Beste gauza askoren artean itzultzaile dabil Alkizan bizi den Xabier Artola Zubillaga (Donostia, 1957). 2020tik, atalez atal, euskarara ekartzen ari da Margarita Nafarroako erreginak idatzitako Heptamerona istorio bilduma. XVI. mendean idatzitakoa da eta, Oloroe (Frantzia) inguruko komentu batean, uholde handi bat dela-eta atera gabe egotera kondenatutako hamar noblek —bost gizonezkok eta bost emakumezkok— elkarri denbora-pasa kontatzen zizkioten istorioak biltzen ditu.
Egileak Boccacioren Decameron obraren antzeko zerbait egiteko asmoa zuela uste dute adituek, hamarna istorioz osatutako hamar eguneko kontakizuna egitea. Margarita Nafarroakoa ez zen proiektua bururatzera iritsi, ordea; zazpi egun osatu eta beste bi istorio utzi zituen idatzita. Ikerlari gehienek uste dute lana amaitu baino lehen hil zela erregina.
Pixkanaka ari da Artola Heptamerona itzultzen; urteko egun bat. Bosgarren eguneko hamar istorioak itzuli ditu eta, Nafarroako Ateneoak antolatuta, Altsasun egin zuten urriaren 6an atalaren irakurraldi publikoa. Orain arteko atal guztiak irakurgai daude Booktegi atari digitalean.
Norena da 'Heptamerona' itzultzeko ideia?
Pandemia hasieran, etxean itxita geundela, Fito Rodriguez lagunak deitu zidan esanez Heptamerona ez zegoela euskaraz eta ea itzuliko ote genuen. Nik aurreneko gauza esan niona izan zen bakean uzteko, gauza asko neuzkala egiteko. Egun batzuk hartu nituen, hala ere, pentsatzeko. Egia esan, titulua eta nork idatzia zen banekien, baina ezer gutxi gehiago. Margarita Nafarroako erreginaz irakurri eta pertsonaia ezagutzen hasi nintzenean kateatu egin ninduen, ikusi nuen pertsona interesgarria zela. Errenazimenduko emakume oso jantzia zen, Heptamerona du obra ezagunena baina bestelakoak ere idatzi zituen: poemak, antzerkiak, gutunak... Azkenean Fitori baiezkoa eman, eta itzulpenari ekin genion.
Lau eskutara?
Lehenengo eguneko istorioak bion artean itzuli genituen. Hurrengo lauak nik bakarrik egin ditut; hala ere, testua Itziar Diez de Ultzurrunek gainbegiratzen du beti, eta haren oharrak beti dira eskergarriak. Nabarmendu behar da proiektua auzolanean daramagula. Itzuli ahala, Booktegi-k argitaratzen dizkigu atalak eta Nafar Ateneoak, berriz, itzulitako egun horren irakurraldi publikoa antolatzen du urtean behin. Aurrenekoa Iruñean egin genuen, gero Amaiurren, Orbaizetan, Zangozan eta aurten Altsasun egin dugu. Beste bi egun eta bi istorio geratzen zaizkigu itzultzeko. Lana amaitzerakoan paperezko argitalpen bat atera nahi genuke, eta hasita gaude bide hori jorratzen.
Zer-nolako istorioak dira 'Heptamerona'-n jasotakoak?
Itxialdian dauden nobleek baldintza bat jartzen dute hasieran: istorioak egiazkoak izan behar dutela. Bakoitzak kontatzen du ezagutzen duena. Normalean izaten dira pertsonen arteko harremanak, gizon eta emakumeen artekoak, ezkontzatik kanpokoak... Komikoagoak dira batzuk eta beste batzuk tragikoagoak, denetarik dago. Fraideak
—kordelierrak edo frantziskotarrak— ipuin dezentetan askotan agertzen dira eta ez dira oso ondo geratzen, egia esan... Obra honetan nabarmena da idazlea emakumea dela, eta emakumearen ikuspuntutik kontatzen direla istorioak eta istorioen bukaerako eztabaidak —Simone de Beauvoir-ek berak aipatzen du Margarita bere Bigarren Sexua liburuan, eta protofeministatzat hartzen du—.
