ELKARRIZKETA

«Alkizak duen baso ikusezin hori aurkitu nahi dut nire lanarekin»

Jon Miranda Labaien

Argazkia: Unai Sorarrain

Sormenaren Kabia Beka eskuratu du Luzia Pedregal artistak, eta Alkizako paisaiak eta basoak ikertzen ari da egonaldian. Irudimenaren, pinturaren eta naturaren arteko harremana du ardatz bere lanak.

Azkeneko egunak ditu Luzia Pedregalek (Cangas de Onis, Asturias, Espainia, 1997) Alkizan. Sormenaren Kabia bekako iazko irabazleetako bat da, baina aurten egin du egonaldia. Urtarrilean aurkeztuko du emaitza.

Nola izan zenuen Alkizako Sormenaren Kabia bekaren berri?

Unibertsitateko irakasle batek, master amaierako lana zuzendu zidan Veva Linazak gomendatu zidan. Iaz aurkeztu nuen proiektua eta sariduna izan nintzen. Orduan egin behar nuen egonaldia, baina gaixotu egin nintzen eta ezin izan nuen etorri. Horregatik eman didate aurten egiteko aukera.

Zer iruditzen zaizu beka hau eta landa-eremuan bizitzeko aukera?

Asturiaskoa naiz, eta landa-eremua faltan botatzen dut. Horregatik, oso polita da hemen, Euskal Herrian, esperientzia hau bizitzeko aukera izatea. Nahi dudan leku batean nagoela sentitzen dut. Hizkuntza ikasten ere ari naiz; Bilboko euskaratik oso bestelakoa da hemengoa. 

Naturak asko lasaitzen nau. Etxetik atera eta bost edo hamar minutura lantegia edukitzea oso atsegina da. Egonaldian egin ditudan margolan gehienak saio bakarrean egin ditut: batzuetan bi orduz aritu naiz, eta beste batzuetan, berriz, bost ordu eman ditut margotzen.

Zein proiektu aurkeztu zenuen bekara?

Margotzean nuen blokeo bat gainditu nuen perretxikoekin izan nuen esperientzia baten ondoren. Esperientzia hartan, forma eta kolore batzuk agertzen hasi zitzaizkidan, batez ere formak. Nire irudimenean oso sakon lurperatuta zeuden formak ziren, nolabait. Niretzat, esperientzia hura sendatze-prozesu bat izan zen: errealismo figuratibotik ateratzen lagundu zidan, ordura arte horrela margotzen bainuen. Orduan hasi nintzen nire barneko basoa ikertzen. Uste dut denok dugula barneko baso bat: batzuek gehiago uzten diote agertzen, eta beste batzuek gutxiago, baina inkontzienteki hor dagoela iruditzen zait.

Zer ikusten da baso horretan?

Nik «baso sorgindua» deitzen diot. Asko gustatzen zait irudimenaren magian sinestea, txikitan dugun ahalmen horretan. Umetan errealismo magikoa eta irudimen handia dugu, eta gure ingurua nahi dugun horretan bihurtzeko gaitasuna ere bai. Niri gustatzen zait nire burua mago moduan irudikatzea: pintzela hartu eta sentitzen dudan hori harrapatzen saiatzen den mago moduan. Alkizak duen baso ikusezin hori aurkitu nahi dut egonaldian, eta, horretarako, hemengo herri-kultura, landaredia eta animaliak ere ikertu ditut. Lehen begiratuan ikusten ez diren baina arreta pizten didaten lekuak aurkitu nahi izan ditut. Badirudi leku horiek zerbait bizia dutela azpian, ezkutuan.

Egonaldian aurkitu al duzu arreta berezia piztu dizun zerbait?

Bai. Lehen fasean ikerketa izan da nagusiki: lekuetara joan naiz eta margotu egin dut. Azken batean, paisaiak nola funtzionatzen duen sentitzeko margotu egin behar izaten dut: ihes-puntuak, zuhaitzak, norabideak eta beste hainbat gauza ulertzeko. Bildutako hori guztia oihal handi batera eraman dut gero. Uste dut oihalean agertuko dela orain arte ikusitako guztia, aurrez pentsatu gabekoa.

