'Handia' filma

Itzal handiko gizonari erretratua

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ira. 6a, 09:15

Altzoko Handia gertukoentzat, eta Altzoko Erraldoia edo Erraldoi Euskalduna kanpotarrentzat. Migel Joakin Elizegiren mitoa Europa guztian zabaldu zen XIX. mendean, baina pertsonaiaren itzala gaurdaino ere iritsi da.

Irailaren 12an, larunbata, Donostia 2016 ekimenak eta Topic zentroak elkarlanean prestatutako txotxongilo operaren aurrestreinaldia egingo dute Topic zentroan, eta hori gutxi ez, eta 2016 urte bukaerarako edo 2017rako Altzoko Erraldoiari buruzko filma ikusi ahal izango da zinema aretoetan. Altzoko Handia ahoz aho ibiliko da beraz, datozen hilabeteetan.

Pelikula Moriarti Produkzioak etxekoek egingo dute, Loreak film arrakastatsuko arduradunak direnak hain zuzen. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzenduko dute eta orain gidoiaren lehen bertsioa bukatuta, ekoizpenarekin hasteko garaia da. Gidoiaren lehen bertsioa egiten Jose Mari Goenaga ordiziarra aritu da. Ez da biografia bat izango, izan ere, dokumentu gutxi daudela dio Goenagak: «Izan dugun arazorik handiena dokumentu eskasiarena izan da. Badaude jende guztiak ezagutzen dituen hainbat pasarte, baina orokorrean ezer gutxi dakigu bere bizitzari buruz. Badakigu Espainiako orduko erreginarekin, Isabel II.arekin egon zela, Ingalaterrako Victoria I.arekin, Frantziako Luis Felipe erregearekin... badaude datu txiki batzuk, baina dramatikoki, fikziozko istorio bat kontatzeko, material gutxi aurkitu dugu. Ondorioz, irudipenera asko jo dugu».


Ikusleak zinema aretoetara «ikuspegi zabalarekin» joatea eskatu du Goenagak, Altzoko Handiaren pertsonaia garaia erretratatzeko ere erabiliko baitute: «Pertsonaia momentu historiko eta politiko bat erretratatzeko eta gizarte bat islatzeko erabiliko dugu. Momentu hori erretratatu nahi dugu, datu historikoak erabiliko ditugu, noski, baina fikzioarekin nahastuz».

Datuak lortzeko Altzon izan dira Moriartikoak eta bertan asko lagundu dietela esan dute, «baina muga bat dago hor, ez dago informazio gehiegirik. 1818an jaio eta 1861ean hil zen, eta Lehen Gerra Karlista eta ondorengoak tokatu zitzaizkion. Pertsonaiarekin bidaia bat egingo dugu, bai fisikoa eta baita psikologikoa ere. Garrantzia handia eman diogu bidaietan asko lagundu zion anaiari, Martini, eta bera izango da nolabait antagonista, pisu handia izango du behintzat, bera ere protagonista izango da eta berari esker ezagutuko dugu erraldoia». Altzora egindako bisitetan Altzo Azpiko Ipintza baserrian izan ziren, erraldoia jaio zeneko baserrian hain zuzen, eta senitartekoekin hitz egiteko aukera izan zuten. Senitarteko horietako bat da Jose Manuel Unsain Elizegi. Ipintzan jaiotakoa da, erraldoia bezalaxe, eta filma egitearekin gustura dago. «Hemen izan ziren galderak egiten. Ea zer jaten ote zuen, zein ohitura zituen... galdera asko egin zizkiguten, ea ze ateratzen den», esan du Altzoko Handiaren senitartekoak.

Mitoa

«Interesgarria izan da ikustea nola pertsona bat mito bihurtzen den bere garaierarengatik. Erraldoiak figura mitologikoak dira, eta pertsona erreal bat erraldoi bihurtzeagatik denborarekin pertsonaia mitologiko izatera iritsi izana oso interesgarria da». Ideia hori ere aipatu nahi izan du gidoilariak eta hori ere islatuko dute lanean. Dramarik ez dute nahi hala ere: «Gidoiaren azken bertsioetan drama kutsua kentzen saiatzen ari gara, eta umore pixka bat gehiago sartzen. Baina egia da pertsonaiak berak dramara jotzeko joera sortzen digula. Esaten denez pertsonaia lotsatia zen, ez zitzaion gehiegi gustatzen bidaian egotea, nahiago zuen herrian geratu... Ezagutzen diren erraldoiaren ezaugarriak kontuan hartuta dramara jotzera ateratzen zaigu, baina egia da ere gero ez dakizula ezaugarri horiek zein puntura arte diren egiazkoak edo mito horren parte diren. Ohituta gaude ikustera Elefante Gizona eta antzeko istorioak eta batzuetan badirudi horrelako pertsonaiak kutsu dramatiko horrekin inguratzeko joera badagoela, eta hori ere badago istorioan, baina saiatu gara beste ñabardura batzuk ematen».