Frantsesetik itzultzen ari zara. Nolakoa da jatorrizko testua?
Testua moyen français edo frantses ertaina deitzen dioten horretan dago, XIV. mendetik XVII. mendera bitarteko epean erabiltzen zen frantses horretan. Batzuetan gaur egungo espainoletik gertuago dago, gaur egungo frantsesetik baino. Zaila iruditu zitzaidan testua hasieran baina ari naiz moldatzen. Kontsultarako, aldamenean, ingelesezko itzulpena eta espainolezko bi izaten ditut.
Lapurtera klasikoaren traza hartu diogu testuari.
Bai. Euskara batuan egin nahi genuen, horretan ez genuen zalantzarik, gaur egungo irakurleentzat itzuli nahi baikenuen obra. Aldi berean, garbi geneukan ezin genuela garai hartako obra bat, obra klasiko bat, egungo euskara estandar arruntean eman. Irakurleari adierazi nahi genion XVI. mendean gertatzen ari dela irakurtzen ari dena. Guretzako horretarako ereduak zeintzuk ziren? Bada lapurteraz idatzitako klasikoak. Iruzurtiaren sindrome pixka batekin, baina garai hartako hizkerara hurbiltze bat entseatzen ari naiz. Hasi ginenean ez nuen uste horrelako testu bat sortzeko gauza izango nintzenik.
«Garai hartako hizkerara hurbiltze bat entseatzen ari naiz. Hasi ginenean ez nuen uste horrelako testu bat sortzeko gauza izango nintzenik»
Zein korapilo topatu dituzu itzultze lanean?
Garai hartako tonu eta zaporea eman eta, aldi berean, diskurtso hori irits dakiola gaur egungo irakurleari. Horiek dira itzulpen honen korapilo nagusiak. Liburu honetako prosa nahikoa korapilatsua da: ez dira esaldi laburrak, menpeko perpaus asko dauzka... Hori guzti hori euskarazko prosan ematen saiatzen ari naiz, eta horretarako hiztegietako zoko-moko guztiak arakatzen ditut, bai frantsesezko hiztegiak, bai euskarazkoak; Orotarikoa eguneroko ogia da niretzat.
Aurretik, Marguerite Durasen 'Samina' itzuli zenuen 2014an. Haren aldean zertan da ezberdina 'Heptamerona'?
Oso diferentea da. Durasen prosa esaldi laburrez osatua da, oso-oso laburrez. Guztiz kontrakoa da Heptamerona; Margarita Nafarroakoaren prosa askoz ere ponposoagoa eta barrokoagoa da. Durasena gaur egungo frantsesa da gainera, eta bestea, berriz, duela bost mendekoa, nahiz eta erabiltzen ditugun argitalpen kanonikoak XIX. mendekoak diren; duela bi mendeko horiek ere gordetzen dute, hala ere, eskuizkribuetan aurkitutako frantses hura.
«Euskal irakurleak mesfidantzaz eta errezeloz begiratzen diola obra itzuliari. Ez dakit zergatik»
Literatura unibertsaleko obra nahikoa itzultzen al da euskarara?
Euskarazko itzulpengintza izugarri hobetu da azkeneko 20-25 urtetan, gaur egun produzitzen diren testuak askoz irakurgarriagoak dira. Arazoa zein da? Euskal irakurleak mesfidantzaz eta errezeloz begiratzen diola obra itzuliari. Ez dakit zergatik, zeren irakurle horrek berak hartzen du frantsesera edo espainolera itzulitako testu bat eta, inongo arazorik gabe, irakurtzen du pentsatu gabe zein hizkuntzatik datorren.
Zer itzuli beharko litzateke euskarara?
