Xabier Olano: "Nahia baino gehiago, sentipen eta konpromiso bat izan da"

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 4a, 18:40

Altzotarra da Xabier Olano (1959) eta, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko Euskal Herria Bilduren hautagai izendatu berria den arren, argi dauka Altzon jarraituko duela bere eguneroko bizitzak. Kemenez heldu dio erronkari, urte luzetako lan-esperientziatik egiteko modu berriak martxan jarri nahi dituela nabarmenduz. Eskualde "orekatu eta egituratu" bateko herritarra izaki, hautagai moduan TOLOSALDEKO ATARIAri eskaini dizkio lehen hitzak, esklusiban.

Ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia zara. Erronka handi batean sartu zara, erabakitzea erraza izan da?

Ez, erabaki horiek ez dira inoiz errazak izaten. Norberaren erosotasunari begiratuz gero, askoz ere erosoago gaude horrelako arduretatik kanpo. Baina bizitza osoan ibili izan gara gure herria eta gizartea aldatu nahian, eta erronkak datozenean konpromisoak hartzea dagokigu. Beraz, nahia baino gehiago izan da sentipen bat eta konpromiso bat.

Noiz eta nola iritsi zitzaizun proposamena?

Bada denbora bat proposatu zidatela, eta zenbait buelta eman nizkion. Hasieran ez nuen oso garbi ikusten, baina, gero, nigan jartzen ari ziren konfidantza eskertzekoa zela iruditu zitzaidan. Eta, aldi berean, gauzak hobetu daitezkeela sinesten badut, horretan nire alegina egin behar dudala ere pentsatu nuen.

Ingurukoei iritzia eskatu al diezu erabakia hartzerakoan?

Oso jende gutxik izan du honen berri. Noski, gertukoek eta familiakoek bai, baina gehiago izan da neure erabakia.

Eta gutxi horiek nola hartu dute berria?

Batzuek animatu egin naute, eta seme-alabek ere ilusioz ikusten dute; zer esan behar dute, bada? Inguruan ere denetik izan da, baina, orain artean, denak animoak eman dizkidate eta laguntzeko prest azaldu dira. 

Atzera jauzi eginda, ahaldun nagusi izateko hautagai izan baino lehen, ibilbide luzea egina duzu. Bide hori errepasatzerik bai?

Nik uste dut zortea izan nuela, ikasketak amaitu eta segituan izan bainuen lanean hasteko aukera. Horrela, 22 urterekin udal idazkari moduan ari nintzen jada, Ikaztegietan, Orendainen eta Baliarrainen. Ondoren, 27 urterekin, alkate izan nintzen neure herrian, Altzon. Eta, jarraian, beste hamabi urtez, hiru legealdi osotan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide izandakoa naiz. Epe hura amaitu eta, ondorengo zortzi urteetan, lege-kanporatzearen ondorioz, ez dugu aukerarik izan jarduteko. Horrela, azken legealdian, berriro Gipuzkoako Foru Aldundian Ogasun zuzendari naiz. Nik uste dut aukerak izan ditudala eta konpromiso batzuk ere adierazi ditudala ibilbide horretan.

Nolako oroitzapenak dituzu mundu horretan sartu zinen lehen urte haiez?

Oroitzapen onak. Norbera gaztea denean, ilusioa duenean eta lanerako gogoa besterik ez duenean, gauzak erraz ikusten dira. Batzuetan pentsatzen dut ausartak ere izan ginela garai hartan, baina egin behar zen, egin genuen, saiatu ginen gure eginkizuna ahalik eta ondoen betetzen, eta ibilbidea hor dago.

Azken lau urteotara itzuliz, nola baloratzen duzu Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian egiten ari den lana?

Nik uste dut oso lan ona dela. Kontuan hartu behar da oso garai zailak egokitu direla: baliabide gutxi, ekonomia krisi larria, zorpetze handia,... Eta egokiera horiek guztiak kontuan izanda, hala ere, Gipuzkoa berri baterako eta beste eredu baterako eman diren urratsak ematea oso ondo baloratzeko kontua dela uste dut.

Altzo bezalako herri txiki batetik, Donostiarako jauzia egingo zenuke ahaldun nagusi izatera iritsiz gero. Zein ildo markatu nahiko zenuke?

Saiatuko naiz nire bizitza pertsonala gaur egungoaren ahalik eta berdinena izan dadin. Altzon jaio nintzen, hemen bizi naiz eta hemen bizitzen jarraitu nahi dut, hori oso garbi daukat. Baina, eguneroko lanean, dudarik gabe, beste erronka eta ardura batzuk izango dira. Eta hor, beste eredu bat nahi dut: Gipuzkoa hobetzen jarraitu nahi dut. Uste dut badagoela zeregina eta azken urteotan hasitako bidean nahiz emandako urratsetan, sakondu egin behar dela uste dut.

