Dagoeneko prest dago Alkizako Udalak 2026-2027 ikasturterako antolatu duen ikastaroen eskaintza. Interesa duten herritarrek egunotan banatu den esku orrian kontsulta ditzakete ikastaroen xehetasun guztiak: ordutegiak, iraupena, prezioak eta izena emateko epea.
Aurtengo eskaintzan helduentzako eta haurrentzako hainbat ikastaro daude, besteak beste, pilatesa, yoga, adinekoentzako yoga, etnografia tailer esperimentala, panderoa, trikitia eta Burua martxan, bihotza pozik! saioak. Izena emateko uztailaren 21etik abuztuaren 3ra jo beharko da udalera. Udalak antolatutako ikastaroetan izena emateko orria udaletxean aurkeztu beharko da edo, bertaratu ezin izanez gero, kultura@alkiza.eus helbidera bidali. Ikusi hemen eskaintza osoa.
Udalaren eskaintzaz gain, Naturaren Doinuak Studiok antolatutako ikastaroak ere emango dira. Ez ditu Alkizako Udalak antolatzen ezta kudeatzen ere, eta, beraz, horietan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, interesdunek zuzenean Naturaren Doinuak Studiorekin jarri beharko dute harremanetan.