Klasikoak, adibidez. Itzuli behar dira literatur hizkuntzari egiten dioten ekarpenagatik, besterik ez bada. Eta kontsumo-literatura edo best-seller deitzen diren horiek ere itzuli behar dira, bestela jendeak beste hizkuntza batera joko duelako haiek irakurtzera. Euskaraz eta beste hizkuntzetan aldi berean argitaratzea garrantzitsua da. Nik uste dut literatur sistema batean itzulpena funtsezkoa dela. Gure hizkuntzan irakurri nahi ditugu beste kulturetako obrak.
Zuk baduzu beste lanen bat buruan gustura itzuliko zenukeena?
Ez. Itzultzea asko gustatzen zait, baina ez dut buruan beste ezer. Momentuz ari garen honetan jarrita daukat gogoa. Uste dut ekarpen txiki bat egin diezaiokegula euskarazko prosari. Lapurtera klasikoa ez du jende askok irakurtzen, baina agian Heptamerona irakurrita jendea anima daiteke, batek daki.
«Idazten segitzen dut, baina perfekzionistegia naizelako edo, argitaratzeko pauso hori ematea asko kostatzen zait»
Itzuli bakarrik ez, zure lan propioak sortu eta argitaratu izan dituzu. 'Argi-itzalen neurria' ipuin bilduma 2011n atera zenuen. Beste lanik baduzu tiraderan gordeta?
Idazten segitzen dut, baina perfekzionistegia naizelako edo, argitaratzeko pauso hori ematea asko kostatzen zait. Elkarretik eske etorri zitzaizkidalako atera nuen Argi-itzalen neurria. Banituen ipuin batzuk sariketaren bat irabazitakoak, eta esan zidaten zergatik ez ote nuen bilduma bat egiten, horrela animatu nintzen. Orain ere, dauzkadan gauzen artean arakatuko banu edukiko nuke beste zerbait egiteko adina, baina ez diet argitaratzeko batasun bat ikusten. Ez dakit.
Bloga erabiltzen duzu.
Bai. Blogoetak du izena eta 2016an sortu nuen. Urte hartan sei hileko baimena hartu nuen lanean eta Amerika zeharkatu nuen, Ternuatik eta Ushuaiaraino. Bidaia horretan idatzitako pasadizo eta gogoetak blogean argitaratu nituen eta, geroago, duela hiru urte Booktegi-k argitaratu zituen. Blogean idazten dudana oso heterogeneoa da. Oso noizbehinka idazten dut, ez dut diziplina zorrotzik horretan. Poema bat batzuetan, beste batzuetan argazkiak jartzen ditut, edo istorio labur bat, narrazio bat... Nik uste dut idazterakoan beti dagoela zerbait komunikatu nahia, pentsamendu edo sentimendu bat partekatu nahia.
Beste sare sozialik baduzu?
Ez dut beste sare sozialetan ezer egiten. Argazkiak Flicker-en zintzilikatzen ditut, baina hori ere modaz nahiko pasata dago. Instagram-en edo Facebook-en ez dut konturik.
Uste duzu teknologia berrietan euskara ondo posizionatuta dagoela?
Uste dut euskara ondo posizionatuta dagoela, baina oso azkar doa dena. Teknologia berrien lasterketa horretan sartuta gaude dagoeneko, baina ezin dugu atzean gelditu. Aurrera egin behar dugu.
Euskara ez al dago bada bidegurutze batean, ez aurrera eta ez atzera?
Beti esaten da erabileran gabiltzala herren, eta egia da, sumatzen da. Baina bestalde pentsatzen dut mende asko joan direla eta oraindik hemen gaudela. Segur asko, hizkuntza inoiz egon den egoera onenean dago. Baina bai, pilak jarri behar ditugu. Ez zait gazteen inguruan horrela hizketan ibiltzea gustatzen, baina batzuek dena eginda jaso dute, guk ez bezala. Orain gertatzen dena da askorentzat euskara soilik eskolako hizkuntza dela, handik atera eta ez dutela behar izaten. Ez dakit nola eman buelta egoera horri. Politikoki ere, eguna joan eta eguna etorri, errekurtso eta debekuekin datozkigu epaileak-eta azken boladan. Alde horretatik ere zerbait pentsatu beharko dugu.
