Marian Galarraga: «Tolosa punta-puntakoa da zinema zaletasuna sortzeko eta filmak euskaraz ikusteko»

Izarne Olano 2013ko aza. 29a, 12:57
Marian Galarraga
Marian Galarragak «Tarzan Eskasa» izeneko pelikula estreinatu berri du, hilaren 22an, Donostiako Antiguo Berri zine aretoan. Marian Donostian bizi den altzotarra da eta betidanik egin du euskararen aldeko borroka; garai batean irakasle bezala hasi bazen ere, bikoizle lanetan jardun du gehienbat. Duela hogei urte Tinko Elkartea sortu zuen filmak euskarara itzultzeko helburuarekin eta orain, bertako lehendakaria da.

Euskara zinema aretoetan sartu eta euskararen normalizazioa bultzatzeko sortu zen Tinko. Lortu al du helburua?
Dena ez. Duela hogei urte filmak areto komertzialetan estreinatzen hasi ginenean, nire helburua ordutik hamar bat urtera, Euskal Herrian film guzti-guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea zen. Urte mordoa pasa dira eta hori ez da bete eta ez da inoiz beteko. Dagoeneko etsi dut eta ia ezinezko ikusten dut, baina gutxienez, euskararen presentzia minimo bat lortu dugu zine aretoetan. Horregatik, ametsa guztiz bete ez den arren, nire ilusioetako bat bete da eta pozik nago, karteldegiaren zati bat euskaraz ikusi daitekeelako.

Euskarara bikoiztutako lehen filma «Alargunen Gailurra» izan zen.
Bai, mugarria da film hori, areto komertzialetan euskaraz estreinatu zen lehenengoa izan baitzen. Tinkoren lehenengo urtetan, eskoletako programetan bakarrik jartzen genituen filmak, areto komertzialetan ezinezkoa zelako. Pelikula horrekin, ordea, salto hori ematea lortu genuen.

Ordutik nolako ibilbidea izan du Tinkok?
Latza. Hasiera batean inork ez zuen sinesten proiektu honetan, nire amets bat zela eta ezinezkoa zela pentsatzen zuten. Horregatik, nire poltsikotik dirua jarrita posible zela erakutsi behar izan nuen. Oso gogorra izan zen hasiera hura, baina, egia esan, arrazoi pittin bat bazuten, beraiek ere saiatu zirelako eta ikusi zutelako areto komertzialetan multinazionalek oztopoak jartzen zizkietela euskarazko film baten aurrean. Hala ere, nik pausua eman nuenean eta ikusi zutenean nire nahia lortu nuela, posible zela ikusi zuten eta orduan hasi ginen diru-laguntzak jasotzen.

Euskara eta zinema uztartuz ia hogei urte daramatzazu. Euskarak aurrera egin al du bide horretan?
Euskarak hobetu egin du, dudarik gabe, orain dela hogei urteko euskararen maila eta gaurkoaren artean alde handia baitago, baina pertsonek, helduak bereziki, atzera egin dute. Askotan ikusten ditut euskaraz ederki dakiten helduak haurrari euskaraz hitz egiten, baina helduen artean gaztelaniaz egiten dute. Horrek asko amorrarazten nau. Gainera, helduak oso ohituta gaude gaztelaniazko edukietara eta oso errotuta dauzkagu hizkuntza horretako pelikulak. Gazteleraz oso ondo bikoiztuta daude pelikulak eta nahiago izaten dute horiek ikusi, euskaraz hain ondo bikoiztuta ez dagoen film bat baino. Haurren kasuan, aldiz, aurkakoa gertatzen da. Ohituta daude euskarazko bikoizketetara eta horientzat ez du inongo misteriorik areto batera joan eta euskaraz ikusteak, ez zaie arrotza egiten.

