Barnetegiarekin lotutako bizipenak eta materialak bilduko dituzte

Ataria 2026ko otsailaren 25a

Barnetegiarekin lotutako bideo eta argazkiak dituztenei, edo bizipenen bat partekatu nahi dutenei, udalarekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Aurten betetzen dira 50 urte Alkizako baserrietan euskara ikasleak lehenengoz jaso zituztela.

Alkizako Udalak herriko barnetegiak egin duen ibilbidea jasoz, liburu bat eta ikus-entzunezko bat prestatuko ditu. Horretarako herritarren laguntza behar du, ordea, eta herritarrei barnetegiarekin lotutako argazkiak eta bideoak eskatu dizkie. Era beran, garai hartako oroitzapenak partekatzeko prest direnei elkarrizketak egiteko prest daude. Horretarako udaletxeko kideekin jarri beharko da harremanetan.

Aurten, 50 urte betetzen dira Alkizako hainbat baserritara lehenengo euskara ikasleak etorri zirela. Jende askok ikasi edo hobetu du euskara Alkizan, eta udalak uste du une aproposa dela hau atzera begiratu eta euskararen normalizazioan zedarri izan zen egitasmoaren historia egiteko. Memoria ez galtzeko ahalegina egingo dute Alkizan, protagonista izan ziren asko bizirik daudelako oraindik, eta horrek bidea ematen duelako informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko, «historia zuzen eta artez emateko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!