Lehen aldiz antolatu dute kartel lehiaketa San Inazio jaietarako

Ataria 2015ko eka. 12a, 12:45

Lanak hilaren 19a baino lehen aurkeztu behar dira udaletxean.

Altzoko Jai Batzordeak kartel lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz San Inazio jaietarako. Irabazlearen kartela jaien programan erabiliko da eta gainontzekoen erakusketa saninazioetan egingo da, beraz, kartel guztiak ikusgai izango dira. Irabazleak sari moduan festen lehen eguneko herri afarirako bi sarrera irabaziko ditu.

Kartelak udaletxean aurkeztu behar dira eta hilaren 19a izango da azken eguna. Paper batean bakoitzaren izen-abizenak eta kontakturako telefono bat ere aurkeztu beharko da kartelarekin batera. Honako hauek izango dira bete beharreko irizpideak: kartelak A4 tamainakoa izan behar du; nahitaezkoa da «Altzoko San Inazio jaiak 2015» esaldia agertzea; aukera guztiak onartuko dira (marrazkiak, argazkiak, collageak, argazki muntaiak, artelan abstraktuak...); eta originaltasuna baloratuko da.

Ludoteka

Uda 2015 ludoteka antolatu dute lankidetzan Santillazpi Guraso Elkarteak, Elordi elkarteak eta udalak. 3 eta 14 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete. Epea ekainaren 24tik uztailaren 24ra izango da. Ordutegia, berriz, 10:00etatik 13:00etara. Ekintza batzuetan beranduago amaitu daiteke baina aurrez beti informatu egingo dela azaldu dute. 40 euroko kuota ordaindu behar da haur eta gaztetxo bakoitzeko. Parte hartu nahi duten guztiek udaletxean izena eman behar dute eta horretarako azken eguna ekainaren 12a da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!