Altzoko frontoi zaharraren xarma berreskuratuta

Imanol Garcia Landa 2015ko uzt. 9a, 11:37

Altzoko Frontoi Zaharraren XIX. Txapelketa jokatzen ari dira; finalak San Inazio festen barruan izango dira.

Uztaileko arratsaldeetan giro berezia izaten da Altzo Muinoko elizaren atzealdean. Eraikin horren pareta frontis moduan erabiliz sortutako frontoiaren inguruan herritar ugari biltzen da, gazte zein helduak, pilota partidak ikusi edota jokoan aritzeko. Bertan jokatzen da Frontoi Zaharreko Pilota Txapelketa, aurten 19. aldiz.

Juan Mari Zubeldia herritarrak hasieratik jokatu du txapelketa, eta hastapenetatik pixka bat parte hartzea aldatu egin dela dio: «Hasieran edozeinek ematen zuen izena, pilotan ibili gabekoak eta ibilitakoak, gizonezkoak eta emakumezkoak... Behin txapelketa martxan jarrita, eta ni neu naiz horren adibide, batzuk bagaude galtzea gustatzen ez zaiguna eta dena ematera joaten ginen. Horrek ekarri zuen pilotan gutxi ibiltzen zirenak pixkanaka izena emateari utzi ziotela».

Zubeldiak aurten ez da ari txapelketan. «Azkeneko bi urteetan semearekin jarri naute jokatzen eta oso gustura aritu naiz, baina ordutegiaren aldetik abailduta ibiltzen nintzen partidetara iristeko, eta horregatik aurten erabaki dut ez parte hartzea. Bestela, ariko nintzen».

Egun 53 urte ditu Zubeldiak, eta afizionatu mailan ere aritu zen pilotan. Frontoi Zaharreko Txapelketa sei edo zazpi aldiz irabazi du. Txikitan ere aritzen ziren frontoi horretan jolasten. «Eskola ondoan genuen, eta beti hor ibiltzen ginen», gogoan du Zubeldiak. «Gero frontoi berria egin zenean, albo batera utzi zen pixka bat. Txapelketa hau antolatzen hasi zenetik, berriro ere berreskuratu egin da frontoi zaharrean jokatzeko ohitura».

Txapelketak duen erakargarritasunak frontoian jende ugari biltzea sortzen du. «Arratsalde guztian jendez beteta egoten da, eta partiden ondoren ere txokotan ibiltzen dira haurrak hor. Izurragizko giroa jartzen du», esan du Zubeldiak. «Seme-alabei ezin zaie esan uztailean oporretara joatea, herrian gustura daudelako, eta arrazoietako bat txapelketa hori da».

Frontisa berezi du frontoiak. Batetik, horma harriz egina dagoenez, koska ugari ditu. Bestetik, koska handi bat du beheko partean, eta alboetan pilareak deitzen dieten pareta estuak ditu. Frontisaren sekretuak badakizkiela dio Zubeldiak, baina «asmatu egin behar» dela ere gaineratu du. «Askotan irabazi dute segurura jo duten pilotariek. Gainera, parte hartzen duten guztiek pixkanaka ikasten dituzte paretaren trikimailuak». Horrelako itxura izateak pilotarien abilezia berdintzen dituela ere esan du.

Hemeretzi bikote

Aitor Murua eta Mattin Rezola aritzen dira antolatzaile lanetan; beraiek dute ere pilota eskolaren ardura Altzon. Txapelketa bultzatu zuen Jexux Muruaren lekukoa jaso dute antolaketan eta tarteka laguntza ere izaten dute. Hemeretzi bikote parte hartzen ari dira aurtengoan, hiru mailatan: txikienak, seitik hamar urtetera; gaztetxoak, 10 eta 14 urte artekoak; eta helduak, 14 urtetik gorakoak. Pilotariek herrikoak izan behar dute, eta bikoteak osatzeko arazorik izanez gero, alegiarren bat sartzen dute lehian. Bikoteak antolatzaileek egiten dituzte, ahal den parekatuenak izateko.

Aurrena ligaxka jokatzen dute, ondoren kanporaketak, finalerdiak eta bukatzeko, noski, finalak. Txapelketa guztiz txertatuta dago festen egitarauan. Hain justu, finalerdiak festen aurreko asteburuan jokatzen dira, eta aurten 25ean jokatuko dira. Jai giroa izaten da, zahagiardoa jartzen baitute. Aurten mus txapelketa ere izango da eta dantza emanaldia ere bai. Finalak abuztuaren 2an izango dira, San Inazio jaien barruan. «Finaletan jende asko elkartzen da, eta oso polita izaten da», azaldu du Aitor Muruak. Pilotariak txuriz jantzita joaten dira eta koloretako gerrikoekin.

Aitor Murua antolatzaile izateaz gain, txapelketan parte hartu du, baina dagoeneko kanpoan geratu da. Txikitatik aritu da txapelketan: «Polita izaten da arratsaldetan sortzen den giroa frontoi zaharraren inguruan. Hori bai, parte hartzaileek serio hartzen dute, denek irabazi nahi izaten dute». Herri giroan jokatzen da, baina garbi dago pilotariak irabaztera joaten direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!