Bihartik igandera egingo dute Naturaren Doinuak jaialdia Alkizan. Parte hartzaileek ikasturte osoan zehar landutako gizarte proiektuari ginga jartzeko modua izango dute asteburuan.
Shrabani Aranzabe Pita (Alkiza, 1999) ekimenaren bultzatzaileak nabarmendu du aurten salto kuantitatibo eta kualitatiboa eman dutela gizarte proiektuari dagokionez. Iaz, ikastetxe bakarrak hartu zuen parte –Tolosako Herrikidek– eta aurten hari beste bi batu zaizkio: Alkizako eskola eta Urnietako Magale ikastetxea.
Osasun bakarraren gaia landu dute aurten eskoletan: «Ez dugu bereizketarik egin ingurunearen osasunaren edo giza osasunaren artean, ezta osasun fisiko, emozional eta kognitiboaren artean. Ongizate osoari erreparatu nahi izan diogu». Horretarako ikasturtean zehar ikastetxe bakoitzean hiruna saio eskaini dituzte eta Naturaren Doinuak ekimeneko kideekin batera diziplina askotako erreferenteak gonbidatu dituzte. Guztira, ia 200 umek hartu dute parte saioetan, eta haietara gurasoak ere gonbidatu dituzte.
Aurten, gainera, saioak eskola orduetan eman dituzte lehenengo aldiz, eta arrakasta handia izan dutela aipatu du Aranzabek. «Gure txikitasunetik gizarteari ekarpena egiten ari gatzaizkiola uste dugu. Dagoeneko ikastetxeak guregana jotzen ari dira proiektua eskoletara eramateko eskatuz».
Ikastetxeekin batera gizarte eragileak ere batu dira proiektura. Aurreko urteetan Izan inurri, Aspanogi eta Atzegi elkarteak izan dira Naturaren Doinuak ekimenaren parte. «Elkarlan hori gabe ezinezkoa litzateke hau guztia aurrera ateratzea», dio Aranzabek.
Jasangarria eta irisgarria
Urte osoan lantzen duten proiektuaren zati bat bezala ulertzen dute antolatzaileek asteburuan egingo duten jaialdia, urtez urte hazten joan dena. Emanaldi batekin hasi zen 2021ean, egun osoko programazioa antolatu zuten 2023an, eta hiru egunetara zabaldu dute egitaraua azkeneko bi urteetan.
Jaialdiarekin batera sendotzen joan da gizarte proiektua, baina, hala ere, ez diote jatorrizko izaerari uko egin. Garrantzi berezia ematen diote jaialdia Alkizako parajean antolatzeari: «Alde batetik, landa eremuan kultur sustapenaren garrantzia azpimarratu nahi dugu; eta bestetik, doakotasuna aldarrikatu, guztiok bermatuta eduki beharko baikenuke kulturarako sarbidea».
Naturaren Doinuak denen neurrira egindako jaialdi bat izango dela baieztatu du Aranzabek. Ostiralean, adibidez, Opin Mic musika saioa egingo dute: «Hasten ari direnentzat plaza bat eskaini nahi dugu; edonork har dezake mikrofonoa eta bere talentua erakutsi».
Ohi bezala, larunbata belaunaldiarteko eguna izango da, eta besteak beste, dantza, egurrezko jolas kooperatiboak, herri kantak, eta Gozategi taldearen kontzertua izango dira. Igandea izango da, dena den, egun nagusia. Biodantza saioarekin hasiko dute eguna, eta eguerdira arte, nekazarien eta artisauen azoka izango da plazan.
Arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia. Parte hartzaile asko izango dira bertan, hala nola Xabi eta Kristina Solano, Julen Alonso, Alaia eta Jon Martin, TAG abesbatza, NG banda eta Klaap dantza eskola. Kitaldelpare txarangak itxiko du eguna.
Naturaren Doinuak
- Maiatzak 22, ostirala
- 17:00. Desioen zuhaitza.
- 17:15. Zapotxin eta Lore Kolore pailazoak.
- 18:30. Open Mic musika. Oholtza irekia hasi berri diren artistentzat.
- Maiatzak 23, larunbata
- 10:30. Multi tailerrak eta gastronomia postuen irekiera.
- 12:30. Alurr dantza taldea.
- 16:30. Egurrezko jolas kooperatiboak.
- 18:00. Herri kanta.
- 19:30. Gozategi.
- Maiatzak 24, igandea
- 09:30. Biodantza.
- 10:00. Azoka.
- 12:00. SoinuTxikie.
- 17:00. Emanaldi nagusia.
- Ondoren. Kitaldelpare txaranga.
Doako autobus zerbitzua izango da asteburuan.
