Asteburua baliatuko dute sanmartinak ospatzeko

Ataria 2025eko azaroaren 4a

Ostiraletik igandera luzatuko dira San Martin festak Alkizan. Larunbat gauean, frontoian, herri afaria egingo dute.

Alkizan San Martin festak egingo dituzte asteburuan. Ostiralean hasiko da jaia guraso elkarteak antolatutako txokolatadarekin. Ondoren, Oilategitik: 25 urte, 25 azal erakusketa inauguratuko dute 18:00etan udaletxeko ganbaran. Jarraian, 18:30ean, Manu Urruzola eta Martin Lizardiren bertso eta musikarekin saioa egingo dute: Oilategitik: 25 urte bertsoz bertso.

Festen lehen eguna amaitzeko patata tortilla lehiaketa eta mus txapelketa egingo dituzte. Larunbatean onddoen mundua ezagutzeko bisita gidatua, historiaurrearen inguruko tailerra eta lau eta erdiko pilota txapelketaren finala jokatuko dira.

Larunbatean afari herrikoia egingo dute frontoian, 21:00etan, Euskal Parrillaren eskutik. Asteartea da izen emateko azkeneko eguna eta 688 604 466 telefono zenbakira hots egin edo whatsapp-a bidali beharko da. Helduek 25 euro eta haurrek 14 euro ordaindu beharko dituzte.

Alkizako Udalak igandera arte luzatuko diren festetara gonbidatu ditu herritarrak eta bisitariak. «Herriko giroa, kultura eta elkarbizitza partekatzeko aukera ederra izango da».

Egitaraua

  • Azaroak 7, ostirala
    • 17:00. Txokolatea, guraso elkarteak banatuta.
    • 18:00. 'Oilategitik: 25 urte, 25 azal' erakusketaren inaugurazioa, udaletxeko ganbaran.
    • 18:30. 'Oilategitik: 25 urte bertsoz bertso', bertso eta musika bidezko errepasoa, Manu Urruzola eta Martin Lizardiren eskutik, udaletxeko ganbaran.
    • 20:00. Patata tortilla lehiaketa, gure elkarteak antolatuta.
    • 22:30. Mus txapelketa, Alkizako ostatuan.
  • Azaroak 8, larunbata
    • 11:00. Haurrentzat tailerra: 'Nola bizi zen lehen gizakia', Jesus Tapiarekin, frontoian.
    • 18:00. Lau eta erdiko pilota finala, frontoian.
    • 21:00. Afari herrikoia.
  • Azaroak 9, igandea
    • 11:30. Toka txapelketa haurrentzat, plazan.
    • 17:00. Eskoba txapelketa, Alkizako Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!