Alkizako Udaleko ordezkaritza batek parte hartu zuen aurreko igandean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak antolatutako ekitaldi politikoan. Inaki Irazabalbeitia alkateak eta Nagore Arizeta zinegotziak osatu zuten ordezkaritza, eta udalaren esanetan, horrek «gure herriaren askatasunaren eta eskubide demokratikoen defentsan aritzeko duen borondate irmoa» erakusten du.
Ekainaren 23an egindako osoko bilkuran, Alkizako Udalak bat egin zuen Bergarako Udalak onartutako mozioarekin, foruen abolizioaren 150. urteurrena eta alkateen mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko.
Aurten 150 urte bete dira Canovas del Castillo Espainiako lehen ministroaren ekimenez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik, lehenago Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gertatu bezala. Halaber, 50 urte bete dira Bergarako alkateen mugimendua sortu zenetik. «Alkate horiek, Franco hil ondoren, herri honen askatasun-nahia bere egin eta horren alde sutsu egin zuten lan; ikurrinaren legeztatzea da horren lekuko», adierazi dute Alkizako Udaleko ordezkariek.