Oiloaren oinatzak ikur, Eskola Txikien Festan

Aitor Irulegik eta Elena Cajaravillek lagundu dute logoa ontzen.

Eskolako umeek egin dituzte logoaren aurreneko bozetoak, Elena Cajaravillek eta Aitor Irulegik eman diete forma, eta adostutako hiru proposamenen artean irudia aukeratu dute herritarrek boto bidez.  

Oiloa da Alkizako ikurra, eta ikur horretan oinarrituta osatu zuen Juan Luis Goenaga herritarrak 1999ko Eskola Txikien Festako logoa. Gerora, herriko eskolako irudi gisa erabili izan dute, eta 2022an eraikin berria inauguratu zutenetik, ikastetxeko atarian dago ikusgai.

2027ko Eskola Txikien Festa berriro Alkizan egingo zela jakin bezain pronto, Goenaga zenaren irudian jarri zuten arreta antolatzaileek. Duela 27 urte, eskolako umeekin batera osatu zuen artistak logoa, eta, beraz, oraingo honetan haiekin batera berritu behar zutela otu zitzaien. Vanessa Lopez Varela irakasleak aipatu du duela bi urte zendu zen artistaren oroimena gogoan, ikasleekin lanketari ekin ziotela aurreko ikasturtearen amaieran. «Aurreko logoa gaur egunera nola ekarriko ote zuten galdetu genien, eta ideia zaparrada bat egin genuen. Batzuk gehiago zentratu ziren marrazkietan, eta beste batzuk, berriz, letretan».

Ikasleek egindako marrazki guztiak bildu eta Eskola Txikien Festako antolaketa batzordearen esku utzi zituzten. Haiek, aldi berean, herriko bi artistarengana jo zuten, Elena Cajaravillerengana eta Aitor Irulegirengana, iritzia eskatzeko.

Parte-hartze zabala

Herriko umeek egindako lan guztiak hartu eta arretaz aztertu zituzten bi artistek. «Oso lan politak jaso genituen, irudimen handikoak. Ikusi genuen marrazkietan oiloaren oinatzak asko errepikatzen zirela, eta ideia horrekin hasi ginen lanean. Oso dibertigarria izan da guretzat prozesua», azaldu du Cajaravillek, Ur Mara museoko arduradunak.

Irulegik sormen prozesuan erabili duten dinamikaren berri eman du: «Denbora guztian elkarrekin egin dugu lan. Elena hasten zen marrazki bat egiten eta nik bukatzen nuen, edo alderantziz, ni hasi eta Elenak amaitzen zuen. Modu horretara aritu gara. Ikusi genuen oinatz sinplifikatua, hostotua, aukera ona zela logo baterako».

Proposamen bat baino gehiago landu zituzten. «Kontziente ginen eskolako umeentzat marraztea jolasa dela, eta guk geuk ere ildo hori hartu dugu lanerako. Pastelak eta argizariak hartu, eta haien dinamikaren luzapen bat bezala ulertu dugu prozesua», azaldu du Irulegik.

Egindako proposamen guztietatik hiru aukeratzea adostu zuten artistek eta antolatzaileek, eta hiruren artean datorren urteko festaren logoa izango zena aukeratzeko eginkizuna herriaren esku utzi zuten. Alkizarrek gustukoen zuten irudiaren alde egiteko aukera izan zuten, eskola atarian jarritako hautetsontzian botoa emanda.

Boto bakarraren aldearekin aukeratu zuten logo irabazlea. Bi oinatz dira: bata gorria eta bestea urdina, eta hondo horia eta borobilaren gainean ageri dira. «Ez nuke irudi infantila denik esango, baina jostaria da eta egokia umeentzat», azpimarratu du Irulegik.

Aurkezpena jaietan

Alkizako festen lehen egunean aurkeztu zuten ofizialki logo berria. Adarra joz hasi zuten ekitaldia, eta logoa sortzeko prozesuaren berri ematen duen ikus-entzunezkoa eman zuten eskola atarian, Unai Sorarrain herritarrak osatutakoa.

Gurasoek eta ikasleek bertsoak kantatu zituzten pregoitzat. Besteak beste, honakoak bota zituzten: «Ekainak hamahiru data da jarria, egin dezagun egun ikaragarria; San Isidro, San Martin urtean zenbat jai, ta datorren urtean beste bat ere bai; Nahiz handiak ez izan, ez gaude geldirik, eskola eta herri txikiak bizirik».

Ondoren, irrintzi artean erakutsi zuten udaletxeko balkoitik logo berria. Guraso elkarteko kideak arduratu ziren, hain zuzen, festen hasierako suziria pizteaz.

Herri txikia izanik, festa handia izango da ekainaren 13koa. Horregatik, herritarren laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute antolatzaileek. Festa aurretik, osatu diren batzordeetan parte hartu dezakete alkizarrek, edo egunean bertan lagundu: trafikoa antolatzen, sukaldean, barran, megafonian, tailerretan laguntzaile gisa edo garbiketan.

Egunotan banatu duten orria udaletxean utzi, edo, bestela, mezu bat bidali daiteke komunikazioa.alkiza@gmail.com helbide elektronikora.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!