Nondik datorkizu euskararekiko atxikimendua?
Euskara etxean jaso nuen: ama, Bedaiokoa, baserrikoa, Donostiara neskame joana 12-13 urte zituela; aita ere baserrikoa, Donostiako Ibaetakoa. Gu Antiguan jaio eta han bizi izan ginen. Etxean, gurasoekin, euskaraz hitz egiten zen. Baina eskolan eta kalean, erdaraz, ez zegoen besterik. Orduan, iritsi zen momentu bat, non, anaien artean ere hasiak ginen gaztelaniaz egiten… 14 edo 15 urterekin egoerari buelta eman eta hasten da, nire ustez, nire euskaldun kontzientzia, nire euskaltzaletasuna.
Euskararekiko atxikimendu hori kezkatik ere badatorkit. Euskararen etorkizuna ez dut oso erraza ikusten. Euskararen etorkizuna esaten dugu, baina ni gehiago kezkatzen nau euskaldunon etorkizunak, hizkuntza horretan bizi nahi dugun hiztunon etorkizunak. Guztiz digitala dator. Tresnak eta baliabideak behar ditu euskarak gaur egungo hizkuntza praktika, ehuneko portzentaje handi batean, tresna horien bidez gauzatzen delako.
Euskaltzain urgazle ere bazara.
Euskaltzain urgazle? Bai, izen bat baino ez da hori; aitortza bat, egia da, eta harro egoteko modukoa, ez dut ukatzen. Baina pena ematen dit Euskaltzaindian ez delako —euskaltzain urgazle horietako askok eta askok— egin lezakeen lana eta aportazioa; duela urte batzuk orain baino gehiago kolaboratu izan dut Akademiarekin zenbait lanetan, baina orain, inoiz baino denbora gehiago dudan honetan, ez dut deus egiten. Eta ez da prestasun faltagatik, beste zerbaitek huts egiten du hor.
Zure lehenengo lan esperientzia euskararen irakaskuntzan izan zenuen, hain zuzen..
Bai. Nik nahiz eta informatika estudiatu, euskarazko irakaskuntzan eman nituen urte batzuk, 1980tik 1985era. Informatika ez zitzaidan gehiegi interesatzen, garai hartan iruditzen baitzitzaigun banketxe eta enpresetan administrazio eta kudeaketa lanetara baino ez zela bideratzen. Beraz, euskararen mundu horretan murgildu nintzen: lehendabizi eskola batean ibili nintzen irakasle eta, gero, Eusko Jaurlaritzatik deitu ninduten euskarazko irakaskuntzarako materiala prestatzeko eta irakasleak prestatzeko —euskalduntzeko eta alfabetatzeko— talde batzuk sortu behar zituztela eta, han lanean hasteko. Gasteizen, Bilbon eta Donostian talde bana sortu zuten, eta Donostiakoan parte hartu nuen nik —Irale sortuko zen gero talde horietatik—. Niretzat aukera ona izan zen. Urte horietan asko ikasi nuen. Inguruan talde ona tokatu zitzaidan eta asko balio izan zidan euskaran sakontzeko.
Informatika fakultatera itzultzea erabaki zenuen hala ere. Zergatik?
