Behin-behineko onarpena eman diote Hirigintza Plan Orokorrari

Ataria 2025eko azaroaren 28a

Udalak akordioa lortu du herriko lau lur-jabe pribaturekin haien lurrak erosteko. Erabakiak lagunduko dio udalari etxebizitza beharrari erantzuteko egin beharreko proiektuak gauzatzen.

Alkizako plenoak aho batez babestu du Alkizaren etorkizun urbanistikoaren oinarriak ezarriko dituen dokumentu estrategikoa: Hirigintza Plan Orokorra. Herriaren garapen ordenatu eta jasangarria bermatzeko helburuarekin onartu dute.

Plan Orokorrean aurreikusitako etxebizitzak eraiki ahal izateko lur-eskuraketaren inguruko aurrerapausoak eman dituzte dagoeneko. Udalak lortu du akordio batera iristea herriko lau lur-jabe pribaturekin eta haien lurrak erosi dituzte. «Emandako urratsa oso garrantzitsua da etxebizitza beharrari erantzuteko egin beharreko proiektuak gauzatzeko bidean aurrera egiteko».

Alkizako Udalak bere konpromisoa berretsi du herriaren garapen orekatuarekin, biztanleen ongizatearekin eta etxebizitza aukeren sustapenarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!