Etxebizitza tasatuentzako izen ematea azaroaren 3an amaituko da

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 16a, 11:20

Bigarren eraikin bat egingo da, sei etxebizitzetakoa; lehenengoa datorren urtean bukatuko da.

Altzon egiten ari diren etxebizitza tasatuen eraikina datorren urtean amaituko da, eta aurrera begira beste eraikin bat egingo da, hori ere sei etxebizitzetakoa, bestearen ondoan egingo dena. Bigarren eraikin horretarako izen ematea zabalik dago udaletxean eta azaroaren 3an bukatuko da.  
Etxebizitza tasatuentzako ordenantza onartu zuen bere garaian udalak, eta horrek ahalbidetzen du beste eraikin bat egitea. Etxebizitzen prezioa 186.000 euro gehi BEZa izango da, eta sarrera, sukaldea, egongela, 2 bainugela, 3 logela, balkoia eta garaje itxia izango dute. Miren Balerdi alkateak azaldu duenez, «lehentasuna emango zaie altzotarrei. Ez badute sei etxebizitzak betetzeko adina herritarrek izena ematen, herritik kanpokoek ere aukera izango dute».
Hain justu, bukatzen ari diren lehenengo eraikinetik bost etxebizitza altzotarrentzat izango dira eta bestea herritik kanpoko batentzat. Eraikitzaileak uztailaren 31 arte du epea horiek bukatzeko. Etxebizitza tasatuen eraikinaren aurrean etxebizitza libreko eraikin bat ari dira egiten. Tasatuen bigarren eraikina egiten denean, aurrean ere etxebizitza libreko beste eraikin bat egingo da, hauek ere sei etzebizitzetakoak.

Erretirodunen Eguna, 26an
Hil honen 26an izango da aurtengo Erretirodunen Eguna. 12:00etan hasiko dira ekitaldiak, meza nagusiarekin. Ondoren, herriko haurren abesbatzaren saioa izango da, gero dantzarien emanaldia, eta horren ondoren Anjel Larrañaga eta Pako Etxeberria bertsolariak ariko dira.
Eguerdikoak bukatuta, 14:15ean hasiko da bazkaria, Arandia jatetxean. Bertsolariak ere izango dira, eta Loatzo musika eskolako herriko musikariak ere ariko dira giroa alaitzen. Bazkarirako izena eman nahi duenak hilaren 22 arte du horretako aukera; udaletxean edo Arandia jatetxean bertan egin dezake.

Azalaren errehidratazioa, hizpide
Joan zen ekainean azala zaintzeko eta makilatzen ikasteko eskaini ziren saioei jarraipena emanaz, Maria Luisa Arrietak azalaren errehidratazio saioa eskainiko du hilaren 22an. Parte hartzeko hiru aukera daude: 10:00etatik 12:00etara, 16:00etatik 18:00etara, eta 19:00etatik 21:00etara. Interesa dutenek izena eman behar dute udaletxean, eta horretarako azken eguna bihar da.

Ikastaroak martxan daude
Herrian antolatu diren ikastaroak martxan daude. Helduen soinketa, esaterako, astearte eta ostegunetan izaten da, Batzarremuñon, 16:45etik 17:45era. Yoga ikastaroari dagokionez, astelehenetan eta asteazkenetan, 20:15etik 21:45era, eskola azpian. Dantza  ikastaroaren taldeak eta ordutegiak, berriz, udaletxeko eta eskolako iragarki oholetan jarrita daude.
Hainbat zerbitzu ere martxan daude Altzon. Horrela, liburutegi eta haur gela zerbitzuak aurten Batzarremuñon eskaintzen dira ohiko ordutegian, hau da, 16:30etik 18:30era, eta Ana Maria Amiano izango da arduraduna. Bestalde, KZgunearen lekua aldatu egin da. Orain arte udaletxean esakintzen zen zerbitzu hori, baina aurtengo ikasturtetik hasita Batzarremuñon dago, liburutegian hain justu. Tutorea hilean bi aldiz joaten da; hilabete batean goizez, 09:00etatik 13:00etara, eta hurrengoan arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Hilabete honetan hurrengo bisita 23an izango da, arratsaldez. KZguneak doan hainbat ikastaro eskaintzeko katalogoa duela azaldu dute udaletik. Ikastaro horietako batean interesa duenak KZguneko tutoreari edo udaletxean esan dezake, taldeak eta ordutegiak antolatzeko.
Horrez gain, podologia zerbitzua martxan dago. Leire Amondarainek eskaintzen du, udaletxeko beheko gelan. Txanda aurrez hartu behar da, 615 73 55 95 zenbakira deituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!