IV. Begiradak zine-aldia antolatu du Elordi elkarteak, lau filmerekin

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 5a, 10:56

Ostiralean izango da lehenengo emanaldia, 'El maquinista de la General' filmarekin; larunbatean mus txapelketa, punttu txapelketa eta bertso afarian izango dira. Manu Olano Elordiko lehendakariak eman du ekitaldien berri Ataria irratian.

Elordi elkarteak hainbat ekimen antolatu ditu, eta horietako bat zinemarekin du zerikusia. Ostiral honetan IV. Begiradak zine-aldia hasiko da, eta hileko beste ostiral guztietan ere filmak eskainiko dituzte, guztira lau, beraz.

Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira, udaletxeko ekintza aretoan. Ostiral honetakoa, azaroak 7, El maquinista de la general izango da. Hurrengo astean, azaroaren 14ean, Zorion perfektua emango dute. Azaroaren 21ean Pequeña Miss Sunshine eskainiko da, eta azkeneko filma, azaroak 28koa, Ocho apellidos vascos izango da.

Larunbata, ekitaldiz betea

Ostiralean hasiko bada zine-aldia, larunbatean giroa ziurtatuta dago Elordi elkartean. Batetik, XVII. Mus Txapelketa eta XVI. Punttu Txapelketa jokatuko dira. 15:00etan hasiko dira biak, eta izena emateko aukera ordu erdi lehenago irekiko da elkartean bertan. Partaideen artean gutxienez batek herritarra izan behar du. Musean lau erregetara eta hiru usteletara jokatuko da, eta punttuan lau tantotara.

Arratsaldean karta jokoan aritu eta gero, gauerako bertso afaria antolatu dute. Helduek 18 euro ordaindu behar dute eta 21:00etan hasiko da bere afaria; haurrek 6 euro ordaindu behar dute eta 20:00etan hasiko dira. Bertsolariak Mikel Artola eta Unai Mendizabal izango dira. Txartelak Segoretxen edo elkarteko zuzendaritzako kideei eskatuta eskuratu daitezke, eta gaur da azken eguna horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!