Altzoko taberna-jatetxeak berriro zabalduko ditu ateak

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 19a, 09:00

Javi Garcia, ezkerrean, Segoretxeko lan taldearekin.

Segoretxe izena hartu du eta Javi Garciak izango du ardura; bihar luntxa eskainiko diete herritarrei.

 

Altzoko Arandia taberna-jatetxeak berriro zabalduko ditu bere ateak asteburu honetan. Hori bai, zenbait aldaketa izango dira. Oraingo arduraduna Javi Garcia izango da, eta izen berria adostu du jabeekin eta udalarekin: Segoretxe. Kartel beharrik ez du izango arduradun berriak, atearen gainean baitzuen izen horrekin jarrita. Izan ere, herritarrek Arandia ordez, Segoretxe deitzen zioten, etxearen izena hori baita. Arandia familiak eraman du orain arte taberna-jatetxea. Urte bukaeran itxi zuten egungo jabeek, Maixabel Arandiak eta Joxelu Uriartek, eta taberna-jatetxea alokatzeko nahia azaldu zuten.

Javi Garcia arduradun berriak 30 urte daramatza ostalaritzan eta negozioaren harremanen bidez jakin zuen taberna-jatetxea alokatzeko aukera zegoela. «Comercial Ugaldeko batek, oso laguna denak, komentatu zidan aukera zegoela», azaldu du Garciak. «Erreferentzia banuen, ondo lan egiten zutela, leku polita zela, eta bertara etorri nintzen jabeekin hitz egitera». Elkarrizketa horietatik bost urteko hitzarmena atera da, eta etzi, larunbatean, ekingo dio ibilbide berriari Segoretxe taberna-jatetxeak.

Lehen egunerako badituzte erreserbaren bat edo beste, baina aurretik, bihar bertan badute hitzordu berezi bat: herritarrentzat eta ohiko bezeroentzat luntxa eskainiko dute, 18:00etatik 20:00etara, ibilbide berriaren inaugurazio ekitaldi moduan.

Lasarten beste bi ostalaritza negozio ditu martxan Garciak, Abend kafe-antzoki eta jatetxea, eta Santxo taberna. Segoretxen Arandian zegoen jarduna mantenduko dutela azaldu du Garciak: «Hortik aurrera, saiatuko gara ahal dugun guztia hobetzen». Asteburuetan berdin jarraituko dutela dio, Arandian eskaintzen zen antzeko menuarekin, eta babarrun jatea ere izango da. Ostiraletan eta larunbatetan afariak ere emango dituzte, plater zehatz batzuk eta plater konbinatuak eskainiz. Bestalde, astean zehar bazkaltzeko eguneko menua eskainiko dute. Lehen asteartetan itxita egoten zen, baina orain egunero irekita egongo dela azaldu du Garciak. «Sukaldaritza su epelean eginikoa izango da, etxekoa, tradizioari jarraipena emanez».

Aurreko lan taldeko hiru pertsona izango dira proiektu berrian ere. «Curriculum ona duen sukaldari bat fitxatu dugu, eta posible da herrikoa den zerbitzari bat ere lan taldean sartzea», dio Garciak. Bera kudeaketan eta barran ariko da, bere semeekin txandatuz. «Nire erronka barraren atzean egoteko, hizkuntza da. Euskaraz mintzatzeko ez naiz moldatzen, baina horregatik ere izango dut semeen laguntza».

Arduradun berriak azaldu duenez, udalaren babesa izan du uneoro: «Udalaren interesa da taberna-jatetxea irekita egotea. Herri txiki bat da eta behar du ostalaritzako gune bat, herriak bizia izateko». Irrikatan dago Garcia proiektu berria martxan jartzeko: «Erronkak gustatzen zaizkit eta gogo handiz nago hasteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!