«Niretzat lehen mailan aritzeko aukera izatea sekulakoa da»

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 23a, 11:41

Futbola albo batera uztera zihoanean, lehen mailan aritzeko aukera etorri zaio Oiartzun taldetik Nerea Muruari; orain, jasotako aukera hori aprobetxatu nahi du, maila gorenean esperientzia eskuratuz.

Kirola benetan atsegin du Nerea Muruak (Altzo, 1997) eta horren erakusle da datorren ikasturtean Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Zientziak eta Lehen Hezkuntza gradu bikoitza hasiko duela Deustuko Unibertsitatean. Atletismoaren aldeko hautua egin behar zuen kirol praktikari dagokionez, baina Oiartzungo futbol taldetik iritsitako eskaintzari ezin izan dio ezezkorik esan. Aurten lehen mailara igo da Oiartzun, eta emandako aukera aprobetxatu nahi du.

Noiztik hasi zinen kirola egiten?

Altzon Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasi nintzen futbolean, eskola kirolan. DBHra pasatzerakoan, Alegian, Intxurre taldean, beste bi urtez aritu nintzen, eta gero, orain arte Tolosa CFn aritu naiz. Beraz, sei urte daramatzat federatuta, eta eskolan beste bi urtez aritu nintzen. Atletismoan hamabi urte nituela hasi nintzen, eta beraz, sei urtez aritu naiz. Hasieran distantzia luzeagoak egiten nituen, baina azken urteetan 400 eta 800 metrotako probetan lehiatu naiz.

Nola hartu zenuen Oiartzundik egindako eskaintza?

Oiartzundik abenduan deitu zuten Tolosa CFra aukera emateko astean behin entrenatzera joateko beraiekin, niri eta Mar Luzuriaga taldekideari. Ligan Tolosa nahiko gaizki zebilenez, nahiago izan zuten guri ezer ez esan, taldean zentratzeko. Berez interes hori azaldu zuten, baina guk liga bukatu arte ez genuen ezer jakin. Gero, Tolosatik azaldu zidaten Oiartzunen interesa eta beraiekin jarri nintzen harremanetan, eta hiru urtetarako ariko naiz bertan. Hala ere, lehenago utzi nahi badut ez dago eragozpenik.

Erraza izan da eskaintza onartzea?

Atletismoa eta futbola uztartu izan ditut, eta datorren ikasturtean unibertsitatean hasi behar dudanez, pentsatuta nuen futbolarekin ez jarraitzea eta atletismoarekin geratzea. Baina Oiartzungo eskaintzak lehen mailan jokatzeko aukera ematen dit, eta azkenean hori aukeratu dut.

Tolosa CFn jokatu duzu azken urteetan. Orain zer suposatuko du lehen mailara salto egiteak?

Oiartzungo taldekide asko ni baino zaharragoak dira eta asko ikasi dezaket beraiengandik. Lehen mailan asko baliatzen da eskarmentua.

Espero zenuen lehen mailan aritzea?

Batzuetan pentsatzen jartzen zara eta ez duzu sinisten. Aukera bakarra izango da, hori argi dago, eta niretzako sekulakoa da.

Zein postutan jokatzen duzu?

Aurten leku askotan jokatu dut, baina nire postua berez hegaleko aurrelariarena da, bai ezkerretik eta bai eskuinetik ere.

Atletismotik datorkizun abiadura aprobetxatzen duzu, beraz.

Atletismoak asko lagundu dit abiaduran, eta horretan nabarmentzen naizela esan daiteke.

Nola definituko zenuke zure burua futbolari moduan?

Azkarra eta nahiko teknikoa.

Tolosatik Oiartzunera aldaketa handia izango da?

Bai. Orain arte atletismoarekin bateratu behar nuen futbola. Taldekideek hiru aldiz entrenatzen zuten eta nik behin, edo gehienez bitan. Halere, nire minutuak izaten nituen, gehienetan jokatzen nuen. Hori badakit Oiartzunekin erabat ezberdina izango dela. Entrenamendu guztietan izan arren, garestia izango da jokatzea; hori erabat barneratuta noa.

Eta Oiartzundik zer esan zizuten fitxatzerakoan?

Talde beteranoa da Oiartzun, gehienak hogei urtetik gorakoak dira. Pixkana hurrengo belaunaldiari lekua eman nahi diote, eta jende bila dabiltza, prestatzeko, eta taldearen etorkizun ona bermatzeko. Horregatik jende gazteengana jotzen dute. Lana ondo eginez gero jokatzeko aukerak izango ditudala espero dut.

Oiartzunera joan behar izateak aldatuko du egunerokotasuna.

Hori izan zen eskaintza onartzeko zalantzak sortu zizkidan beste faktore bat. Orain gida baimena ateratzen ari naiz, edo bestela gurasoek ere sakrifizioa egin beharko dute.

Orain gutxi izan den emakumezkoen Munduko Txapelketari jarraipena egin diozu?

Ikusi ditut partida batzuk, eta sekulako maila iruditu zait. Oso gutxietsita dago emakumezkoen futbola, baina maila handia dago.

Gaur egun nola ikusten duzu emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasuna futbolari dagokionez?

Aurrerapena egiten ari dira leku batzuetan eta zenbait arlotan, baina hala ere ez dago konparatzerik. Mutilenari balio handiegia ematen zaiola ikusten dut eta neskena gutxietsi egiten dela.

Oiartzun taldean bada norbait profesionala, hau da, soldataren bat jasotzen duena jokatzeagatik?

Oiartzun talde txiki bat da, eta beraiek esan dute lehen mailara igotzea beraientzat sinestezina izan dela. Nahiko lan izan dute dirua lortzen lehen mailan jokatzeko, eta esaten dute norbait taldean sartzen bada dirua jasoz, dagoen giro ona galdu egingo dela.

Hain justu gizonezkoekiko alde handienetako bat hori da, soldata jasotzearena. Emakumezkoen lehen mailan zenbat dira profesionalak?

Barça bezalako talde handietan, eta hor ere ezin da inolaz ere alderatu zenbat kobratzen duten gizonezkoek eta zenbat emakumezkoek.

Aurten Tolosa CF mailaz jaitsi da. Nolako denboraldia izan da?

Ez dugu lortu Euskal Ligan mantentzea. Urtea gazi gozoa izan da. Talde polita genuen, eta denboraldi hasieran hori esaten genuen, zerbait polita egin genezakeela, baina zortea askotan aurka izan dugu, eta ezin izan dugu gure maila lortu.

Jarraituko duzu Tolosa CF datorren denboraldian?

Noski baietz. Handik sekulako lagunekin ateratzen naiz. Nola aritzen diren begira egongo naiz.

Zer esan dizute Tolosako taldekideek Oiartzunera joango zarela jakitean?

Bazekiten zalantzak nituela eta animatu egin naute, aukera ona dela esanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!