Urte horietan ez nuen fakultatearekin harremana erabat eten, doktoretza ikastaroak egiten jardun nuen, eta orduan ikusi nuen hizkuntza eta informatika uztartzeko moduren bat egon zitekeela. Horregatik eman nuen pausoa berriz ere unibertsitatera itzultzeko eta irakasle hasteko. Beti programazioa irakatsi dut, asko gustatzen zait, azken batean, programazioa hizkuntza ere bai baita. Gainera, garai horretan, bospasei irakasle elkartu ginen, hizkuntzaren tratamendu automatikoan interesa genuenak. Elkarrekin topo egiteko suerte handia izan genuen. Geure tesiak bide horretan egiten hasi eta ikerkuntzaren arloan murgildu ginen. Hor sortu zen Ixa taldea, duela ia 40 urte.
«Berehala konturatu ginen aplikazioak egiten hastea ez zela bidea. Aplikazioa baino lehenago oinarriak ezarri behar ziren, tresnak sortu»
Esanguratsuak izan ziren egin zenituzten lanak.
Berehala konturatu ginen aplikazioak egiten hastea ez zela bidea. Aplikazioa baino lehenago oinarriak ezarri behar ziren, tresnak sortu. Euskararen kasuan analisi morfologikoa behar-beharrezkoa zela ikusi genuen eta horretan hasi ginen, oinarrizko ikerketan. Geroago etorri dira aplikazioak, horietan lehenengoa zuzentzaile ortografikoa. Beste arlo askotan ere ibili izan gara, adibidez, hiztegigintzan, alegia, lexikografia konputazionalean; informazioaren bilaketan eta berreskuratzean; itzulpen automatikoan. Oraingo itzultzaile neuronal horiek urte askotako ikerketa dute atzetik, ez dira egun batetik bestera sortu.
Erretiroa hartu zenuen maiatzean. Mantentzen duzu harremana unibertsitatearekin?
Organikorik ez. Ez diot nostalgiaz begiratzen. Unibertsitatea, niretzat, ikastea da, eta ikasitakoa konpartitzea. Nire bizitza osoa ikasten eman dut, eta ikasteko grina hori ez da agortzen, jakin-minak hor jarraitzen du, eta oraindik ere ikasten jarraitzen dut; beste modu batean, baina ikasten, ordutegirik gabe eta eguneroko eskolarik eta artikulu zientifikoak argitaratzearen presiorik gabe, txostenik idatzi beharrik gabe, azterketak zuzendu gabe… era lasaiago batean. Hortik erreparatzen diot unibertsitateari orain, perspektiba horretatik, eta eman didan onenarekin gelditzen naiz: pertsonekin, proiektuekin eta gizarte hobe baten eraikuntzaren alde egiteko duen gaitasunarekin.
«Unibertsitateak eman didan onenarekin gelditzen naiz: pertsonekin, proiektuekin eta gizarte hobe baten eraikuntzaren alde egiteko duen gaitasunarekin»
Berez, duela hiru urte jubilatu nintzen, baina aurtengo maiatzera arte lankide akademiko gisa jarraitu dut. Urteotan, batez ere, Ixa taldean aspalditik zetorren lankidetza bati jarraipena eman diot: Kubako hizkuntzalaritza zentro batekin duela ia 25 urte dugu harremana eta, haiekin, nagusiki, eskola hiztegien arloan aritu izan gara. Lankide akademikoaren figura mugatua izaten da, hiru urtekoa, eta hori ere bukatu zaidanez, orain Kubako proiektuari jarraipena etxetik egiten diot.
Aitortza ere egin zizuten Kuban.
Bai. Duela bi urte Carlos Juan Finlay ordena eman zidaten. Kubako Zientzia, Teknologia eta Ingurumen ministerioak ematen du saria, bertako eta atzerriko zientzialariei aitortza egiteko. Pozik jaso nuen. Harreman estua dut hango lankideekin, ia egunero hitz egiten dut haiekin. Han geroz eta kondizio txarragoetan daude: argirik gabe egoten dira askotan, sarerik gabe, jatekoak bilatzeko zailtasunekin... Egoera ez da batere ona.
Kubara bezala, munduko beste hainbat txoko ere ezagutzen dituzu. Nora bidaiatuko zenuke gustura?