Horregatik bikoizten dituzue haurrentzako filmak soilik?
Bai, horrexegatik. Haurrek oso erraz ikusten dute eta gainera, behar dute. Azken finean, nire asmoa haur guztiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera izatea da. Helduei, aldiz, zaila egiten zaie euskaraz ikustea eta filmak zein hizkuntzatan ikusi beraien esku dagoenez, guk ez dugu zereginik. Beraien hautua da.

Euskara irakaslea izan zara, beraz, aspalditik datorkizu euskararekiko lotura.
Bai, egunez lan egin eta gauez Gau Eskolan aritzen nintzen jendeari euskara erakusten. Betidanik izan dut euskararekiko lotura, Altzokoa izanda...

Benetan euskara maite duzulako egiten duzu orduan, ezta?
Bai, euskarak merezi du eta nire ustez, bakoitzak bere lan arloan euskararen gabeziak ikusi behako lituzke, horiek konpontzen saiatzeko. Ni abokatua banintz, euskararen alde dagoen guztia egingo nukeela uste dut eta justizia jauregietan gertatzen dena eragozten saiatuko nintzateke. Hau da, dudarik gabe, dena euskaraz jartzen saiatuko nintzateke. Baina nire kasuan, bikoizlea naizenez, filmak euskarara itzultzea da nire eginbeharra, euskal herritarrei aukera hori eskaintzeko. Kontuan hartu behar dugu hemen hizkuntza bat daukagula eta hizkuntza horretan bizi nahi dugunez, pelikulak euskaraz ikusten saiatu beharko genukeela.

Hezkuntza Sailak laguntzak kendu zizkizuen, ixtekotan ere egon zarete… Zer sentitzen da nahi baina ezin horren aurrean?
Berriro, orain dela hogei urteko egoera itzuli garela sentitzen dut. Hasiera txarrak izan genituen, eta dirudienez, amaiera okerragoa izango dugu. Sozialistek sekulako ostikada eman zioten euskarari eta euskaraz zen guztiaren aurrean aitzakiak jartzen hasi ziren, beste lehentasun batzuk zeudela esanez. Gosea, krisia... nola gastatuko dugu ba dirua pelikula batean? Aitzakiak besterik ez genituen entzuten. Lehenagoko egoera emankor hori berreskuratzea kostako zaigu, baina, gutxienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eman digu ikasturte honetarako eta horrek animatuta, egin dugu aurrera. Datorren urtean ikusiko da zer egin, beste zerbait aterako da aurrera jarraitzeko, guk behintzat, ez dugu etsiko. Etsaiak hori nahi du, Tinko geratzea, euskarara filmak itzuliz enbarazu egiten diegulako, baina ez dute lortuko.

Zinemara zuzendu zarete, zergatik ez, esaterako, telebistara?
Pelikulak egitean, eskubideak erosten ditugu, gure kasuan, Europan. Gehienbat Alemania eta Suitzan erosten ditugu eta behin hori eginda, lehenengo areto komertzialetan estreinatzen ditugu. Ondoren, telebistan emitituko lirateke telebistak nahiko balu eta azkenik,    DVDak ateratzen ditugu. Hau da, pelikularen banaketan leiho batzuk daude eta horiek errespetatu behar ditugu. Baina zer gertatzen da? EITBk ez duela euskarazko pelikularik nahi. Aurreko astean eskaintza bat egin nien, pelikula batzuk eskaini nizkien, telebistan emititzeko eskubideak ordainduta eta erosketa buruak erantzun zidan ez zitzaiela interesatzen, ez zela beraien lehentasunetakoa. Horixe, telebistan ez emititzearen arrazoia.

Film amerikarrak edo europarrak?
Disney ez zait gustatzen, hasteko, transmititzen dituen mezuak ez nituzkeelako nire umeentzat nahi. Benetako altxorrak Europan daude eta oso pelikula on eta politak izaten dira, balore batzuk lantzen dituztenak. Hala ere, gertatzen dena da hainbeste pelikula egonda, denak ezin direla banatu. Espainian, esaterako, milaka geratzen dira estreinatu gabe eta guk horiek bikoizten ditugu, gure haurrek euskaraz ikusteko aukera izan dezaten.