Zer da oihal hori?

Hiru metro luze eta 2,80 metro zabal den oihala da. Estudioko hormak hartzen duen neurria da. Naturan pintatu dut oihala. Niretzat oso garrantzitsua da naturarekiko errespetuz egitea. Konturatu naiz ezinbestekoa dela naturan hastea eta harekin harreman zuzenean egotea, bai ni neu, bai oihala.

Oihala lurrean zabaltzen duzu eta hor margotzen duzu?

Bai. Niri gorputz osoarekin lan egitea gustatzen zait: osorik zikintzea, ahalik eta gehien zabaltzea eta espazio osoa hartzea. Orain forma ematen ari natzaion alderdi performatiboari esker lortu dut hori. Gainera, oihala handia izatea erabaki dut, haren aurrean jartzen zarenean irentsi egiten zaituela senti dezazun, atari bat balitz bezala. Horrek motibatzen nau.

Zer pintura mota erabiltzen dituzu, bai koadroetan, bai oihalean?

Denetarik erabiltzen dut. Blokeatuta nagoenean, marrazketa da gehien menderatzen dudana, eta, beraz, barra bidezko materialetara jotzen dut: pastel-barrak, olio-pastelak, argizarizko barrak, arkatzak… Teknikak ere konbinatzen ditut; esaterako, argizaria eta gero arkatza. Bekara aurkeztu ditudan margolan-sorta guztiak akrilikoz eginak dira. Formatu handiko lanak dira, eta iaz ez nuen olioa oso ondo menderatzen. Aurten, ordea, pinturako masterrean, olioarekin margotzen hasi naiz, modu nahiko zurrun eta lotsatian.

Udan paisaia-pinturako ikastaro bat egin nuen Bierzon (Leon, Espainia), eta asko lagundu zidan askatzen. Lehen inoiz margotu ez nituen paisaiaren alderdi batzuk ulertu nituen. Ordura arte, ez zitzaizkidan interesatzen eta neuk asmatzen nituen. Orain, berriz, alderdi batzuk ulertu ditut, eta horri esker formak sortzen joaten naiz. Oihal handia akrilikoz margotzeko asmoa dut, eta gero olio-geruzak gehitzen joango naiz zer sortzen den ikusteko. Ikertzen eta ikasten ari naiz.

Oihala egonaldian amaitzea al da zeure buruari jarri diozun erronka?

Bai, hemen amaitzen ez badut, nire estudioan jarraituko dut lanean. Argi daukat zer egin nahi dudan eta nola egin nahi dudan. Orain badakit, prest egon behar dudala pinturaren bidez imajinatzen ez nituen beste leku batzuetara joateko. Hala ere, oihal handia ez da lan txikien emaitza hutsa izango. Handiagoa izateagatik ez dut nahi hori obra nagusi bihurtzea, besterik gabe. Lan gehiago izango da, baina txikiekin ari naizen modu berean lantzen saiatuko naiz.

Baliagarria izan al zaizu Alkizako egonaldia?

Asko. Oso-oso gustura aritu naiz.

Eta hemendik aurrera zer asmo dituzu, beka amaitutakoan?

Lasai egotea. Datorren urtean erakusketa bat dut aurreikusita, Donostian, baina oraingoz hori baino ez dut buruan. Bestela, master amaierako lana egin eta estudioan lasai margotzen aritu nahi dut. Ez dut uste etengabe ekoizten eta deialdietara aurkezten ibili behar denik. Asko kostatu zait nire erritmoa onartzea; erritmo motela dut. Zerbait aurkezten badut, kalitatezkoa izatea nahi dut. Bestela, nahiago dut ez aurkeztu, niri kalte egingo lidakeelako eta gaizki sentituko nintzatekeelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!