Alkizako herritarren heren batek 30 urte baino gutxiago ditu. Gazte horiei herrian bizitzen geratzeko aukera emateko babes sozialeko etxebizitza tasatuak egin nahi ditu udalak eta hori bermatzeko lursail pribatuak erosiko ditu urteko lehen lauhilekoan. Akordioa itxita dago eta inbertsioari aurre egiteko 200.000 euroko kopurua jaso du udalak aurtengo aurrekontuan. Abenduaren 30ean onartu zuen Alkizako Udalak 2026ko aurrekontua, 1.052.000 eurokoa.
Iazkoaren aldean, dezente handiagoa da aurtengoa, izan ere, lursailen erosketa 350.000 euro inguruan egingo du udalak. Lau lursail dira: hilerri ondoko txaleten azpialdeko lursail luzea da bat; handik harago dagoen eta gaur egun sagastia den lursaila; eta egungo txaleten segidan dauden beste bi sail txikiago. Guztira ia hektarea bateko eremua da. «Lur jabeekin urtebetez aritu gara, prozesuak izan ditu bere gorabeherak, baina arrazoizko akordio batera iritsi gara azkenean», esan du Inaki Irazabalbeitia alkateak.
Udalak tamaina honetako inbertsioari aurre egiteko, gerakina baliatuko du eta horrekin batera mailegua eskatu. Hala ere, diru laguntzak ere espero ditu, eta, besteak beste, baliatu nahiko lituzke etxebizitza publikoak sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak emango dituen laguntzak; aldundiaren ekimenaren helburua da despopulazioa saihestea eta 3.000 biztanletik beherako herriak biziberritzea, eta, beraz, Alkizan bezala, etxebizitza publikoak eraikitzea Altzon, Abaltzisketan, Bidania-Goiatzen eta Gaztelun. Etxebizitzen sustapena Etorlur sozietate publikoaren bitartez egingo dute. Unea iristean, udal ordenantza bat onartuko dute eta bertan zehaztuko dituzte onuradun posibleek bete beharreko baldintzak.
2010eko hamarkada hasieran egin zituzten azkeneko etxebizitzak Alkizan eta udal ordezkariek sumatzen dute berriak egiteko beharra. «Dagoeneko 11 pertsona gerturatu zaizkigu etxebizitza erosteko interesa azalduz. Herrian gazte asko dago eta badakigu denak ez direla hemen geratuko baina geratu nahi duten horiei aukera bat eskaini nahi diegu».
Aurtengo urte amaieran onartuko duten Plan Orokorrean 26 etxebizitza babestu egiteko eremuak finkatu dituzte. Orain erosiko diren lursailetan egingo dira, baina faseka. Lehenengo, egungo txaleten segidako eremuan 8 etxebizitza egingo dituzte, launako bi bloketan banatuta. Ondoren etorriko dira fase gehiago: «Seina etxebizitzako beste bi bloke daude aurreikusita Plan Orokorrean, eta, beste sei adosatu egingo dira txaleten azpialdean geratzen den eremuan, baina hori hirugarren fase batean».
Plan Orokorra behin betiko onartu ondoren –aurten, aurrekontuan, 49.000 euro bideratu dituzte plana bukatzeko– , 2027an idatziko dute etxebizitza proiektua eta lehenengo 8 etxebizitzen lehen harria 2028. urte hasieran jarri nahi dute. Handik aurrera lanak azkar joatea espero du alkateak.
Inbertsio gehiago
Azken urteetan landa eremuko biztanleria apaldu izanak neurri batean lotura du behar beste etxebizitza berri ez sustatzearekin. Herri txikiek mota honetako inbertsioak egiteko izaten dituzten zailtasunetan egin du azpimarra Irazabalbeitiak. Alkizan, esate baterako, urteko aurrekontuaren zati handiena –% 60tik gorakoa– foru funtsetik jasotzen dute: «Aldundiak banaketa, nagusiki, biztanle kopuruaren arabera egiten du eta 1.000 biztanletik beherako herri guztiak ez gaude egoera berean. Industriarik gabeko udalerriok ez dugu enpresen jarduera ekonomikoagatik aparteko zergarik jasotzen eta gure sarrerak mugatuak dira. Finantziazio edo diru laguntzei begira, ordea, zaku berean sartzen gaituzte».
Mugak muga, 2026an herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzeko ahalegina egingo du udalak: ostatu pareko errepide zatia egokituko dute segurtasuna handitzeko –10.000 euro–; bestalde, ur saneamendua eta ur hornikuntza sistema birgaitzeko lanak egingo dituzte –20.000 euro–; eta amaitzeko, Erretore etxean beste hainbat esku-hartze egingo dituzte –19.000 euro–.
Besteak beste, plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte etxeko teilatuan autosufizientzia energetikoan urratsak emateko. Hain zuzen, hemendik gutxira zabalduko dute Fagus Alkiza interpretazio zentroa Erretore etxeko ganbaran, eta aurrera begira, esana du udalak, hango sotora leku aldatu nahi duela herriko ostatua. «Etorkizuneko proiektuak dira eta jasotako laguntzen arabera izango dira egingarri».
Erretore etxe horretan bertan 2017ra arte egon zen zabalik euskara barnetegia. Aurten betetzen dira 50 urte zabaldu zela eta Irazabalbeitiak iragarri du data hori gogoan hartuko dutela. Liburu bat argitaratuko omen dute eta irail bukaeran mende erdia oroitzeko ekitaldiak egingo dituzte: «Barnetegiak euskararen normalizazioari egin zion ekarpena ospatzeko asmoa dugu».