ELKARRIZKETA

«Eremu hauek ekosistema liluragarriak osatzen dituzte»

Ataria 2025eko urriaren 9a

Biodibertsitatea eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte urriaren 25ean eta 26an Alkizan egingo dituzten dibulgazio jardunaldietan. Igandera arte eman daiteke izena 'Fagus-alkiza.eus' webgunean. Uraren inguruko hitzaldia emango du jardunaldian Inma Mugerza hidrogeologoak.

Urriaren 25ean dibulgazio jardunaldien barruan Uraren taupadak- Garen (h)ura hitzaldia emango du Inma Mugerza hidrogeologo eta dibulgatzaileak. EHUko Geologia saileko ikertzailea da eta Lurpea Garbi taldeko kidea.

Hidrogeologikoki zein ezaugarri ditu Hernio-Gazumek?

Hernio eta Gazume topografikoki bata bestearen ondoan badaude ere, bi eremu hidrogeologiko ezberdin osatzen dute. Biak akuifero karstikoak dira, baina Gazume mendian sartzen diren euri-urak iparralderantz doaz Granadaerrekatik (130 l/s), eta hegoalderantz, Errezilen dauden iturri batzuetatik atera arte. Hernion sartzen diren euri-ur gehienak Alkizarantz doaz eta lau iturburu ezberdinetatik irtetzen dira, emari handiena dutenak Mandabe eta Belakuazpi izanik (bion artean 200 l/s isurtzen dituzte).

Fagus-Alkiza interpretazio zentro berriko maketan zer nola jaso duzue hori guztia?

Hasiera batean ez zegoen aurreikusita lurrazpiko uren inguruko ezer azaltzea, baina maketa berritzen ari zirela ikusita, urari bere lekua egiteko momentu aproposa zela otu zitzaigun. Maketan bertako iturburuak eta errotak kokatzeaz gain, eskema bat erantsi diogu, zeinetan akuifero karstiko bat zer den eta nola funtzionatzen duen azaltzen den.

Zein egoeran daude Alkiza inguruko lurpeko urak?

Lurpeko uren egoera jakiteko iturburuen analisi kimikoak egin geharko lirateke. Nik dakidanez, Alkizan dauden iturburu guztietatik Mandabe da edateko ur gisa erabiltzen den iturburu nagusia eta kalitate aldetik egoera onean dago.

Zaurgarritasun handiko eremua da?

Bai, noski, akuifero karstikoa baita. Akuifero mota hauetan, arroka zeharkatzen duen uraren zati bat hodi (leize, koba…) handietatik isurtzen da. Hortaz, kutsatuta sartuko balitz, akuiferoa osatzen duen kareharriak ezin izango luke kutsadura iragazi. Baina uraz gain, eremu hauek ekosistema liluragarriak osatzen dituzte espezie bizidun oso bereziekin, batzuk endemikoak izanik.

Zer dago gure esku eremu hau zaintzeko?

Kontuan izan behar da eremu karstikoak oso iragazkorrak direla, beraz gainazalean dagoen edozer, lurrazpirantz (akuiferora) sartu daiteke euri-urak bultzatuta, lurrazpiko uretaraino. Beraz, beharrezkoa da lur-azala babesteko: leize eta kobak errespetatu eta garbi mantentzea; ongarri, pestizida eta hondakin-urak modu arduratsuan kudeatzea; araudi berezi baten bidez purinen isurketak ingurune karstikoetan arautzea; eta ingurune karstikoei buruzko hezkuntza ahalbidetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!