Behin, behi bat hartuta joan zineten areto batera, «Banpiro Txikia» estreinatu zenutenean.
Bai, pelikula bat estreinatzen denean areto komertzial batean, promozioa oso garrantzitsua da. Ameriketatik Disneyko pelikulak etortzen direnean, pelikula bera ez da ona, baina egiten duten promozioa ikaragarria izaten da eta horrek saltzen du produktua. Tinkok baditu sormena eta irudimena barra-barra duten bazkide batzuk eta horiei esker gauza originalak egiten saiatzen gara.
«Banpiro Txikia»-ren kasuan, pelikulan eta kartelean behi zuri-beltz bat agertzen zen eta aretora huraxe eramatea otu zitzaigun. Beraz, Altzoko baserri batetik behia hartuta joan ginen. Haur guztiak harrituta egon ziren egun hartan. Beste behin, bideo bat grabatu genuen itsasoan. Itsasontzi batean Elena Iruretak mezu bat irakurri zuen pelikulak euskaraz ikusi behar zirela esanez eta mezu hori botila batean sartuta uretara bota zuen. Ondoren, botila Hondarribiko hondartzara iritsi eta bertako haurrak irakurtzen ari zirela ikusten zen. Denetatik egiten saiatzen gara.

Tolosaldean badago euskarara bikoiztutako pelikulak ikusteko ohitura?
Egiten den guztia Tolosara ekartzen dute. Euskarara bikoiztutako pelikula guztiak, edo euskaraz egindakoak, den-denak jartzen dituzte. Alde horretatik, Tolosa da, nik uste, zinema zaletasuna sortzeko eta filmak euskaraz ikusteko punta-puntakoena. Bono sistema hori izugarria da eta gainontzeko herriek adibide hori jarraitu beharko lukete, sarrerak merkeago jarrita sortzen delako zinemarako zaletasuna. Esaterako, Tolosan aurkeztu genuen azken pelikula «Agur esatea» izan zen eta Leidor bete egin zen.

Bertako dendetan aukera gutxi dago euskarazko pelikulak erosteko, ezta?
Egon beharko luke, guk DVD mordoa ateratzen dugu eta. Baina, egia da batzuk biltegian egoten direla, besteak bistan egon ordez, atzean ezkutatuta... Jendeak, askotan, pelikula eskatu egin behar izaten du, dendan ez direlako ikusten. Baina ikusten ez badira ez da guk ez ditugulako banatzen, baizik eta inor ez delako molestatu horiek bistan jartzeaz.

Zinema gustatzen al zaizu? Euskarara bikoiztutakoak?
Zinema ikaragarri gustatzen zait. Niretzat, ihesbide bat da, ametsak eragiten dizkit eta eguneko garraztasunetik ateratzeko irtenbidea da. Ahalegintzen naiz euskaraz ikusten, baina pertsonalki aitortu behar dut pelikulak jatorrizko bertsioan ikustea gustatzen zaidala. Helduok aukera dugu pelikulak jatorrizko bertsioan ikusteko. Nahi duenak, gainera, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluak izaten ditu. Hori bai, jatorrizko pelikulak ikustean, zuzenena itzulpena azpititulu bidez egitea da eta ez batzuek egiten duten bezala gaztelerazkoa bikoiztu eta euskarazkoa azpidatziekin jartzea. Horrek ez du balio, tranpa egitea baita. Beraz, bi hizkuntzetan azpidatzita jartzea litzateke bidezkoena.

