Joxepo Teres (Donostia, 1957) Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko kidea da. Alkizan izan da, Aranzadiko mikologoek prestatutako Gipuzkoako Fungi dibertsitatea erakusketa aurkezten. Gipuzkoako onddoen dibertsitatea ezagutaraztea du helburu erakusketak, eta, horrekin batera, onddoek naturan duten garrantziaz eta haien kontserbazioaz hausnartzea.
Zer da Alkizan ikusgai jarri duzuen erakusketa hau?
Erakusketa bukatu berri dugun proiektu baten zatia da. Aranzadiko Mikologia Sailak 60 urte bete ditu, eta urtemugaren aitzakian Gipuzkoako katalogo digital bat egitea erabaki genuen iaz. Proiektua komunikatzeko beharra sortu zitzaigun, eta prozesu horren barruan planteatu genuen Gipuzkoako Fungi dibertsitatea erakusketa. Iaz Donostian zabaldu genuen, argazki elkartearen egoitzan, eta hitzaldi batzuk ere egin genituen inaugurazioaren bueltan. Erakusketa honetan, bereziki, Gipuzkoan dagoen onddoen dibertsitatearen adibide bat erakutsi nahi izan dugu. Formari eta koloreari dagokienez dagoen onddo aberastasunaren lagin bat da: 42 argazki jarri ditugu.
Zergatik erabaki duzue katalogo digitala egitea?
Alde batetik, etengabe eguneratu daitekeelako; dagoeneko gure webgunean jarrita daukagu, eta, hemendik aurrera, espezie berriak agertzen badira, gehitu egin ditzakegu. Bestetik, denon eskura eta doan jartzeko modu erraza delako. Helburua da mikologoek zein herritarrek Gipuzkoan dagoen onddoen dibertsitatea ezagutu ahal izatea eta zenbat espezie ditugun ikustea. Espezie bakoitzaren inguruan argazkiak jarri ditugu —baita mikroskopio bidezkoak ere—, deskribapenak, bilketak non egin diren... Gainera, Gipuzkoan espezie bakoitzaren egoera zein den zehaztu dugu. Bost kategoria bereizi ditugu: oso arrunta izatetik oso bakana izatera.
Zenbat onddo-espezie katalogatu dituzue Gipuzkoan?
Joan den asteko datua emango dizut: 3.544 espezie. Duela urtebete baino 80 espezie gehiago dira. Horretarako, 18.000 bilketa baino gehiago egin ditugu. Gehienetan Aranzadiren egoitzan daukagun mikoteka edo herbarioan jasotzen ditugu. Espezie oso arruntak direnean, berriz, behaketak erregistratzen ditugu eta non topatu ditugun zehaztu. Hori guztia Aranzadi zientzia elkartearen webgunearen bidez ikus daiteke, mikologia sailean sartuta.
Tolosaldea eskualde emankorra al da mikologiaren ikuspegitik?
Bai, emankorra da. Tolosaldean ere badira tradizio handiko mikologoak, eta horri esker esan daiteke bailara hau ere emankorra dela. Onddoak topatzen dira mendira ateraz gero. 60 urte daramatzagu horretan lanean, eta 3.544 espezie jaso ditugu, baina gure ustez Gipuzkoan kopuru horren bikoitza baino gehiago egon daiteke oraindik katalogatu gabe.
Asko dago egiteko.
Bai. Jendeak esaten digu lur azpian ere begiratzen dugula baina, hala ere, oraindik asko dago egiteko. Lehen, gainera, gehiago erreparatzen genien onddo handiei. Formakuntza eta ikerketa sakondu ahala, perretxiko txikiei ere begiratzen diegu orain. Munduan dauden onddoen % 90 inguru txikiak dira.
Onddoa eta perretxikoa gauza bera al dira?
Ez. Jendea nahastu egiten da. Perretxikoak onddoak dira, baina onddoak ez dira soilik perretxikoak. Mendian esaten dugunean «ez dago onddorik», hori ez da zuzena. Onddoak beti daude. Onddoa, nolabait esateko, lur azpian bizi da, zapaltzen dugun lurreko lehen 10-20 zentimetroetan. Egitura oso sinplea dute: hifak izeneko hari moduko zelulak dira, eta elkartu egiten dira sare bat osatzeko. Onddoak baldintza egokiak sumatzen dituenean —batez ere hezetasuna eta tenperatura— fruitu-gorputzak sortzen ditu. Horiek dira ikusten ditugun perretxikoak. Landareak loreekin nola, hala egiten dute onddoek perretxikoekin; ugalketarako esporak sortzen dituzte.
