Lehenengo legealdia hasi du Joseba Elduaienek alkate moduan. EH Bildu koalizioak zazpi zinegotziak ditu udalean, hauteskundeetara aurkeztu zen zerrenda bakarra izanik.
Orain lau urteko boto kopuru berdina lortu duzue, baina zuriak igo egin dira. Zer balantze egiten duzu?
Balantzea oso ona da. Duela lau urte inoiz lortutako emaitza onenak izan ziren, eta oraingoan berdindu egin ditugu. Horrek esan nahi du EH Bilduren aukera nahiko kontsolidatuta dagoela herrian. Boto txuri eta baliogabeen inguruan, EAJk foru aldundirako jasotako botoen zati bat izan daitezkeela ikusten dugu.
Udalean alderdi bakarra izatea abantaila edo desabantaila da?
Abantaila gehiago ditu, aukera ematen digulako egiten dugun indar guztia norabide berean eramateko. Hanka sartuz gero, herritarrekin mekanismoak ditugu beraien iritzia jaso eta norabidea zuzentzeko.
Nolatan eman zenuen pausoa zerrendaburu izateko?
Altzo herri txikia da, eta ulertzen dut ez bakarrik udalean, herrian ditugun beste ekimenetan ere ardurak txandakatuta hartu behar direla, garrantzitsua delako energia berria, ideia berriak, egiteko modu berriak etortzea. Udalean berdin: hauteskundeen aurretik herri batzarra deitzen da, eta bertan izenak proposatzen dira. Nire izena proposatu zen eta esandako arrazoiengatik baiezkoa eman nion erronka horri.
Nolako lan taldea osatu duzue?
Luxuzkoa. Ekimen handiko pertsonak, lau emakume eta hiru gizonezko. Arlo ezberdinetatik gatoz eta horrek asko laguntzen du ideia berriak sortzerakoan, zein bestelakoak kontrastatzeko. Baliabide handiak dituzten herritarrez osatuta dago, eta ziur gauza positibo asko aterako direla bertatik.
Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?
Orain arte lana, familia eta herriko beste hainbat ekimenetako parte hartzea uztartzea tokatzen zitzaidan. Orain hirugarren multzo horrek gehiago exijitzen dit. Lehen hilabete hauetan saiatu naiz herriko koadroa egiten edo aztertzen. Jendearekin hitz egin, udalean bertan eta kanpoan ere bai, ahalik eta ikuspuntu orokorrena jasotzeko. Hainbat alorretan oraindik falta zait janztea. Zazpi kide gara udal taldean, ni hor bat gehiago naiz, ardura handiagoa duena. Nagusiena da denon artean egiten dugun lana koordinatzea.
Zer balantze egiten duzu aurreko legealdiaz?
Lan izugarria egin dute, alor ezberdinetan. Herria hainbat azpiegiturekin osatu dute, etxe tasatuen gaia, lehendik zeuden hainbat zerbitzuri jarraipena eman diote eta hobetu dituzte. Luxuzko herria dugu, hainbat azpiegitura eta baliabideekin, eta aktibitate handia duen herria da. Hau guztia hainbat herritarrek egindako lanari esker da, eta guk bide horretan katebegi bat gehiago izan nahi dugu, ahal bada oparoa.
Zein dira legealdi honetako ildo nagusiak?
Lokal zein azpiegitura aldetik nahiko osatua ikusten dugu herria. Ditugun zerbitzuak mantendu eta hobetzea da erronketako bat. Gazte asko daude herrian eta bertan bizitza garatzeko baliabideak jarri behar ditugu. Altzo Muino asko garatu da azken urteotan, eta beste hainbat ingurune eta auzo ez hainbeste, eta hor indar berezia jarri beharko dugu. Beste alor bat, ditugun baliabide industrial, baserri ustiaketa eta naturguneen arteko oreka bilatzea da, horretarako batzorde bat osatuz. Bestalde, hondakinen bilketa hobetzeko bilerak egiten ari gara etxez etxe. Beste gaietako bat Altzo eta Alegia arteko oinezkoen bide bat egiteko proiektua da. Euskarak ere leku garrantzitsua du: herritarrak kontzientziatu nahi ditugu Altzo euskararen arnasguneetako bat den heinean, hau mantendu eta indartzea tokatzen zaigula, dakigunok erabiliz, eta ez dakitenentzat baliabideak jarriz ikas dezaten.