Alkizako Udalak instalazio fotovoltaikoa jarri du Erretore etxeko teilatuan: 40 panelez osatuta dago eta 21,6 kWp-koa da eguzki-plaken potentzia instalatua eguzki-plaken potentzia instalatua. Autokontsumo partekatuko sistema honek, gainera sortutako energia biltegiratzeko sistema ere badakar.
Urri hasieran abiatu zituzten plakak instalatzeko lanak eta bi astez jardun dute horretan. Erretore etxeko instalazioa udalak aurretik martxan jarritako beste biri batuko zaio: frontoiko estalkian jarritakoari, eta herriko eskolan jarritakoari.
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduko diru laguntza jaso du, Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren plangintza, aurrezpena eta eraginkortasuna eta energia berriztagarriak bultzatzea ildokoa, hain zuzen; horrez gain, udalak Eusko Jaurlaritzaren landa eremuko Erein diru laguntza lerrora ere aurkeztu du proiektua, baina oraindik ez du ebazpena jaso.
Instalazio berriarekin energia trantsizioan aurrerapausoak ematen jarraitzen du udalak. Herrian bertan sortutako energia berriztagarria izan dadin beste urrats bat izango da Erretore etxeko instalazioa, eta modu horretara, 0 kilometroko energia hori aprobetxatzeko aukera izango da udal jardueretan.
