz, maila ezberdinetako ikasleak daude», esan du Bernalek. «Horri talde heterogeneoa deitzen zaio. Ikasle bakoitza berezia da, baina talde honetan nabarmenagoa da berezitasun hori, maila ezberdinak daudelako».

Bernali «oso garrantzitsua» iruditzen zaio Altzo bezalako herrietan euskara irakastea, «herri horietako ohiturak ez galtzeko. Herria euskaraz bizi bada, eta udalean eta herritarrentzat lehen hizkuntza euskara bada, bertara doazen biztanle berriak ere horretan murgiltzea garrantzitsua da». Ikastaroa prestatzerakoan buruan duten kontuetako bat horrekin lotura duela dio Bernalek: «Ikasleren batek izan dezake tituluren bat lortzeko asmoa, baina gure helburua da klasetik ateratzean euskaraz aritzea herrian, bere bizilagunarekin, edo herriko beste edozein lekutan».

Ikastaroa prestatzerakoan garrantzi handia ematen dio Bernalek ikasleei eguneroko bizitzan erabilgarriak izango zaizkienak jorratzea: «Aurkezpenak, erosketak, elkarrizketa laburrak... maila baxuagoa dutenentzat, eta maila altuagoa dutenak, pixka bat haratago joatea, eta euskaraz aritzea beraien gustuen edo beraien kontuei buruz».

Ikastaroan parte hartzen duenetako bat da Iñigo Bach: «Asko ulertzen dut euskaraz, baina kostatzen zait soltatzea. Ikastaroa egiteko aukera sortu da eta orain denbora gehiago dudanez, animatu egin naiz, eta gogoz hartu dut. Gainera, luxu bat da herrian bertan ikasi ahal izatea. Tolosara jaitsi beharko banu, arazo gehiago izango nituen izena emateko». Euskaraz ondo hitz egitea da Bach-ek lortu nahi duen helburua ikastaroarekin. «Etxean nire haurrek euskaraz hitz egiten dute, eta batzuetan ez ditut hitz batzuk ulertzen».

Urrian hasi ziren ikastaroarekin eta urte osoan ariko dira. «Orain artekoarekin oso pozik daudela azaldu digute ikasleek. Gogo dezente erakusten dute», azaldu du Muruak eta deialdia egin die herritarrei: «Ikusita beraiek zer ahalegin egiten ari diren, herritarrek ere beste ahalegin egin beharko genuke beraiekin euskaraz aritzeko».

Alde horretatik, Bernalek pazientzia eskatzen die euskaraz dakiten altzotarrei: «Ahalegina egiterakoan kosta egiten zaigu pentsatzea besteak zein maila duen. Ez gara konturatzen hartzailea ez dela hain trebea. Beraz, pazientzia izan, eta aurpegi arraroren bat jarri arren, saiatu elkarrizketa euskaraz jarraitzen». Bere aldetik, Bach-ek ere eskatu die herritarrei beraiekin euskaraz aritzeko.

Euskara ikasteko taldeaz gain, Altzon mintzalaguna proiektua ere martxan jarri dute, eta espero dute aurrerago ere ikastaroko ikasleek parte hartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!