Organikoaren kudeaketan, arazoei irtenbideak ematen

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 8a, 11:07

Konposta txikitzeko makinarekin probak egin dituzte.

Konposta txikitzeko makina probatzen aritu dira, sortzen diren zailtasunei aurre egiteko.

Altzoko Udaletik etxez etxe ari dira joaten hondakinen bilketaren inguruko informazioa jasotzeko zuzenean herritarrengandik. Josu Astrain Ingurugiro eta Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez, «udalean berriak gara eta aurreko udal taldearen lekukoa hartu nahi genuen hondakinen bilketaren inguruan. Birziklapenarekin bat gatoz, ingurugiroari laguntzen diolako eta mesede egin ere bai». Erabaki zuten organikoa herrian bertan kudeatzea orain dela hiru urte, eta etxez etxe joanez sistemaren inguruko balantzea egin. «Ikusi nahi dugu zer esperientzia dituen, eta zein diren zailtasunak. Jarrera oso ona izaten ari da, batzuk zailtasunak dituzte eta guk zailtasunei aurre egiteko baliabideak jarri nahi ditugu», zehaztu du Astrainek.

Zailtasunak bereziki hezurrekin gertatzen dira, konposta egiterakoan askoz mantsoago desegiten direlako. «Irtenbideak bilatzeko bide horretan, konposta txikitzeko makina batek nola funtzionatzen duen ikusten ari gara, gero konposta hori behar den bezala erabili ahal izateko ongarri moduan baratzean edo lorategian», azaldu du Astrainek. Konposta egiteko makinarekin probak egin zituzten aurreko astean, eta ikusi zen konpostak oso lehorra egon behar duela, bestela trabatu egiten da. «Agian ikusi behar dugu makina hezurrak bakarrik txikitzeko erabili, edota inaustea ere bai. Edukiontzi berezi bat jarriko dugun horientzako ere aztertu beharko da. Bileren bitartez ikusi beharko dugu zer ondorio ateratzen ditugun».

Sortzen diren zailtasunei, beraz, zer irtenbide emango dioten aztertzen ari dira udalean. «Hiru urte daramatzagu herriari begirako kudeaketa eginez hondakinen gaian, sistema hau egokia ikusten dugu Altzorako eta hobetu nahi dugu», esan du Astrainek. «Jendearen parte hartzearekin, bilketa hobetuz, ea birziklapenean %100era iristerik badugun».

Orain hiru urte martxan jarritako sistema jartzerakoan birziklapenari «garrantzia handia ematea» erabaki zuten. «Europatik datozen arauak ere bide horretan doaz», gaineratu du Astrainek. «Organikoa da hondakinen ehuneko handiena ematen duena. Horri irtenbidea eman nahi genion, eta horregatik erabaki genuen herrian bakoitzak bere konpostagailua izatea, eta bakoitzak egiten du bere konposta». Beste frakzioak biltzeko edukiontziak dituzte zenbait guneetan, eta errefusa jasotzeko 20 edukiontzi daude, bakoitza 10 familia ingururentzat. «Pixkana hurbiltzen ari gara guk nahi dugun helburuetara», zehaztu du Astrainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!