Bihar, irailaren 11n, Gipuzkoako Fungi dibertsitatea izeneko erakusketa jarriko dute Alkizako udaletxeko ganbaran. Irailaren 25era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:30era. Arratsaldez ikusi nahi dutenek 688 604 466 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Joxepo Teres Izkierdo mikologoak prestatu du erakusketa, eta ekimenaren helburua da Gipuzkoan aurki daitekeen onddoen dibertsitatea ezagutaraztea. Teres Aranzadi zientzia elkarteko Mikologia Saileko kidea da, eta urte luzez aritu da botanika eta mikologiaren inguruko ikerketa eta dibulgazio lanetan.
Erakusketan askotariko espezieak ikus daitezke: ohikoak eta ezagunak direnak, jangarriak nahiz pozoitsuak, eta baita urriak edo zenbait erakunderen arabera babestuta dauden espezieak ere. Horrez gain, onddo likenizatuen eta mixomizetoen taldeko adibideak ere jasoko ditu. Azken horiek, tradizionalki, Fungi erreinuarekin lotu izan badira ere, gaur egun beste sailkapen taxonomiko batean kokatzen dira.
«Onddoak basoetan, belardietan eta beste hainbat habitatetan aurki daitezke, baina askotan oharkabean pasatzen dira. Gipuzkoako Fungi dibertsitatea erakusketak begirada pausatzeko eta organismo horien aniztasunaz jabetzeko aukera eskainiko du, argazkien bidez haien forma, tamaina, kolore eta habitat ugariak erakutsiz», esan dute antolatzaileek.
Aranzadi zientzia elkarteko Mikologia Sailak hamarkadak daramatza Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako on-ddoen inbentarioan lanean. Horri esker, Gipuzkoako on-ddoen ezagutza eta dokumentazioa nabarmen handitu dira.
Bisita gidatua igandean
Onddoen mundua hobeto ezagutzeko, bestalde, Joxepo Teresek bisita gidatua egingo du igandean. Onddoak, bioaniztasunaren giltzarri izenburupean Joxepo Teres Izkierdo Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko kidea ariko da gidari. Alkizako basoetan barna ibilbidea egingo dute, eta bertan, onddoek bioaniztasunean duten eragina eta garrantzia ulertzeko aukera paregabea izango dute bisitariek.
Alkizako plazan elkartuko dira igandean 10:00etan. Bi ordu eta erdi inguruko jarduera izango da eta oinetako eta arropa erosoak eramatea aholkatu dute. Alkizarrek eta 12 urtetik beherakoek doan izango dute bisita, eta gainerakoek bost euro ordaindu beharko dute, bertan, eskudirutan. Euskaraz izango da bisita, eta bihar arte eman daiteke izena.
Basoak aztergai
Urriaren 24an, Alkizako basoen sekretuak gertutik ezagutzeko beste bisita gidatu bat egingo dute. Mikel Belaskorekin batera, naturan murgiltzeko eta gure ingurunea beste begi batzuekin ikusteko ibilbide gidatua antolatu dute.
Ibilbidean, Alkizako basoetan barrena ibiliko dira, bertako zuhaitzak, paisaiaren bilakaera eta gizakiaren eta naturaren arteko harremana ezagutuz. Flora eta basoen ezaugarriez, paisaiaren historiaz eta erabileraz jabetu eta naturarekin lotura estuagoa sentitzeko aukera izango da.