Pertsonalki nola bizi duzu euskararen egoera?
Oso amorrarazita. Gainera, zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta erradikalagoa jartzen ari naiz eta ez dut beldurrik, ez lotsarik ezertarako. Denda batera sartu eta lehenengo hitza beti euskaraz egiten dut. En castellano, por favor erantzuten didatenean ez dakidala esan eta alde egiten dut, ez bada oso beharrezkoa noski. Ez da posible Euskal Herrian, euskaraz bizi nahi dugunok denda batera sartu eta gaztelaniaz erantzutea. Oso erradikala naiz horretan. Izan ere, ahalegintxo txiki bat egin beharko lukete denek. Egoera hori ez dut ondo eramaten, euskaraz bizi nahi dut eta horrek sekulako amorrua ematen dit.
Gainera, elebitasun joera dago, euskara eta gaztelaniaz hitz egitekoa; esaldi bat gaztelaniaz, euskaraz bestea, euskaraz hasi eta gaztelaniaz amaitu... Bi hizkuntzak nahasten ditugu eta amorru handiena nire burua gaztelaniazko esaldi bat entzuten dudanean ematen dit. Oso errotuta daukagu elebitasun hau, burmuineraino sartuta. Horregatik, borroka egin behar dugu euskararen alde, guk egiten ez badugu nork egingo du ba? Guk egin behar dugu, horregatik jaio gara eta Euskal Herrian.

Zein alde dago orain dela hogei urteko Marian eta gaurkoaren artean?
Zaharragoa naizela eta orain euskararen aldeko borroka gehiago egiten dudala. Badirudi gutxiago dudala galtzeko, eta adin honetan gainera, pentsatzen dudana esaten dut, inongo lotsarik gabe. Euskararen alde borroka egingo dut azken arnasa hartu arte.

Altzo faltan botatzen al duzu?
Bai, asko. Nire ibilbidea bertan amaitu nahiko nuke, Altzon jaio eta Altzon hil.

Zein da zure ametsa?
Jendeak euskara erabiltzeko ohitura izatea, hau da, euskaldunak behintzat euskaraz hitz egitea eta ohitura txarrak izanez gero, horiek aldatzen saiatzea. Bigarrenik, zine aretoetan pelikulak euskaraz ikustea nahiko nuke, eta ez hori bakarrik, zinean bezala baita gainontzeko lekuetan ere euskarak inongo debekurik ez izatea.

Zer esango zenioke Tolosako familia euskaldun bati, semeari gaztelaniazko pelikulak soilik jartzen badizkio?
Beraien aukera dela eta beraiek ikusiko dutela zer egin. Nire eginbeharra pelikulak euskaraz jartzea da eta gurasoena, berriz, euskaraz dagoen guzti hori beraien haurrei jartzea. Adibidez, ezagutzen dut familia bat telebistarik gabe bizi dena, beraien haurrei DVDak jartzen dizkietelako. Honela, gurasoek nahi duten edukia jartzen diete, euskaraz. Hori, noski, kontzientzia maila handia izatea da, baina denok jarraitu beharko genuke hortik. Izan ere, nahiz eta euskaldunak izan, jendeak ez dauka kontzientzia maila hori, eta garrantzitsua iruditzen zait jendeak kontutan jartzea gure eginbeharra dela euskara mantentzea eta oinordekoei uztea. Ondarea utzi behar diegu, euskara utzi behar diegu, eta kontzientzia hori gabe ez goaz inora. Nik behintzat, ondorengoak ez haserretzeko ahal dudan guztia egingo dut.

Tinko Elkarteak, izenak dioen bezala, Tinko dirau, ze plan etorkizunerako?
Ostiralean, azaroaren 22an, «Tarzan Eskasa» estreinatu berri dugu Donostian. Marrazki bizidunak dira eta oso pelikula polita da, haur eta helduentzako aproposa. Gainera, larunbatean Irrien Lagunak bertan egon ziren giroa apur bat alaitzeko. Hortik aurrera, ikusiko da zer dakarren etorkizunak. Guk hor jarraituko dugu gure esku dagoen guztia egiten, baina ez dakit zein mailataraino lan egin ahalko dugun, ez baitago gure esku. Dirua instituzioek ematen dute eta beraz, guk ez dugu zereginik. Hala ere, ez dugu etsiko eta hor egongo gara jo eta ke. Beraz, ziur izan ahalegin guztiak egingo ditugula pelikulak euskaratzen jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!