Onddoak garrantzitsuak dira biodibertsitatearentzat?
Bai, ezinbesteko funtzioa dute. Historikoki, onddoei alderdi batetik bakarrik begiratu izan zaie: gastronomikotik edo ekonomikoki duten garrantziagatik. Ekologiko edo biologikoki duten garrantziari begiratzen diogu guk ordea. Onddoek beste bizidunekin aliantzak egiten dituzte. Mutualistak dira: beste organismo batzuekin elkartu egiten dira, eta biek ateratzen dituzte onurak. Esate baterako, zuhaitz batek edo baso batek onddoekin harremanik izango ez balu, basoa pobretu egingo litzateke eta hil egingo litzateke.
Zein beste funtzio izan ditzakete onddoek biodibertsitatean?
Badirudi onddoek zuhaitzen artean komunikazioan ere parte hartzen dutela, batez ere izurriteen aurrean seinaleak emanez. Zuhaitzek, horri esker, izurriteen aurrean erantzuteko konposatu kimikoak sor ditzakete. Eta badago beste funtzio oso garrantzitsu bat ere: deskonposatzaileak dira. Materia organikoa deskonposatu eta berriro lurzoruan integratzen dute. Haiek egongo ez balira, gure mendiak zabortegiak izango lirateke.
«Onddoek zuhaitzen eta basoen oreka mantentzen dute»
Orain arte pentsatzen genuen landareek egiten zutela batez ere karbonoaren metaketa, baina lurzoruaren barruan onddoek ere karbono kantitate izugarriak metatzen dituzte. Zientzialariak buru-belarri ari dira horretan lanean. Eta, horrez gain, badira beste aplikazio batzuk ere. Medikuntzan betidanik erabili izan dira onddoak, baina gaur egun material berriak ere ikertzen ari dira: plastikoaren edo larruaren ordezko materialak, esaterako. Eta oso kutsatuta dauden lurzoruak garbitzeko ere erabiltzen ari dira,
onddoek xurgatzeko ahalmen handia baitute.
Hain garrantzitsuak izanik, behar bezala babestuta al daude onddoak?
Hori da ulertzen ez den gauzetako bat. Ekologian eta naturan izugarrizko garrantzia dute, baina juridikoki ez daude behar bezala babestuta. Edozein ikerketa egiten denean, edozein eremu naturaletan, landareak eta animaliak kontuan hartzen dira, baina onddoak ez. Momentu honetan nazioarteko proiektu batean gaude, Iberiar penintsula mailan, eta lege-babesari begira lehen fase batean gaude. 50 espezie aukeratu ditugu, eta, momentuz, Espainiako ministerioan badirudi horien aldeko jarrera dagoela.
3.544 espezie horien artean, zenbat dira babestu beharrekoak?
Gaur egun, ia % 40 arraro samarrak direla esan dezakegu. Horietatik, babestu beharko liratekeenak agian 50 bat espezie izango dira, baina badira gainbeheran dauden beste batzuk ere. Onddoek ere pairatzen dituzte gaur egungo arazoak. Klima-aldaketa bai, baina badira beste eraso batzuk ere: kutsadura, lurzoruaren aldaketak, birpopulazioa... Diagnostiko bat egin beharko litzateke espezie konkretuei buruz. Esate baterako, baso zahar asko suntsitu egin dira, dagoeneko gutxi dira pago motzak, lepatuak, haritzak eta abar. Habitat horiek gutxi direnez, habitat horiei lotutako onddoak ere gutxitu dira. Edo, esate baterako, larreak eta zelaiak. Europan gaur egun gehien kutsatuta dauden habitatetako batzuk dira, purinak eta produktu kimikoak direla medio. Larreetako biodibertsitatea ia desagertu egin da, eta onddoak oso sentikorrak direnez, desagertzen lehenengoak izaten dira.
