Errefusa ontzi txikiagotan bilduko da, gaikako sailkatzea hobetzeko

Imanol Garcia Landa 2015eko martxoaren 12a

Aurki jarriko diren errefusa ontzi berriak.

Bilketa guneetan dauden ontzi handiak kendu eta 10-12 familiarentzat izango direnak jarriko dira.

 

Hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak egingo dira Altzon. Zehazki, errefusaren bilketa sistema aldatuko da. Bost bilketa gune ditu herriak, eta gune bakoitzean errefusarentzat ontzi bat egon da. Orain ontzi txikiagoak jarriko dira, 10-12 familiarentzako. Aldaketa honen helburua «errefusa ondo sailkatzea» dela azaldu du Miren Balerdi alkateak. Martxoaren 23ko astean jarri nahi dira ontzi berriak, eta egun horietan ezin bada, apirilaren hasierarekin batera izango da.

Organikoari dagokionez familia bakoitzak du bere konpostagailua, edo animaliak baditu horien bidez egin dezake. «Kontua da, organikoa errefusaren ontzira ez etortzea», zehaztu du Balerdik. Azken datuen arabera, errefusaren ontzira botatakoaren %44,34 da errefusa. Beraz, beste guztia birziklatu daiteke. «Bere garaian horrela jarri zen eta nahiko txukun hasi zen. Ikusi da Mankomunitateak egin duen azkeneko karakterizazioetan gai organikoa dezente azaltzen dela. Ondorioz, eta gastuak murriztu aldera, egingo da errefusa edukiontzien aldaketa».

Urtarrilean egin ziren bi herri batzar hondakin bilketaren egingo den aldaketaren inguruan, eta orduan jendeak informazio gabezia zuela azaldu zuen, zenbait gairekin ez zekielako nora bideratu behar zen. Horregatik, antolatu dira bi tailer. Lehenengoa, birziklapen tailerra, gaur izango da, 19:00etan, udaletxeko ekintza aretoan. Bestea, konpost tailerra, hilaren 17an izango da, asteartea, 19:30ean, eta leku berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!