Anfibioak eta narrastiak gertutik ezagutzeko bisita antolatu dute

Ataria 2026ko apirilaren 21a

'Isilpeko bizilagunak: anfibioak eta narrastiak gertutik' bisita gidatua egingo dute maiatzaren 16an, 10:00etatik 13:00etara. Maiatzaren 15a baino lehen eman beharko da izena

Hernio-Gazume inguruan bizi diren anfibio eta narrastien ezaugarriak, ohiturak eta garrantzia ekologikoa ezagutzeko aukera izango dute, beti ere ikuspegi zientifiko eta dibulgatzaile batetik. Ion Garin biologoak gidatuko du saioa, maiatzaren 16an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara.

Aranzadi zientzia elkarteko Herpetologia saileko kidearen azalpenekin, naturarekiko sentsibilizazioa sustatu nahi du Alkizako Udalak, tokiko fauna hobeto ezagutuz eta balioetsiz.

Parte hartu nahi dutenek, aurrez eman beharko dute izena 688 604 466 telefonoan. Maiatzaren 15a da azkeneko eguna eta bost euro ordaindu beharko dira bisitako –egunean bertan egin beharko da ordainketa–. Alkizarrek eta 12 urtetik beherakoak doan parte hartu ahal izango dute.

Bisita euskaraz egingo dute, Alkizako plazan 10:00etan hasita. Prismatikoak eta mendirako makila eramatea aholkatzen dute. Bide erraza izango da, baina aldaparen bat igo beharko dela aipatu dute antolatzaileek, hortaz, arropa eta oinetako erosoekin joatea aholkatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!