Altzoko Udalaren aldeko epaia espero dute Uemako abokatuek

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 24a, 11:46

Urkijok helegitea sartu zuen euskara plana euskara hutsean bidaltzeagatik

Uemako abokatuek esperantza dute Altzoko Udalari euskara plana euskara hutsean bidaltzeagatik Carlos Urkijok abiarazitako auzian epaia aldekoa izango dela. Orain gutxi Amezketako Udalaren alde egin du Donostiako Administrazio Auzien Epaitegiak, osoko bilkurako aktak euskara hutsean bidaltzeagatik Urkijori, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, eta horretan oinarritzen dira Uemako abokatuak Altzoko Udalaren kasuan ere epaia berdina izan daitekeela pentsatzeko. Espero dute urte bukaeran iritsiko dela auzitegiaren erabakia.

Urkijok hainbat helegite jarri ditu auzitegietan osoko bilkuren aktak euskara hutsean bidaltzen dituzten udalerrien aurka. Aldeko erabakia izan duen lehenengoetako udalerria izan da Amezketa. Tolosaldeko beste hiru udalerri daude auzibidean ere gai horrengatik: Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexa. Hauen auziari buruzko epaia aurki ateratzea espero da.

Altzoko Udala izan da lehenengoa helegite bat jaso duena euskara plana euskara hutsean igortzeagatik. Urkijok, bere aldetik, erdara hutsean bidali zuen helegitea epaitegira. Joseba Elduaien Altzoko alkateak azaldu duenez, Urkijoren jarrera «lotsagarria» iruditzen zaio: «Hainbeste betetzen zaie ahoa demokraziaz, errespetuaz, elkarbizitzaz,... eta gero egunerokoan mespretxu izugarria erakusten dute beraiena sentitzen ez duten bertako hizkuntza baten aurrean».

Erakunde batek euskara plana gazteleraz eskatzea «zentzurik gabekoa» dela gaineratu du Elduaienek.

Egun Altzoko Udaletik osoko bilkurak euskaraz bidaltzen dira, gaztelerazko laburpenarekin batera. Elduaienek esan duenez, udal taldeak gai hori aztertu nahi du, eta ez du baztertzen etorkizunean aktak euskara hutsean bidaltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!