Arteak ez duela generorik aldarrikatu dute

Leyre Carrasco 2026ko maiatzaren 17a

'7 material 7 eskultore' erakusketa inauguratu dute eguerdian Alkizako Ur Mara museoan, eta horrekin batera, Maite Larburu eta Susana Cencillo musikariek kontzertua eskaini dute.

Maite Larburu eta Susana Cencillo musikariek eman diote hasiera gaurko egitasmoari, eta horretarako, zazpi musika pieza jo dituzte. Horren ostean, gaurtik aurrera Alkizako Ur Mara museoan ikusgai izango den erakusketa inauguratu dute: 7 material 7 eskultore.

Gracia Arruiz, Mar Blasco, Barba Camhi, Maite Canto, Amaia Conde, Elena Scaratti eta Elena Solatxi dira horren sortzaileak, eta bakoitzak material bakarrarekin sortutako pieza bana sortu du. Hain justu, harria, burdina, baxera, zuntza, zura, haria eta zeramika dira erakusketan ikusi daitezkeen materialak. Conde artistak azaldu duenez, «nor bere materialekin maiteminduta dagoen zazpi artista gara, material horrek bakoitzaren ideiak, sinesmenak, estetikak eta kezkak azaltzeko erakartzen ditu. Praktika artistikoa, ia itxura guztien kontra, pasioz eta pertseberantziaz garatzen dugu».

Artean, materialen erabilera beti hierarkizatu eta generoaren arabera banatu izan dela adierazi du artistak: «Emakumeei, historikoki, material bigunak eta etxekoak –larrua, buztina, ehunak edota landare zuntzak– esleitu izan zaizkie. Gizonezkoen material nagusiak, berriz, gogorrak eta astunak izan ohi ziren, hala nola, burdina, harria eta zura. Horrela definitu izan dira egiazko artea eta bigarren arteak edota artisautzak. Emakumea naturari lotuta, bai, baina baita arrazoiari eta kulturari ere. Ez gara kolektibo minoritario edo marjinala».

Bada, erakusketa hau «klixe» horiek hausteko saiakera da, eta horretarako, arteari eta artistei buruzko begirada nagusia aldatu nahi dute, genero aniztasunari buruzko eraikuntza kulturalak apurtu nahi dituzte, material posible guztiak barne hartuz, eta arteak ez duela ez generorik ez mugarik argi utziz. «Artea eta eskultura hausnarketarako, kritikarako eta gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dugu», gaineratu du Condek.

Era berean, artearen egitura eta aukeren desberdintasunak salatzeaz gain, egoera irauli nahi dutela esan du: «Asko gara Euskal Herrian eta Nafarroan lanean ari garen eskultoreak, prestakuntza zabalarekin, ibilbide luzeekin eta obra ugarirekin. Beharrezkoa da iruditegi kolektiboa aldatzea, artistikoki ezagutu eta aitortu gaitzaten. Iruditegi honek euskal arte garaikidearen zirkuituaren barnean kokatu gaitzan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!