Egindako onetik eta txarretik, baduzu nabarmentzeko zerbait?

Nik uste dut askoz ere gehiago dela ona. Ziuraski ez genuen denetan asmatuko, eta tartean hanka sartuko genuen, eta gauzak oker ere egingo genituen. Baina emandako urratsak garrantzitsuak izan direla uste dut, ibilbide baten hasiera baitira. Datozen lau urteotan, beraz, hori sakondu nahiko genuke.

Zu zara zerrendaburu. Zure kide izango liratekeenen zerrenda osatuta dago jada, edo horretan ari zarete?

Oraindik lan handia dugu aurretik, ia zortzi hilabete falta baitira hauteskundeetarako. Eta zerrendak aurkezteko ere bospasei hilabete geratzen dira. Zerrendak osatzea, gainera, herrietan egiten den prozesua da. Orain prestaketa lanetan ari gara, programa osatuz eta ideiak landuz. Beraz, oso garaiz da, oraindik, zerrendak nortzuk osatuko dituzten esateko.

Parte-hartzea bultzatu nahi izan duzue azken lau urteotan. Zein iritzi duzu metodologia horren inguruan?

Urrats oso garrantzitsua izan da, ohituak baikeunden foru aldundia, Donostian, urruti zegoen erakunde bat zela pentsatzera; hala ikusten genuen. Horregatik, azken hiru urteotan, herritar eta eskualdeen parte-hartzea asko bultzatu dugu. Horrela, legealdia bukatzeko falta den denboran eta etorkizunean ere indartsu jorratu beharreko bidea da. Nire esku dagoen neurrian, zalantzarik ez hori sustatzen saiatuko naizela.

Oposizioak hondakinen gaiarekin eskatu dizkizue kontuak, gehien, legealdi honetan. Zure hautagaitzan nola eragingo du horrek?

Oposizioaren eginkizuna indarrean dagoena gastatzea edo ahultzea da, beraz, normaltzat hartu behar dugu hori: gastatze horretarako, beretzat eraginkorrenak diren gaiak erabiliko ditu. Hondakinena izan da horietako bat eta, uste dut, nahiko ondo bideratu dela eta aurrerapauso handiak eman direla; Bildu ez balitz izan, gaur egun, ziuraski, errauste planta eraikitzen ariko ziren jada. Hondakinekin batera, bidesariena ere beste gai bat izan da, eta gehiago ere izango dira, baina ezin gara oposizioak erabiliko dituen gaiei begira egon. Guk gure lana egin behar dugu, eta oposizioak berea.

Eskualdera itzuliz, nola ikusten duzu Tolosaldea?

Eskualde bizia dela uste dut, nahiko orekatua eta ondo egituratutakoa. Tolosa hiriburu nabarmena du, baina inguruan baditu herri handi samarrak ere. Eta herri horiek, inguruan, herri txiki mordoa dute. Bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta bakoitzak bere izaera eta osagaia eskaintzen dio Tolosaldeari.

Eta, zure herriari begira jarriz, Altzo nola aldatu da alkate izan zinenez geroztik?

Asko, bai Altzo eta baita inguruko herri guztiak ere. Urte asko pasatu dira 1987 harrez geroztik, eta uste dut, oro har, onerako aldatu direla herri guztiak. Bizi-kalitatea hobetu dute eta, nire ustez, Altzo bezala, Tolosaldeko herri txiki guztiak bizi-kalitate maila altukoak dira. Horri eutsi egin behar diogu aurrerantzean ere.

Ogasuna da, gaur egun, zure lan-eremua. Zein da Gipuzkoako egoera?

Ogasunean bizpahiru ezaugarri nagusi izaten dira. Batetik, diru-bilketa garrantzitsua da, eta horretan ondo ari gara. Fiskalitatean, berriz, zenbait neurri proposatu ditugu eta batzuk bakarrik onartu dituzte; datozen lau urteotan onartu ez diren horiek berriro martxan jarri ahal izatea espero dugu. Azkenik, aurrekontuen kudeaketa dago; ditugun baliabideak ahalik eta txukunen erabiltzen eta lehentasunak ondo finkatzen saiatuko gara. Hori da, azken finean, politika egitea.

Bukatzeko, nolakoa zaizu euskarazko komunikabideen egoera?

Horretan ere aurrerapauso handiak eman direla uste dut. Gogoan dut, duela zenbait urte, horrelako lanetan murgildu ginenean, euskal komunikabiderik apenas zegoela. Hori guztia orain dela urte gutxi sortutako da, eta eskualdeetako ahalegin hori guztia berriagoa da oraindik. Tolosaldean, zehazki, Atariak egin duen bateratze hori azpimarratzekoa eta txalotzekoa dela uste dut. Sinergia horiek lagunduko dutela uste dut, eta ditugun baliabideei ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatu behar dugula. Bide onetik goazela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!