Alkizako Erretore etxea turismoari, kulturari eta herri zerbitzuei lotutako gune integral bihurtzeko ahaleginean dabil aspaldian Alkizako Udala. Orain, Eusko Jaurlaritzaren Erein 2025 programaren barruan diru laguntza jaso du Erretore etxea, etorkizunerako oinarria proiektuaren laugarren fasea egiteko.
Fase honetan eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak eta Fagus-Alkiza interpretazio zentroa eraikinaren gainaldean kokatzeko beharrezko egokitzapenak egin dituzte. Udala faseka ari da proiektu estrategiko hau garatzen.
Ikuspegi jasangarria
Erein programa Eusko Jaurlaritzak bultzatutako diru laguntza lerroa da, landa eremuak sustatu eta garatzeko helburua duena. Programa honen bitartez, besteak beste, udalerrietako azpiegiturak eta ekipamenduak hobetu, zerbitzuak sendotu eta landa inguruneko bizi kalitatea indartzen dute, beti ere, ikuspegi jasangarritik.
Alkizako Udalak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari proiekturako emandako 34.493 euroengatik.