Filmak pertsonaia asko izango ditu eta aipatu moduan anaia Martin izango da horietako bat: «Pertsonaiak badaude, fikzio batean beti saiatzen zara pertsonaia kopurua mugatzen, izan ere ikuslea pertsonaia asko badaude galdu egiten da. Baina hau bizitza bat da eta normala da bere ondotik pertsonaia asko pasatzea. Familiatik garrantzia handia eman diogu aitari, bere anaia Martini... Bidaian atera zuten sarrera bat kobratuz eta hor enpresa edo sozietate moduko bat sortu zuten familia eta beste hiru bazkideren artean, eta horien artean Jose Antonio Arzadun zen ezagunena eta berak ere pisua izango du pelikulan».

Proiektu zaila



Goenagak azaldu duenez proiektua zaila da pertsonaiak berak dituen ezaugarriengatik. «Zaila da ez bakarrik gidoi aldetik, baita ekoizpen aldetik ere. Ikusi behar dugu irudi aldetik nola moldatzen garen erraldoia irudikatzeko, zailtasun bat da. Efektuak, trukuak, dobleak, efektu digitalak... ez dakigu nola egingo dugun, lan handia egin behar dugu oraindik. Gidoia lantzen jarraitzen dugun bitartean hau jorratzen joan beharko gara ere».

Gidoiaren lehen bertsioa bukatu berri dute: «Gidoiaren aurreko fasean gaude, tratamenduan, gero sartuko ditugu elkarrizketak eta. Orain gidoiaren lehendabiziko bertsioan gaude. Aurretik bagenuen beste bat, baina ez zigun gehiegi konbentzitu eta tratamendura itzuli ginen. Egitura egokiago batekin hasi gara lanean. Gidoi sendoagoa dugu, baina bertsio gehiago egin behar ditugu». Gidoia ez da behin ere bukatzen, hala ere: «Gidoia beti aldatzen doan zerbait da, orain gauza asko martxan jartzeko erabilgarria den gidoia izango dugu esku artean, baina guk beti, bai 80 egunean filman eta baita Loreak-en ere, gidoia eraldatzen jarraitzen dugu azken unera arte, beraz, horretan jarraituko dugu. Baina oso garrantzitsua da behintzat oinarri sendo bat edukitzea beste sail batzuetan ere lanean hasteko». «Istorioa idazten ari gara eta aurre-ekoizpenarekin hasi behar gara. Hainbat arazo daude hor eta lehenbailehen aurrea hartzea komeni zaigu. Gidoia dugula hasi gaitezke esaten erraldoia egiteko zein efektu beharko dugun eszena bakoitzean. Efektu berezien aditu batekin elkartu beharko gara bere ikuspegia zein den ikusteko eta hori filman nola gauzatuko dugun ikusteko. Horrek lan asko eskatuko du eta lehenbailehen hasi behar gara horrekin», gaineratu du.

Altzoko Erraldoiak 2.42 metro zituen eta garaiera horretarako aktorerik ez dago, «eta gainera euskaraz jakin behar du...». Pertsonaia irudikatzeko «trukuak» erabili beharko dituzte, eta horregatik du garrantzia ere casting-ak eta baita une historikoa islatzeko erabiltzen dituzten elementuek, «erronka handia dugu alde askotatik».

