"Estuasuna ematen zigun itxi egin behar genuela esateak"

Imanol Garcia Landa 2015ko urt. 16a, 07:00
Arandiako familia handia: arduradunak eta lankideak senideekin. ANTTON IZTUETA

Maixabel Arandia eta Joxelu Uriarte Arandia taberna-jatetxeko arduradunek urte amaieran itxi zuten mende bat baino gehiagoko historia duen Altzoko elkargunea. Entzun elkarrizketa:

 

 

«Hunkigarria» izan zen Arandia jatetxea eta taberna azkenekoz ireki zuten eguna Maixabel Arandia eta Joxelu Uriarterentzat. Abenduaren 30a zen, eta Altzoko herritarrak gonbidatuta zeuden. «Pintxoak-eta prest genituen jendeari banatzeko, eta kanpoan jende asko zegoen, eta nire artean pentsatu nuen, zer egiten dute horiek denak kanpoan?», ekarri du gogora Arandiak. «Ateratzeko esan ziguten eta hor zeuden bi dantzari, soinujole bat eta biolin-jotzaile bat, eta agurra egin ziguten, eta oso hunkigarria izan zen». 

Espero zituzten guztiak egun berezi horretan izan ziren. Aurretik ere izan ziren agurrak eta bezeroekin solasaldiak itxiera zela eta. «Estuasuna ematen zigun itxi egin behar genuela esateak», dio Uriartek. «Lehenbizikoa jakin zuena udala izan zen, eta gero harrobiko gure bezeroak, urte asko daramatzatenak hona etortzen. Hortik aurrera pixkana joan ginen komentatzen, eta bezeroak hasi ziren esaten ez zela posible, ez zutela sinisten, eta gu baietz, azkenean pentsatu baino lehen itxi behar genuela».

Izan ere, Arandiako arduradunek espero baino lehen jarri dute itxita dagoenaren kartela. «Osasun arazoengatik hartu dugu erabakia», dio Arandiak. «Hilabete batzuk pasa ditugu gaizki osasun aldetik. Nik hanka hautsi nuen, nire ahizpak ere izan du arazoen bat, senarrak ere bai». Uriartek gogora ekarri du urrian dena pilatu zitzaiela: «Alaba ere ospitalean zegoen, Maixabel sukaldean aulki gurpildunekin zebilen... Eta azkenean esan genuen horrela ezin genuela jarraitu, eta itxi egin behar genuela. Gure asmoa zen urte eta erdi gehiago-edo jarraitzea, baina ikusten ari ginen jendeari ezin geniola eman nahi genuen arreta, eta ezin genuen orain hasi langile gehiago hartzen».  

Historia luzeko elkargunea  
Ez dakite zehazki zenbat urte daraman Arandia taberna-jatetxeak irekita, baina mende bat baino gehiago izango dela bai. «Nire aitonatik dator, eta ez dakit bere aitak ere zerbait zuen», dio Maixabel Arandiak. «Orduan herriko taberna txiki bat zen, bazkariak-eta ez ziren emango. Mendigoizaleei salda, haragi egosia, txorizoa, eta horrelakoak emango zitzaizkien. Nire aitak kanpoan egiten zuen lan, Papelera Españolan, eta nire amak eman zion bultzada jatetxe bezala». Sukaldari ona zela dio Arandiak bere amari buruz: «Tolosako Bentaundin aritutakoa zen. Sekulako bultzada eman zion eta bezeroak etortzen hasi ziren».

Arandiak sukaldeko ardura ez zuen hartu orain urte batzuk arte. «Nik betidanik kanpoan egin nuen lan, eta eguerditan etortzen nintzen bazkaltzera eta lagundu egiten nion amari, baina sukaldearen inguruan ez nekien ezer, nire amak egiten baitzuen dena». Gero ama gaixotu zenean, jarraipena eman behar zitzaiola eta  bera gelditu zen. Uriartek garbi du: «Azkenean horrelako jatetxe eta leku batean familiakoen artean ez bada hartzen eta buru-belarri aritu lanean, hau ez da aurrera ateratzen». Langileak izan dira bertan eta gero asteburuetan ere senideek laguntzen zuten.

Aldaketa handiak bizitu izan ditu Arandia jatetxeak. «Nire ama hasi zenean zortzi bazkari inguru zerbitzuko zituen», dio Arandiak. «Gogoratzen naiz harrobiko gidariak etortzen zirela. Eta gaur egun, itxi aurretik 80 inguru zerbitzatzen genituen». Sukalde mota ez zen hainbeste aldatu: «Gauza berri batzuk sartu ditugu, baina gure amaren sukaldea egin dugu beti. Ikasi ere berarekin ikasi genuen».

Herri txiki bateko taberna eta jatetxe bakarra izateak, eta horrelako historia luzea izateak, bere  arrastoa utzi du. «Ohiko bezeroak eta herritarrak tabernara etortzerakoan, lehenengo bisita sukaldera egiten zuten. Ogitartekoak zuzenean sukaldean eskatzen ziren. Hau oso irekia izan da», dio Arandiak, eta Uriartek gaineratu: «Harremana etxekoa  izan da, gertukoa». Gainera, herriko elkargune eta erreferentzia izanik, hainbat lokaleko giltzak ere beraiek izaten zituzten, eta bertakoak ziren komun publikoak.

Arandiaren itxierak kezka sortu du herrian, horrelako leku eta zerbitzuak bizia ematen baitiote herriari. «Bi edo hiru aldiz bildu gara udalarekin», esan du Arandiak. «Interesa dute baten batek alokairuan hartzeko, eta laguntza ere eskaini dute».

Arandiak eta Uriartek espero dute alokatu ahalko dutela taberna-jatetxea eta lehenbailehen izatea ere nahi dute. «Etorri da jendea interesa duena eta galdetzera, eta uste dugu sortuko dela aukera», diote. «Ea posible den herriko jendea izatea, edo behintzat euskalduna izatea, horri garrantzia ematen diogu». Badakite herri txiki batean horrelako zerbitzu batek duen garrantzia: «Guri ere gustatuko litzaiguke, Altzon bizi eta hona etortzea zerbait hartzera. Gainera herritarrengandik ere babesa izango du etortzen denak, herritarrek Arandia irekita egotea nahi dute eta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!