Ipuskuari lotuta

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 6a, 10:37

Altzo, 1968. urtea. Altzoko Udala, German Intxaustiren bilduma

Tolosaldeko hainbat herrik Tolosatik banatu zirela laugarren mendeurrena ospatzen dute aurten. Horietako herri bat da Altzo. Tolosa eta Altzoren arteko lotura 1374an hasi eta 1615ean amaitu zen. Jaunaren eta leinu zaharren menpekotasunetik ihes egin nahian erabaki zuten Tolosarekin batzea, baina 1450etik aurrerako arazoek hiribildu titulua erostera eraman zuten.

Altzotarrek Gaztelako Felipe III.a erregeari erosi zioten hiribildu izateko titulua. Dirua bildu eta ordainketa egin ahal izateko hainbat neurri hartu behar izan zituzten. Batetik, herrian gauzatzen ziren salmenta guztien gaineko zerga bat sortu zuten—ogia kenduta—, eta horrela ordaindu beharrekoaren bi heren pagatu zituzten. Bestetik, beste herena betetzeko, Altzo herriak berak eta batzarra osatzen zuten auzokoek mailegu bat eskatu behar izan zuten. 1.420 dukaten truke, Tolosako Pedro Errekalderi haien etxeak berme bezala eman zizkioten, besteak beste.

Gainera, erregearekin negoziatuta ordainketa atzeratzea ere lortu zuten. Guztira 91 auzoko zenbatu zituzten betebehar hori gauzatzeko, eta auzoko bakoitzak 25 dukat jarri behar izan zituen. Beste lau zalantzan gelditu ziren —ez da ageri ordaindu zutenik—. Era berean, auzotarrek eskubide politikoak izateko aukera izan zuten.

Behin ordainketa eginda, hiribildu berriek merezi zuten tokia zehazteko, hiribildu titulua lortzeagatik ordaindutakoaren arabera antolatzea erabaki zuten. Horiek horrela, herri bakoitzaren auzo-kide-zenbakiari erreparatu zioten, David Zapirain Karrikak idatzitako Altzotik Altzora. Ibilaldi historikoa Altzon zehar (Aranzadiren Tolosaldea Historia Bilduma, 2003) liburuan irakur daitekeenez. Altzok 853.125 marabedi ordaindu behar izan zituen, eta ondorioz, herriko etxeei 8 boto egokitu zitzaizkien. Hogeita hamar hiribildu berrien artean hogeita hirugarrena kokatu zen Altzo, apalenen artean. Bere tamainagatik, Altzok ezin izan zuen Batzar Nagusietan jarleku bat berak bakarrik ordaindu, eta horretarako, Bozue Handia batasuneko parte egin zen 1617an. Elkargo hori Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainek osatzen zuten.

Independentzia aurretik
Altzo 1374. urtean elkartu zen Tolosarekin. Zapirain Karrikaren liburuak jasotzen duenez, hori baino lehenago Altzok ez zuen hiribildu bezala jokatzen, leku bezala baizik, «eta, beraz, pentsatu daiteke mugak lausotu samar dituen eremua dela». Udaletxe batera lotuta baino gehiago, Jaunari eta elizari lotuta zeuden altzotarrak, Olazabal edo Salbatore edo Andra Mari parrokietara. Horiek izan ziren euren nortasuna adierazteko ikur nagusiak.

Tolosarekin elkartzean epaile eta legeen araberako bizitzara moldatu ziren, Jaunaren eta leinu zaharren menpekotasunetik ihes eginez, eta Gaztelako erregearen hiri-sarean txertatuz. Altzo Tolosarekin elkartzean bere lurren kudeaketa zuzena mantendu zuen, baina ez zuen auzokoak epaitzeko erabateko gaitasunik.
1450. urtetik aurrera sortu ziren arazoak: sistema horretan herrixkek ez zuten ordezkaritza zuzenik lortzen sendotzen ari ziren Gipuzkoako erakunde politikoetan —Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian—.
Altzorekin lotuta agertzen da historian lehen aldiz Gipuzkoa hitza —Ipuskua bezala—, Iruñeko Antso III.a erregearen garaian. Zehazki, Ipuskuako agintea zuten Gaila Anderearen eta Garzia Azenariz Jaunaren eskutik ageri da, 1025. urtean; bikote horren jabetzen zerrendan aipatzen da Olazabalgo Salbatore eliza.

Altzo, datutan

Azalera
Altzok 9,77 kilometro koadroko azalera du, eta bi auzo nagusitan dago banatuta: Altzo Azpi eta Altzo Muino. Altzo Azpi gunerik zaharrena da, baina gaur egun baita txikiena eta biztanle gutxien daukana ere. Oriako ibarrean dago. Bestetik, Altzo Muino dago, herriko goialdean eta Oria eta Araxes ibaien artean kokatua. Biztanle gehienak Altzo Muinon bizi dira.
Biztanleria
2015eko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, Altzok 345 biztanle ditu; 179 gizonezko eta 166 emakumezko. Adin tarteari dagokionez, 20 urtetik beherakoak 101 dira; 20 eta 64 urte artekoak 202; eta 65 urtetik gorakoak 42.
Langabezia tasa
Altzon 2014a 22 langabeturekin amaitu zuten, biztanleriaren %12,5.  
Udal hauteskundeen emaitza
2011ko udal hauteskundeetan Bilduk 169 boto eskuratu zituen, hau da, botoen %87,56, 7 zinegotzi lortuz. PPk botoen %1,04 eskuratu zuen, hau da bi boto, eta ondorioz, ez zuen ordezkaritzarik lortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!