Menopausiari buruzko tailerra emango dute Alkizan

Ataria 2026ko martxoaren 10a

Parte hartzea doakoa izango da baina aldez aurretik eman beharko da izena. Aitziber Aizpurua eta Leire Mujika izango dira prestatzaileak.

Alkizako Udalak menopausiaren inguruko informazio fidagarria eman eta tresna praktikoak emateko saio bereziak antolatu ditu. Aitziber Aizpurua eta Leire Mujikak gidatuko dute tailerra eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena kultura@alkiza.eus helbidean edo whatsappez 688 604 466 zenbakian. Doakoa izango da parte hartzea.

«Gaur egungo gizarteak gero eta arreta handiagoa jartzen dio emakumeen osasunari, bereziki menopausiaren etapan. Aldaketa fisiko eta emozional garrantzitsuak dakartza eta horiei aurre egiteko tresna eta ezagutza egokiak ematea funtsezkoa da bizi-kalitatea hobetzeko», esan dute udal ordezkariek. Zoru pelbikoko fisioterapia eta nutrizioa uztartzen dituzten saioak izango dira Alkizako udaletxeko ganbaran eskainiko dituztenak.

Emakumeak ahalduntzea da udalaren helburua ekimen honekin: «Beren gorputza hobeto ezagutu dezaten eta menopausia etapa berri eta osasuntsu baten gisa ikus dezaten».

Saio dinamiko eta ulerterrazak izango direla aurreratu dute, «errespetu eta enpatia osoz». Hau da egitaraua:

  • Lehen saioa: nutrizio estrategikoa menopausian. Martxoaren 13an izango da, ostirala, 18:00etatik 19:30era. Saio honetan menopausian gertatzen diren aldaketak eta sintomak aztertuko dira, hala nola klimaterioa eta estrogenoen jaitsiera. Gainera, elikadurak, atsedenak eta ariketa fisikoak ongizatea hobetzen nola lagundu dezaketen erakutsiko da.
  • Bigarren saioa: zoru pelbikoko fisioterapia perimenopausian eta menopausian. Apirilaren 17an izango da, ostirala, 18:00etatik 20:00etara. Zoru pelbikoko osasunaren garrantziaz hitz egingo da eta ariketa praktikoak egingo dira zoru pelbikoa kontziente egiteko eta sintoma uroginekologikoak arintzeko. Teknika egokiak erakutsiko dira norberak etxean landu ditzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!