Fagus-Alkiza interpretazio zentro berria inauguratu dute

Ataria 2026ko otsailaren 27a

Erretore etxeko ganbaran birkokatu dute Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa eta gaur egin dute irekiera ekitaldia. 300 metro koadroko espazioan, erakusketa gune berriak zabaldu dituzte.

Alkizako udaletxeko ganbaran zegoen Fagus-Alkiza interpretazio zentroa Erretore etxera aldatu dute. Edukiak osatzeaz eta espazio berri zabalago horretara egokitzeaz gain, erreserben eta sarbideen sistema berria jarri dute, zentrora bisita modu autonomoan egin ahal izateko. Erreserbak dagoeneko egin daitezke Fagus-Alkiza.eus webgunean.

2013an jarri zuten martxan, udaletxeko bigarren solairuan, Hernio-Gazume KBEko sarbide eta erakusleiho dena. 2020an Erretore etxea erosi zuen udalak, eta bertan garatzen ari diren proiektu turistikoaren barruan erabaki zuen Fagus-Alkiza interpretazio zentroa Ipar polo izenarekin ezaguna den espaziora lekualdatzea.

Iñaki Irazabalbeitia alkateak aipatu du Hernio-Gazume KBEko laurden bat Alkizako lurretan dagoela, eta udalerriko azaleraren ia erdia hartzen duela kontserbazio bereziko eremuak. Aberastasun hori erakusteko asmoz sortu zuten interpretazio zentroa duela 13 urte, herrian oinarri dituzten hiru ardatzak kontuan hartuta: natura, gizakia eta kultura.

«Gaurkoa ez da inaugurazioa, birjaiotza bat baizik. 150 metro karratu genituen udaletxean, eta orain bikoitza. Horrek erakusketa berritu eta zabaltzeko aukera ematen digu», esan du alkateak. Urmaela, Gizakiaren espazioa eta Sormenaren Kabia dira hiru gune berriak. Horrez gain, kontserbazio eremuko hegaztiak, intsektuak, saguzarrak eta basoetako zuhaitz lepatuak erakusteko espazioak ere baditu interpretazio zentroak.

Irazabalbeitiak eskerrak eman dizkie 2013an interpretazio zentroa bultzatzeko ahalegina egin zuten arduradun politiko eta teknikoei. Jon Umerez garai hartako alkatea aipatu du, baita Koldobika Jauregi ere, Fagus-Alkiza proiektua gauzatzen lagundu zuenetako bat.

Interpretazio zentroaren kudeaketan ere aurrerapausoak emango dituzte hemendik aurrera. Auto-bisitak antolatzeko aukera izango da 09:00etatik 19:00etara, webgunea erabilita: Fagus-Alkiza.eus. «Birmoldaketak ikusgarritasuna ematen dio museoari, eta jende gehiagorengana iristeko aukera eskaintzen du». Bisita gidatuak ere mantenduko dituzte.

Jasangarritasuna bultzatuz

Tolosaldea Garatzeneko kontseiluko kide Beatriz Unzuek zorionak eman dizkie alkizarrei gaurko inaugurazioagatik. Gogoratu du Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana azken txanpan sartuta dagoela: aurtengo ekainaren 30an bukatuko da. Hiru urte hauetan eskualdeko 19 udalerrirekin sinatu dituzte hitzarmenak eta 28 proiektu abiatu. Ia bi milioi euroko aurrekontutik % 65 exekutatu dute dagoeneko, eta 14 proiektu bukatu dituzte.

«Planaren helburua da Tolosaldea jasangarritasunaren sustatzaile aktibo izatea: natura eta biodibertsitatea zaintzea, herritarrei bertan lan egiteko aukerak sortzea eta bizi-kalitatean eragiten duten zerbitzuen dinamizatzaile izango diren proiektuak sustatzea», esan du Unzuek.

Ideia berean sakondu du Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, eta eskerrak eman dizkie herri txikietan zerbitzu publikoan aritzen direnei, paper gaineko proiektuak errealitate bihurtzeko egiten duten lanagatik. «Guretzat turismo eredu egokia da Fagus-Alkiza proiektuarena, herri txikien garapena ahalbidetzen duelako eta ondarearekiko eta kulturarekiko errespetua duten turistak erakartzen dituelako».

Natura eta teknologia uztartzeko egin duten apustua ere nabarmendu du Agirrezabalek. Izan ere, ingurumena zaintzeko ikuspegiaz gain, proiektu honetan irisgarritasuna hobetzeko ikuspegia ere landu dute: hainbat hizkuntzatan eskuragarri dagoen audio-gida bat sortu dute, ikusmen-urritasuna dutenek edukiak entzuteko aukera izan dezaten. Gainera, zentroaren kanpoaldeko seinaleztapena ere garatu dute, bisitariek erraz aurki dezaten.

Proiektu honen osagarri diren bestelako lanak ere hasi dituzte Alkizan: biodibertsitatea hobetzeko urmael berri bat, eta mendi-ibilbideen seinaleztapen eta irisgarritasun hobekuntzak, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren barruan. Plan hau Euskadiko helmuga turismo-jasangarritasuneko lurralde-planaren barruan dago, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparrukoa da; Europar Batasuneko Next Generation funtsen finantziazioa du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!