'Slow Art Day' egingo dute Ur maran

Ataria 2026ko apirilaren 9a

Besteak beste, Anjel Navas eta Elena Cajaraville artistek hartuko dute parte, eta 'Qualia' dokumentala proiektatuko dute.

Slow art kontzeptua 1990eko hamarkadaren hasieran eman zuten ezagutzera zenbait artista ekologista frantziarrek, eta slow food mugimenduari jarraituz, artearen merkatu espekulatibo eta kontsumistaren aurkako aldarria zabaldu zuten; birziklapena eta artisautza bezalako balio estetiko-ekologikoak onesten zituzten.

Artearekiko begirada pausatu eta kontzientea bultzatzeko, hainbat museok apiril hasieran Slow Art Day antolatu izan dute, tartean, Ur marak.

Larunbat honetan, hortaz, 12:00etatik aurrera ekimena egingo dute Alkizako museoan. Anjel Navas, SK Efimeroak eta Elena Cajaraville artistek hartuko dute parte, eta ondoren, Eduardo Arreseygor eta Josema Langararen Qualia dokumentala proiektatuko dute.

Sarrera doakoa izango da, baina aforoa mugatua dutenez, joan nahi izanez gero, mezua bidali beharko da urmara.alkiza@gmail.com helbidera, izena eta telefono zenbakia azalduz.

Antolatzaileek jakinarazi dute, ekimenaren ondoren community food bazkaria egingo dutela. E-posta horretan adierazi beharko da bazkaltzen geratzeko asmoa; 20 euro ordaindu beharko dira eta beganoentzako menua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!