Alkizako herriguneko oinezkoen pasabidea goratu dute, segurtasuna hobetzeko

Argazkiak: Alkizako Udala.

Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin gauzatu ditu lanak, oinezkoen segurtasuna indartzeko helburuarekin. Jarduketak 10.184 euroko kostua izan du.

Alkizako Udalak herrigunean dagoen oinezkoen pasabidea –GI-3630 errepidean– goratu du. «Ibilgailuen abiadura moteldu eta pasabidearen ikusgarritasuna handitzea ahalbidetzeko egin dira lanak, oinezkoen segurtasuna hobetzeko helburuarekin», azaldu du udalak. «Pasabidea goratzeak trafikoa baretzen lagunduko du, eta, aldi berean, pasabidea erabiltzen duten pertsonen segurtasuna indartuko du», gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker gauzatu ditu lanak udalak. Egindako jarduketaren kostu osoa 10.184,18 eurokoa izan da; Aldundiak 8.602,07 euroko diru laguntza eman dio udalari. «Jarduketa honek erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia erakusten du, udalerriko azpiegiturak hobetzeko eta herritarren eguneroko joan-etorriak seguruagoak izan daitezen», esan du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!