Falta, leku asko falta zaizkit, baina, bat esateko, Afrika falta zait, oso gutxi ezagutzen dut hain gertu dugun kontinente hori. Amerikan dezente ibili naiz, Europan ere bai, eta Asian ere pixka bat. Baina, tira, askoz gehiago da ezagutzen ez dudana ezagutzen dudana baino. Geure kontura ibiltzen gara, ez gara normalean bidaia antolatuetara joaten. Furgonetan ibili izan gara, kanpinetan, bizikletan...
Beti argazki kamera hartuta.
Bai. Azken finean, argazkigintza ere hizkuntza da, modu bat komunikatzeko eta partekatzeko. Nerabea nintzenetik egin izan ditut argazkiak, bidaietan batik bat, baina ez soilik bidaietan: mendian, manifestazioetan, era askotako ekitaldietan... Eta erakusketa batzuk ere egin ditut.
Zer-nolako argazkiak ateratzen dituzu?
Ni nahikoa eklektikoa naiz horretan. Denetarik egiten dut: paisaia, kaleko argazkia, xehetasunak, loreak, enborrak, harriak... Kontua da irudi bat lortzea eta gero irudi horrekin zerbait egitea. Argazki erakusketak egin izan ditut, baina orain ez daukat erakusketa proiekturik. Horregatik, nire bidaietako argazkiekin liburu batzuk egiteko asmoa dut, niretzako, inongo pretentsiorik gabe. Ikusten dut digitalera pasa ginenetik ez ditugula ia argazkiak inprimatzen. Ordenagailuko karpetan utzi eta hor gelditzen dira, inork ikusi gabe. Nik argazkia inprimatuta ikusteari geroz eta balio handiagoa ematen diot.
Zer behar du argazkilari on batek?
Begia. Nire ustez, begia hezi egiten da argazki asko ikusiz. Ni ez naiz aspertzen argazki liburuak begiratzen. Gaur egun, ordea, irudien halako saturazioa daukagu, ez diogula argazkiari baliorik ematen. Baina, tira, hori da dagoena.
Bere garaian 'Dantza' filmaren grabazioan egindako argazkiekin erakusketa osatu zenuen. Film hartan parte hartze zuzena izan zuen Koldobika Jauregik. Haren hutsunea nabari al da herrian?
Bai, izugarri. Koldobikak erakutsi zigun herri txikietan ere badugula kulturarako eskubidea. Eginahal horretan ibili zen buru-belarri bizi izan zen artean. Sormenaren Kabia, Fagus-Alkiza, Ur mara... gauza asko daude herrian bera gabe egongo ez liratekeenak. Horri guztiari jarraipena ematea da orain gure erronka.
Zergatik aukeratu zenuen Alkiza bizitzeko?
Kasualitatea izan zen. Pisu txiki batean bizi ginen laguna eta biok, Donostian, eta beste zerbaiten bila hasi ginen, naturatik gertuago edo. Iragarki bat ikusi, etorri ginen, etxea salgai zegoen eta erosi egin genuen. Hemen gaude. Herri txiki euskaldun batean bizitzeko aukera ere polita iruditzen zait. Gainera, herriko zenbait dinamikatan ere parte hartzen dut eta horrek betetzen nau. Oilategitik aldizkarian, esate baterako, hasieratik parte hartzen dut; 25 ale kaleratu ditugu dagoeneko. Fagus-Alkizan eta Ur maran argazkiekin ere egiten ditut kolaborazioak. Orain Alkiza ez nuke beste edonongo bizileku batengatik aldatuko.
Erretiroa hartuta zein bizimodu daramazu orain?
Orain, jubilaturik, askatasun berri batez gozatzen ari naiz: jarraitzen dut idazten, itzultzen, argazkiak egiten… Eta ikasten, beti ikasten: jakin-mina, nire bizitzaren iparrorratza izan dena, ez baita sekula erretiratzen.

