Urkijok Altzo salatu du, Euskara Plana euskaraz bidaltzeagatik

Ataria 2015eko martxoaren 26a

UEMAk errekerimendu zein salaketak jasotzen dituzten herriei laguntza emango die

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, Carlos Urkijok, Altzoren kontra egin du. Oraingoan Euskara Plana izan du jomuga; udalak plana euskaraz bidali diolako jarri dio salaketa

Udalek lau urtez behin egin behar izaten dute Euskara Plana, eta orain 2017. urtera arte indarrean egongo diren planak aurkezten ari dira.

Orain arte aktak euskara hutsez bidaltzeagatik salatu ditu hainbat herri, beste arrazoi batzuren artean. Kontratazioetan euskara irizpideak ezartzeagatik ere jarri ditu salaketa eta errekerimenduak. Baina oraingoan beste pauso bat eman du, eta euskara planen kontra egin du. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez: euskara planak euskaraz bidaltzerik ez du onartu.

Agiri ofizialak euskaraz bidaltzerik ez du onartzen Urkijok, baldin eta alboan gaztelaniazko itzulpena ez baldin badute. Eusko Jaurlaritzak txosten juridiko bat egina du esanez euskaraz egiteak berme juridiko erabatekoa duela, euskara eta gaztelania koofizialak direlako eta erakundeen arteko harremanetan bi-biek dutelako balioa.

Uemak ohartarazi du euskara planen aurkako ekinbidea hasten badu, udal ugari eramango dituela auzitara Urkijok.

Euskarazko akten auzian kontrako epai bat jaso du asteon Urkijok. Irurako Udalari arrazoi eman dio auzitegiak, esanez aktak euskaraz bidaltzea legezkoa dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!