'Loreak'-en presioa

Moriarti Produkzioak etxekoak Loreak filmaren arduradunak dira. Jose Mari Goenaga orduan zuzendaritzan aritu zen, baina oraingoan gidoiaz gain, ez daki zein lanetan aritu beharko den: «Gidoian aritu naiz, produkzio eragile bezala ariko naiz Moriartiko partaide bezala, baina ez dakit gerora zein izango den nire lana. Irusoin ekoizpen etxeak egingo ditu ekoizpen lanak. Pentsatzen dut alde batera egongo naizela beste proiektu batzuetan, baina Jon Garañori muntaketa egotea interesatzen zaio, azken momentuan, eta hori horrela bada ez nintzateke errodajean egongo. Errodajearen bigarren astetik aurrera hasten da lanean muntaketa, eta hor egongo nintzateke lanean ordura arteko materialarekin. Filmaketa aurrera doan bitartean, paraleloki, muntaketaren lehen bertsioa izango genuke. Ez dakit hor egongo naizen, edo beste proiekturen batean... baina Loreak-en egon nintzen moduan zuzendari, ez».

Altzoko Erraldoiari buruzko filma eta Loreak pelikula printzipioz, erabat desberdinak izango direla dio, baina antzekotasunen bat izango dutela ere esan du: «Zerbait desberdina egin nahi genuen, eta horretan gabiltza. Desberdina da, baina azpiko diskurtsoan badaude antzekotasunak. Orokorki desberdina izango da, batez ere bisualki. Egia da pertsonaien arteko erlazioan egon daitekeela antzekotasunen bat, hala ere. Loreak-en asko hitz egiten zen pertsona bat hiltzen denean uzten duenaz eta Altzoko Handiaren kasuan ere interesgarria da ideia hori, behin erraldoia ez dagoenean zer geratu den ikusi ahal da, eta nahiz eta bera ez egon nola bere pertsonaia handitzen jarraitu den guztion memorian, baina ez dakit zein puntura arte sartu ahal izango ditugun ideia hauek pelikulan».

Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861)

 

Altzoko Erraldoia 1818ko uztailaren 10ean jaio zen Altzo Azpiko Ipintza baserrian. Orduan Ipintza Zarra deitzen zioten eta gaur egun Ipintza Haundi da.

Bederatzi anai-arreba zituen. Aita Altzokoa zen eta ama berriz, Orendaingoa. Hamar urte zituela hil zitzaion ama.

Altzoko Handiak gaixotasun larria zuen eta ondorioz denbora gutxian asko hazi zen. Bere garaierak sortzen zuen ikusmirak bultzatuta, Altzoko Erraldoia edo Erraldoi Euskalduna herriz herri eraman zuten jendeak ikusteko sarrera baten truke. Hori kudeatzeko Lekunberriko Jose Antonio Arzadunek elkarte bat sortu zuen beste hirurekin: Tolosako Jose Joakin Arrese, eta Donostiako Joakin Beraza eta Matias Lizarribar. Migel Antonio Eleizegi eta Martin anaia ere ados zeuden.

1861. urteko azaroaren 20an hil zen Ipintza Zaharrean leize-kaltzifikatuko biriketako tuberkulosiak jota, antza. Ez zuen seme-alabarik izan.



 

Txotxongilo opera, prest

 

Irailaren 12an egingo dute Donostia 2016 eta Topic zentroak elkarlanean prestatu duten txotxongilo operaren aurrestreinaldia Tolosan. Topic zentroan bertan egingo dute eta tradizioaren zein modernitatearen arteko nahasketa egin dutela esan zuten aurkezpenean.

Opera berezia izango da eta lana behar bezala ateratzeko lantalde bikaina osatu dute. Musika David Azurza tolosarrak egin du eta ez da eskualdeko ordezkari bakarra izango, izan ere, perkusioa Tolosako Iraide Ansorenarena izango da eta argiztapena ere beste tolosar batek sortu du, Xabier Lozanok. Txotxongiloak Nestor Basterretxeak diseinatu zituen eta bere senideek sortu dituzte, liburuxka Koldo Izagirrek egin du, eta txotxongiloekin La Enana Naranjakoak ariko dira. Zuzendari artistikoa Emmanuel Marquez mexikarra da.

Operan Jogoba Fadrique izango da abeslari baxua, David Azurza tenorra eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa, hauekin batera Tomas Ruti biolin-jotzailea, Luis San Sebastian klarinete-jotzailea, Rakel Rivera flauta-jotzailea eta Iraide Ansorena ariko dira. 20 umez osatutako koruak ere hartuko du parte.

Aurrestreinaldia 18:30ean izango da Tolosako Topic-en, irailaren 12an.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!