Haurrek eta irakasleak oporrak hartu berri dituzten honetan, une aproposa da ikasturteko balorazioa egiteko eta merezitako atsedena hartzeko. Gure alaba zaharrenak LH bukatu du aurtengoan eta guretzat ere guraso bezala parada polita da hiru urterekin eskolaratu genuenetik hamabi urte bete arte egin duen ibilbideari errepaso bat egiteko.
Hasteko esan behar dut, eskola txiki batean eman dituela HH eta LH, Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolan, hain zuzen ere. Eskola txiki batean eskolaratzen denetik 12 urterarte bertan izateak bere heziketan garrantzi handia du guretzat. Eta ez eskola txiki bat delako, eskola txikiak aurrera eramaten duten hezkuntza eredua eta proiektuagatik baizik; haurrik ez genuenean ere asko erakartzen gintuen eskola txikien proiektuak sakonean ezagutu ez arren, orain ordea gure alabak eskolaratu genituenetik esan dezakegu egin geniezaieken oparirik onena izan dela.
Eskola txikiek bizi duten bizi iraupen zailtasunaren gainetik aurrera eramaten duten ereduan dagoela gakoa esango genuke, konstruktibismoan oinarritzen duten irakas eta ikas ereduan. Bertan elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira, herriaren nortasuna eta kulturan oinarritutako heziketa bultzatzen da, naturarekin harreman zuzena du eta irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremana estua da.
Lekuan lekuko eskola txikiek izango dute bere berezitasuna baina oinarrian eredu horri jarraitzen diote eta hori suertatu zaigu benetan aberatsa.
Jakin badakigu, ordea, haizeak beste norabide batzuetan jotzen duela eta Iberiar Penintsularen erdialdetik beste hezkuntza lege bat ezarri nahi digutela, zeinetan orain arte aipatu dugunaren kontrako norabidea markatu nahi duten. Hezkuntzaren Lege Erreforma horrek eskola txikien aipamenik ere ez du egiten. Hezkuntza komunitatearen iritzia albo batera utzi nahi du, hezkuntza sistema, ekonomia eta lehiakortasunean indartzeko tresna gisa erabili nahi du. Wert-en lege erreformaren aurrean hezkuntza komunitate osoa orain arte egin den bezalaxe, ez kikiltzeko deia egin nahi dugu, aurre eginez, geurea garatuz eta eskola txikien oinarriei helduz, hezkuntza kooperatiboa bultzatuz, ez lehiakorra, haurrek elkarbizitzen ikastea eraginez, jakintzak eta gaitasunak bereganatuz eta ez lehiatuz.
Legea bat izan edo bestea (nahiz eta baduen garrantzia, asko mugatzen baitu) gela barruan umeekin egiten den lana da garrantzitsua, eta horren adierazle dira urte guzti hauetan haurrekin Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolan landu dituzuen baloreak eta aurrera eraman dituzuen proiektuak; ezin ditut denak aipatu, hala ere, azken bi urte hauetan Arnold Stern-en filosofian oinarritutako Arte tailerra eta aurtengo ikasturtean burututako Zine tailerrak aipamen berezia merezi dute. Zorionak beraz, ikasle eta irakasleoi bereziki (egungoak zein hemendik pasa direnak) eta Eskola komunitate osoari, merezitako oporrak dituzue/ditugu. Datorren ikasturtean berriro elkarren berri izango dugu. Zorionak.
Marta Agirrezabala Zubillaga eta Josu Astrain Azkona.