«Onddoen % 40 inguru nahiko arraroa da Gipuzkoan»
Bestalde, badago Euskal Herrian oso errotuta dagoen perretxiko-bilketaren kultura. Nola ikusten duzue?
Nik uste dut kulturalki garrantzitsua dela. Beti esaten dugu, zientzialari bezala, ez gaudela perretxiko-bilketaren kontra. Ondo egiten bada, era kontrolatuan, ez dago arazorik. Beste gauza bat da mendira joatea eta dena hartzea. Hori kontrolatu egin beharko litzateke, eta zentzuz jokatu. Mendira joan, gozatu eta perretxikoak badaude batzuk hartzea ondo dago.
Nola funtzionatzen dute parke mikologikoek?
Gutxi gorabehera, bilketak modu kontrolatuan egiteko aukera ematen dute. Ekonomikoki ere sarrera bat izaten da eta ordaindu egin behar duzu. Modu horretan, bilketa kontrolatu eta, batez ere, jangarriak izan daitezkeen espezieei buruzko informazioa eman daiteke. Pauso bat da; niretzat ez da konponbidea, baina pauso bat behintzat bai. Dena den, onddoak bizidun bezala aitortzetik eta haiei duten garrantzia ematetik hasi beharko ginateke. Hortik sortu beharko litzateke kultura bat, bizidun horiek ere babestu egin behar ditugula ulertzeko, animaliekin eta landareekin egin dugun bezala.
Aurtengo uda oso lehorra izan da. Zer egoera aurreikusten duzue perretxikoei dagokienez?
Azken lau urteetan ikusitako ereduari erreparatuta, aurten ere ez da panorama ona. Aurreko urteetan ere produkzioa ez zen ona izan, eskasa izan zen. Badakigu faktore batzuk eragiten dutela mizelioa sortzean, baina zientifikoki misterio bat da. Ez dakigu ondo. Badakigu hezetasunak eta prezipitazioek eragina dutela, eta aurten oso euri gutxi egin du. Ez dakigu lur azpian dauden
onddoek horren aurrean zer egingo duten. Kontuan hartu behar da, gainera, perretxikoak ateratzeko euriaren ondoren bederatzi-hamar egun inguru behar direla. Jendeak pentsatzen du euria egin eta berehala ateratzen direla, baina ez. Gerta daiteke orain euria hasi eta, bat-batean, lur azpian dauden onddoek baldintza egokiak aurkitzea eta perretxiko asko ateratzea. Ikusiko dugu.
Zer gomendatuko zenieke herritarrei perretxikoak biltzera joateko?
Lehenengo gauza da perretxikoekin kalenturarik ez edukitzea. Mendiaz gozatzea da garrantzitsuena. Inguruan mendi ederrak dauzkagu, eta joaterakoan perretxikoak baldin badaude, modu egokian biltzea. Perretxikoa osorik atera behar da, etxera eramaterakoan identifikatu ahal izateko. Ez da txapela bakarrik hartu behar. Perretxiko osoa eramanda, liburu batekin edo pertsona aditu bati galdetuta identifikatu ahal izango dugu. Laban batekin joan eta oinarrian mozteak ez dio kalterik egiten onddoari. Eta zalantzan egonda, inoiz ez kontsumitu. Astelehenetan Aranzadiko egoitzan egoten gara eta gurekin kontsultatu daiteke. Tolosaldean ere badira mikologoak, Pedro Mari Pasaban eta Juan Ignacio Lopez, esaterako. Haiekin harremanetan jartzea ere aukera bat da. Baina ideia nagusia hau da: zalantzan egonda, inoiz ez jan perretxikoa.
«Perretxikoak biltzea kulturaren parte da, baina neurriz egin behar da»
Eta zu zeu, perretxiko-jalea al zara? Baduzu gustukoren bat?
Jaten ditut, baina ez naiz oso-oso zalea. Gibelurdinak gustatzen zaizkit gehien. Hori da niretzat perretxikorik gustukoena. Gainera, mendian gutxi baldin badaude, ez ditut hartzen. Perretxikoa janari gozoa da eta oso preziatua da. Dena den, ez da perretxiko asko jan behar. Janari indartsua da, eta ez da kantitate handietan kontsumitu behar.