Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 25

Alkizak bat egingo du Azaroaren 25eko aldarriarekin

Ataria 2025eko azaroaren 24a

'Bai bakarrik bai' erakusketa eta 'Kalean otso, etxean uso' ikuskizuna izango dira ikusgai Alkizan datozen egunotan.

Alkizako Udalak bat egin du Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira antolatu diren ekitaldiekin eta aurten Emakundek hiru foru aldundiekin eta Eudelekin batera bultzatu duen kanpaina hartu du ardatz gisa. Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada leloarekin gizarteari dei egin nahi zaio ez dezan «normalizatu» indarkeria matxista.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko inkestaren arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k noizbait pairatu dute indarkeria motaren bat bikote barruan edo kanpoan, bitik batek, alegia. Emakume gehienek ematen die lagunei, senideei eta ingurune hurbilari jasotako indarkeriaren berri, baina salaketak gero, ez dira kasuen % 15era iristen.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzetan horregatik da garrantzitsua gizartea aktibo eta kontzientziatuta egotea: «Emakumeek ahal duten moduan kontatzen ari dira, nahiz eta zaila izan; beraz, pilota gizartearen teilatuan dago batez ere, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu behar ditu, sentitu behar du ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala baizik».

Kanpainak erantzukizun soziala, komunitarioa eta instituzionala bilatzen ditu eta indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeak babestu, entzun, sinistu eta artatzeko helburua du.

Asmo horiekin bat egitearekin batera, Alkizako Udalak herritarrak animatu ditu Bai bakarrik bai erakusketa ikustera joateko eta baita Kalean otso, etxean uso ikuskizunaz gozatzera gerturatu daitezen ere. 

  • 'Bai bakarrik bai' erakusketa
      • Azaroak 24tik abenduaren 12ra, astelehenetik ostiralera 11:00etatik 13:00etara.
    • Erakusketa honek ikusleak gonbidatzen ditu indarkeria sexuala inguratzen duten estereotipoak eta aurreiritziak birpentsatzera, eta intersekzionalitatea bezalako alderdi garrantzitsuak jorratzen ditu, baimenaren esanahiaren inguruan hausnartuz. Halaber, sexualitateari buruz hedatu diren mito eta ideia askoren inguruan gogoeta egitera eta erakusketarekin elkar eragiteko gonbita egiten du

  • 'Kalean otso, etxean uso' ikuskizuna
      • Azaroak 27, osteguna, Alkizako frontoian 17:00etan.
    • Patata Tropikala Antzerki Laborategiak eskaintzen duen haur, gazte eta familia guztiari zuzendutako ikuskizuna da.  Ipuin ezagunak nahasten dituen proiektu dinamiko honetan, Hiru Txerritxoak desagertu egin dira eta herriak erruduntzat hartu du Otsoa. Bien bitartean, Fernandez eta Fernandez detektibeek ikerketa abiatzen dute. Lehen begiradan sinplea dirudien kontakizuna, ordea, bizikidetza, espektatiba sozialak eta irudimena lantzeko tresna bihurtzen da. Antzezlana 2 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendurik dagoenez, edonork parte har dezake familia giroan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!