Hasi dira Alkizako festak. 19:30ak baino lehen piztu dute jaien hasierako suziria, eta oiloak udaletxeko balkoitik plazarainoko bidea egin du. Bidean, umeentzako goxoki sorta utzi du.
Aurretik, Alkizan 2027an antolatuko den Eskola Txikien Festako logoa aurkeztu dute. 2027ko ekainaren 13an egingo dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa herrian, eta okasiorako sortutako irudia aurkeztu dute udaletxeko balkoian. Herritarren parte-hartzearekin aukeratu dute logoa: eskolako umeek landu dute lehenik, 1999ko festako irudia oinarri hartuta, eta Aitor Irulegi eta Elena Cajaraville herriko artistek ondu dituzte azken proposamenak. Hiru aukeren artean, bozketa bidez erabaki dute herritarrek zein ikur erabiliko duten festarako.
Hain zuzen, udaletxeko balkoian, irrintzi artean erakutsi dute logoa estreinakoz, eta bertan piztu dute jaien hasierako suziria guraso elkarteko kideek beraiek.
Behin festa lehertuta, 21:00etan herri afaria egingo dute ostatuan, eta, ondoren, Gorka Valdes eta Julen Labaka trikitilariak ariko dira.
Asteartera arte jarraituko dute festek Alkizan, nahiz eta astelehenean atseden hartuko duten. Hona hemen aurtengo jaietako egitarau osoa.